Burua irakiten nuen, Salamancatik etxerako bidean nentorrela. Izan ere, amak skribatu zidan hondar gutunaren arabera, banekien ezen, amaren eta osaba Joanikoten arteko auziaz denaz bezainbatean, gauzak guztiz ari zirela gaizten eta gaixtotzen. Eta ni zatiturik nengoen. Izan ere, zure kontseiluek, jaun André, osaba Joanikoten alderat ninderamaten, eta halatan nuen neure nahirik nahitsuena eta gutiziarik gutiziatsuena haren oinetarat makurtzea eta han barkamenduaren galdez joaitea Urbiainerat itzuli bezain sarri, neure traizioneagatik eta haren kontrako bidegabekeriagatik. Baina, bertzetik, maite nuen artean ama, eta, maite nuelako, apez izaiteko asmo harekin segitzen nuen... Eta ezin ahantzi nuen, bertzalde, zure iritzia, jaun André, noiz eta erran baitzenidan ezen apez izaitea munduko gauzarik ederrena izan zitekeela, baina maitasuna eta eskuzabaltasuna ardatz harturik... Eta, hargatik, ez nuen aita Bartolome bezalako apeza izan nahi, hori ere ezin garbiago nuen, baina apez berezi bat. Zeren eta, arestian erran bezala, Tomas Mororen Utopia irakurri ondoren eta Miguel de Sandovalen komentarioak entzun ondoren, amesten bainuen ezen, jauregiaren itzalaz baliaturik, justizian eta karitatean zimendatu lurralde zerutiar bat eraiki ahal izanen genuela noizbait Urbiainen, non guztiok anai-arrebak eta Jainkoaren seme-alabak senti baikintezkeen, Plautoren edo Hobbesen Homo homini lupus-etik urrun. Haatik, asmo haren bulkatzeko eta aitzina egiteko, ama eneganat erakartzea nuen conditio sine qua non-a... baina nola erakarriko nuen ama eneganat, baldin aita Bartolomeren ideien eraginpean bizi bazen?
Berehala ohartu ahal izan nintzen, ordea, ezen ene ideiak eta ene asmoak gauza bat zirela, eta bertze bat begien aitzinean nuena, eta nekez inkarna zitezkeela ene ideia haiek Urbiaingo orduko bizimoldean eta jende haien baitan...
Zeren, hasteko, Urbiaingo lurretan sartzear ginela, bele eta sai haiek ikusi ahal izan baikenituen zalgurdia zeraman gurdizainak eta biok, arkume baten bazkan ari zirela han bide ertzean. Haiek ikusi bezain fite, nola baitzen superstizios samarra, hiru aldiz zeinatu zen gurdizaina, erreus eta urduri. Handik gutirat, berriz, bertze ardi bat ikusi genuen. Eta gurdizainak, bertze hiru aitaren eginik, erran zidan:
Kezkaturik nago, jauna, hauek guztiak ikusirik... eta, airearen usnatzeko-edo sudurrez hiru hatsaldi luze egiten zituela, erran zuen: Sepulturetako kiratsa aditzen dut bazter guztietan.
Eta, Urbiaingo herriaren atarian geundela, bertze ardi bat ikusi eta zaldiak geldiarazi zituen. Eta, iduriturik ezen hirugarren hura fin gaitz egiteko seinale gertua zela, erran zidan:
Heriotzarekin hiru aldiz egin dugu inkontru, eta ez nuke aitzina egin nahi... Eta hortxe duzu Urbiain...
Baina, Salamancako egonaldiaren ondoren, nehoiz baino konbentzituago nengoen ezen sineskeriaren eta superstizionearen aurka borrokatu behar nuela eta, hala, erran nion:
Gaizki ari zara, jaun gurdizaina. Izan ere, Heriotzarekin bizitzan behin bakarrik egiten dugu inkontru, eta orduan berdin da aitzina edo gibela... Baina zu ene aitona izan zintezkeen eta jakin beharko zenuke hori...
Ene hitzek ezustean harrapatu zuten agurea, zeinak, amore emanik, erran baitzuen:
Ongi da.
Eta, Urbiainerat ninderamala, amaganat joan aitzin, manatu nion ezen osabaren dorretxearen parean gera zedila.
Atean jo nuen, jalgi zen morroi bat, erran nion osaba ikusi nahi nuela, itzuli zen morroia handik gutirat, eta erran zidan:
Aitzina, jauna! eta haren gibeletik sartu nintzen dorretxerat.
Bere langelan ediren nuen osaba Joanikot, txakurra aldamenean etzanik, luma eskuan.
Barkatu, osaba erran nion, ikusi orduko belaunikatzen nintzaiola.
Osaba aulkitik altxatu, eta txakurra, mastin zuri handi bat bihurturik orduko, marmarka hasi zitzaidan. Eta osabak, txakurrari beha, erran zuen:
Hago isilik, Luthero!
Eta, eneganat zetorrela, erantsi zuen:
Altxa hortik, Joanes eta, zutitu nintzelarik, besarkatu egin ninduen.
Behatu nionean, malko bat ikusi nion osaba Joanikoti, masailetan behera linburi.