Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ZORTZIKO HAUTSIAK

Luis Mari Mujika

Barrengo ibarrean

 

 

Hilargi ihar-karetsuan

lizarrek dolore,

pagadi nagi-horiak

samin, atsekabe,

hiru idi baldar soroan

noraezaz (ene!)

arrasti zahar-irauliak

pena du gaur triste

(pena mingotsa hain luzea,

aih, ez balitzake!),

idi nagi-nekatuok

zatozte, zatozte!,

zuen begitan bilduta

arrats bat fingabe,

soroen luzamendua

beti ohi da luze,

nire asperdura gaitzak

gaur ez ertz, ez epe

(lehengo sufre ta kristal latzak,

zer? lotan al daude...?),

non dira hatsak, non ekaitzak,

non grinen artalde,

non espermen erauntsia,

non ikatz hainbeste,

lehen «izaten», «etsitzen» ez

nekien. «Bizitzen»,

«ekiten», «zartatzen», «hausten»

ikasia nintzen,

orain zezenak t'ezkaitzak

isil, makur daude,

orain grinaren piloak

ez du indar-ekite,

orain atzaparrek ez oihu

(aih, ez-eta adore!),

barrengo bolkan zahar hura

gaur zaida ibar ume,

ibar hau zapaltzen dabiltz

mila harri ta basurde,

desadore eta izutik

gehiegirik hemen,

hilargi ihar-karetsuan

lizarrek dolore...

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki