Gelako leihotik gortina artean kalera begira zegoelarik, ezkutatu gura ageri batean ari zen Mentxu. Kristalaren atzeko aldean eskegitako oihalei, trinkotu asmo alferrikako batez, tira egin zien ikusi zuenean zelan, zilindrada handiko motozikleta batean ailegatutako gabardina eta kapeladun gizon batek, ihes-tutuaren sorburua amatatu eta motorraren astuna orpoz ateratako euskarrian alboratuz, farola baten magaletik inguruko etxe-aurrealde guztien goiko parteak leihoz leiho ikuskatzen zituen. Binan jaitsi zuen behe solairu bitarteko eskailera eta tupustean zabaldu zuen kalerako atea, laguna metro eskas batzuetara egongo zelako segurantzan.
Deabru Fonseca! Segi aurrera, hi eta hire itzal gaiztoak ongi etorriak zarete!
Zimurtu egin zaizkin edertasunak, neska! Putetara joaten segitu beharko dinat, bistan da!
Bajuxeagotik berba egiteko oharra egin zion aurpegiaz, eta etsipen imintzioa egin zuen gizonak, Mentxu bera izan baitzen aldarri egin zuen lehenena. Besarkada luze baten estakurua hautsiz Fonsecak bost metro goragoko letrerorantz egin zuen atzamarrez, eta belarrira esan:
Zer, Portabella ugazabak ez din algararik egiten uzten?
Beste gizon askorekin alderatuta inguratu erraza zen bizkarraldea estuagotu zuen Mentxuk besoez, bestearen bizkarrezurrean esku biak elkar lotuz. Eskolakume nerabe baten portaera ote zen kezka izan bar, eskutik heldu zion Fonsecari eta eskaileran gora eroan zuen, beti ere metro baten abantailaz emakumea. Igoeraren erdialdera, Bordeleko merkatariarekin gurutzatu zelarik, gizonaren eskua jausten utzi zuen instintiboki. Minutuaren buruan zeuden biak Mentxuren gela barruan. Gortinak zabalduta neoizko idazpuru amatatua seinalatu zion.
Portabella Antoniaren abizena duk, astapotroa. Eta Santosen emaztea ez duk nire ugazaba. Lagunak gaituk.
Ulertzen dinat. Esan gura dun heu haizela haren ugazaba. Ez zakinat kontrakoaren posibilitatea zelan otu zaidan ere.
«Alua!» murmurikatu zuen Mentxuk nahiz eta aspaldiko lagunaren alukeriak zoragarriak zitzaizkion.
Zigarro bat egitea gura duk?
Ez dinat erretzen.
Burbon edo gin?
Ez dinat edaten.
Ez esan! Abstemioen Ligakoa izateagatik eroan hinduten komisaldegira?
Neu ez nindunan barruan, sentitzen dinat hirugarrenez hi defraudatzea, bisita bat egitera joan nindunan...
Segitzen duk lanean, beraz, zerbait edukiko duk esku artean.
Memento honetan gauza handirik ez, hi haut esku artean gerritik heldu zuen Mentxu.
Barka egik elkartasun falta, baina nik gustura edango diat zer edo zer.