Sarrera
Gaur egun, Euskal Herria, bera hizkuntza industri eta urbano giro batera egokitzeko, lan tekniko izugarri bat egiten ari da. Lan horretan, ez da ari, ordea, herri osoa, hizkuntzalari, pentsalari, irakasle, ikastola, Euskaltzaindia eta beste zenbait erakundeek osatutako eliteak baino.
Prestaera-lan hori positiboa gertatzen da gure herriaren autogobernua lortzeko bezperan. Benetako bilinguismo baten errebindikazioek, aurretik, hizkuntza gaurko teknik beharretara eta normalizapenera egokitua egotea eskatzen dute. 1965-76-eko hamarrurtealdia historikoa gerta daiteke euskararen egokitasun funtzional horretarako.
Halabainan, ez da aski normalizapen eta standartizazio hori gure hizkuntzak kultur-mailan goi-balioa eta prestigioa eskuratzeko. Behar beharrezkoa da, gainera, lanak ugari sortzea, kantitatez eta kalitatez. Sorketa derrigorrezkoa izango da euskara goibiziarazteko. Azken bost urte hauetan euskal bibliografía saioetara makurtua ikusten dugu, ikastolen, akademien eta mintegien behar didaktikoera erantzun bat eman nahiaz. Konkretuki, bai poesia ta bai nobela, azkenaldi honetan urritua narbaritzen da gure produziogintzan. Saiakeraren sukarrera pasa gara; badakigu hori garrantzi handikoa izan dela gure hizkuntzaren standart hutsunea betetzeko. Baina, dagoneko, bada kreazio edo sorketa motatako liburuetara pasatzeko ordua. Katalunian, adibidez, 1976-ean poesigintzan 30 bat liburu argitaratu ziren; hemen, Euskal Herrian, aldi berean, 5 bat bakarrik izan ziren. Berdin gertatzen da nobelarekin.
Dudarik gabe, kreazio liburuak kritika liburu batek baino intzidentzi nagusiagoa du herri baten literaturan. Huts honen arrazoina gure argitaletxetan dago; itxuraz, tarte guti damaiote sorketa-literaturari.
Uste dugu literaturarik gabeko herria, normalean behintzat, historikoki ez dela herri larria; beste herrien ideologi sorketen morroin bihurtzeko arriskuan dago. Historia duen herri orok, gehienetan, literatura landua dauka. Gure herriari idazjoerarik ez izatea garesti atera zaio; maiz bere irudia eta arima besteen partzialkeriaz interpretatua izan dira. Gure ustez, XX mendean euskaldunak gehiago hitz egin (idatzi) behar du; gure hitza areago entzun behar du; halabaina, hitz hori euskalduna (eta ez baskongadoa) izan dadin, nahitanahiezkoa da bere expresakera nazionala izatea, hau da, euskara aintzakotzat hartzea.
Azkeneko 12 urtetako produzioa ikusirik, ba-da ordua zientzia eta monografi-kritika nolabait euskal literatura gaztean fijatzeko. Arlo batzuek (poesiak batez ere) bere kalitate eta joera desberdinengatik alde ugariak presentazen dituzte azterketa kritiko baterentzako. Gainera, gaur gure literatura nazionala kantitatez inoiz baino ugari ta nabarragoa da. Beraz, egun, bi urtetako liburugintza XVI, XVII, XVIII, XIX-ngo, mendeekako bibliografia guztia baino handiagoa da. Nahiz-eta hori gezurra iruditu, halaxen da. Hori dela-ta, tradizioaren ikuspegia baztertu gabe, kritikak gaurko produzioa kontutan gehiago behar luke.
Liburu honetan Luis Mari Mujikak bere nortasun sortzailearen proba berri bat damaigu. Bere poemagintzan liburu hau boskarrena da; dakigunez, baditu ere soziologi eta hizkuntza arloko beste lanak eginak. Hemen egilearen etengabeko ahalegina nahiko nabarmena da.
Halabaina, bere mundu estetikoan (1965 ezkeroztik) halako isilune misterios bat nabaritzen da. (8 urtetako isilaldi hori gure herriak sufritu duen borrokarekin konformatzen da, nolabait).
Luis Mari Mujikak lehenengo hasimahasiak inpresionismoan egin zituen, Juan Ramon Jimenez-en preziosismotik hurbil; 1964 aldera ez-regularra den sinbolismo batera pasatzen da (beraz, 1963 eta 1965koak dira «Bide-giroak» eta «Urdin eta burni» izeneko bi liburuak). Azkeneko liburuan, hau da «Hitzak ebakitzean» (1976-ko Espainiako kritika saria Barcelonan) bere poemagintzan birplanteamendu estetiko berri bat nabari da, beste bide bizkor eta originalagoak jarraituaz.
Dirudienez, 1974 ezkeroztik gaur arte, egilea gogor ari da poesigintzan (eta oraindik argitaragabe dago bere produzio parte bat). Bere bide berriak plastizitate handia dager; Nerudaren surrealismo urratsak paralorquiasmoaren hatsez umotzen ditu Mujikak, «Zortziko hautsiak» izeneko liburuan ongi asaltzen den bezala. Egileak protesta edo poesi soziala jarrraitzeko era bereziak sortzen ditu. Juan Mari Lekuonak ongi dion bezala, Luis Mari Mujikak gizarte-expresio berri bat aurkitu du, batez ere, poesia historikoa egitean; gure poetak ohizko prosaismo merketik alde egin nahi du poesia soziala sortzean. Bere poesia historikoak Euskal Herriak 1968-1975 urtealdian jasan duen tragedia azaltzen du. Gabriel Arestiren poesia sozialaren motibazioek hemen beste zeharkako irtenbide bat daukate. Mujikak Mikel Lasa, I. Sarasola, Joxe Azurmendi etabarren isilunean gainduaz, egoerari aurpegia ematen dio, sozial gaiak estetika sinbolista-paralorquianoz nolabait eratuaz.
Luis Mari Mujika ene lagunaren poemagintzan euskal aberriaren alde bizia eman duten abertzale gazte askoek (Etxebarrietak, Txikik, Mendizabal-ek, Zabalak, Gardokik, eta abarrek) beren abotsa aurkitzen dute. Gainera, bere poesia ohizko euskal poesia sozialaren prosaismoaren eta panfletismoaren kontrako erreakzioa da. Beraz, protesta drama eta estetik plastizitatez jantzita eman daiteke. Ustez, Mujikak, liburu honetan, surrealismoak eta sinbolismoak eder-munduan ematen dituen baliakizunak ongi aprobetxatzen ditu. Egileak, hainbat ederdura dakarten literatur baliakizunak, hau da: bisemiak, sinestesiak, transposizioak, metafora-plastizitateak, etabar, praktikan ongi jartzen ditu.
Liburu hau tematika hirukoitz batez osatua dago. L-ngo. tematika existentziala, 2-gn. tematika tragikosoziala, 3-gn. gai banalen tematika. Egilearen estetik plastizitatea, batzutan, bizkorra eta zakarra gertatzen da. Euskara, liburu honetan, originalitate ausarten expresio-munduan aurkitzen da. Mujika ausarta da neurri eta puntuari dagokion tekniketan. Hemengo neurtitz asko egilearen orginala da, eta euskaran lehenengo aldiz du sarrera.
Mujikaren poesizko beste balio-aitormena bere estrofa neurtuarekiko joera (edo erreakzioa) da. Egilearen disziplinazko bide berri hau txalogarria da, azken urteotako euskal poesia, zoritxarrez eta multzoki, bide hoietatik aparte samar dabilelako errazkerietan. Munduan guti dira (bere izatez) hitz neurtuari lotutako euskara bezalako hizkuntzak. Hemen, batzutan, metafora mundua (errealista eta onirikoa) bertsolarien umildadez hornitua azaltzen da. Dudarik gabe puntua menderatzean poemak ederdura bat irabazten du. Lizardi baten poesi-dentsitateak badu zerikusia hitz neurtuaren sekretuekin. Irakurlea, bestalde, erraz ohartuko da Mujikak bertso luze eta puntu monotonoegietatik ihes egiten duela. 8 silabaz goiko poemak urriak dira berarengan; gehienak zortziko tipiak eta, gaztelaniarekin zerikusia duten, erromantzeak dira.
Estetik arloan poetak literatur baliakizunen ezagumen nabarmena du: Liburuko zati batzutan lorquismoa eta hernandianismoa trebeki eta jatorki gainaldatzen dira.
Poesia, funtsean, sustituzio bat baldin bada (balan dio Bousoño-k), definizio hori agirian dago poema hauen luzezabalean. Gure azken poesia soziala prosaismoz eta sustituzio-faltaz azaltzen den bitartean Mujikarengan historia eta sozial motibazio berberak estetik sugestioz «lagundurik» aurkitzen dira. Bere poesi prozeduran teknik arloan egindako toki, aldi eta egoerazko desplazamenduak aberaskarri gertatzen dira. Mujikak, dirudienez, ondo aztertu ditu, adibidez, Garcia Lorca-ren sinestesi teknikak eta A. Machado-ren bisemi baliakizunak. Poema hauetan plano onirikoetara, ebokazio-sintagmatara, bisemi sinkronikoetara eta arrazoingabeko esaldi emotiboetara pasatzeko joera nabarmena da. Mujikanengan surrealismoaren harmak herriaren borroka-egoeratik datozten baliakizunekin berrindarturik azaltzen dira. Esaldi bakoitzean metaforatan (A egoeratik B egoerara, edo-ta B egoeratik A-rako egoerara) ihesketaz topatzen gara. Oraindik ere, bere originalitatea ulergaitzagoa gertatzen da A eta B-ko sustituzio tekniketan, (metafora hutsean) ibiltzen denean.
Liburu hau konprenitzeko bide egokiena poema bakoitza teknik eta semantik sarreraz hornitzea dela uste izan dugu. Horregatik, hemen, poemak alde desberdinetatik aztertuak izango dira; honela, irakurlea egilearen eta nere lagunaren teknikaz eta idatziaren prozedura semantikoaz hobekigo ohartuko da.
Bestalde, liburu honetako konposizio landuena «Kantu altua» izeneko elegi kantua da; elegia horretan expresakerak klimax batera igotzen dira, orkesta izugarri eta tragiko bat bailitzan.
Pasa gaitezen, bada, poema bakoitzaren azterketa tematikora.
I. GALDEZKA...
Liburuak konstante desberdinak dauzka, eta denak funtsezko motibazioez elkarlotzen dira. Lehenengo partean existentzi tematika nagusia da. Poemek ezina, geroa, bizi-arrazoina, mingostasuna, itxaropen gaitza dute gai sakon.
Dena eder-karga duten mementoz hornituta dago, eta paisajeak garrantzi handia dauka. Mujikaren paisajea Lizardirena baino intimista, galderazale ta urtuagoa da. Lizardirengan paisaje hori deskriptiboagoa, inpresionistagoa, exterioristagoa azaltzen da. Mujikak barrendu, interiorizatu egiten du paisajea, beste motibazioen transzendentzia erantsiaz. Bere paisajea subjetiboagoa da; halako joera surrealistaz oretua azaltzen da. Lizardiren poesi-pintura formalista eta objetiboa da; Mujikarena, berriz, informala eta originala.
1. Goldearen zigorra
Liburu hau poema oso landu batez hasten da. Herri-harriaren binomioa zizel kolpez bezala eskulpitua dago. Poetak bere herriaren irudia moldatu nahi du. Bertsoek indar handiko metafora-prozedura azaltzen dute. Poeman zizeletaz, mailuetaz, herriaren izaera «setatiaz» mintzatzen da.
«Hitzak, asmoak, hatsak
nigan dira mailu,
herri setati honen
antza nola atondu?
Euskal Herriaren indar animikoa adieraztea lan gaitza da; poetak sentimenduaren zigorra sentitzen du. «Nigan dira mailu» esaldia sufrimendu eta indarkeriazko sustituzio bat da.
Poemak, astiro, herriaren izatea isladatzen du:
«Zure zain beltzetan, ah,
zenbat basakatu».
Konposizio honetan tematika zoo-telurikoa progresiboki azaltzen etorriko da. Herriaren ahalegina (borroka-nahia, indarkeri-giroa) poesi-hizkuntzaz jazten da; horretarako animalien, basakatuen, tigreen eta zezenen irudiaz baliatzen da poeta. Beste poema batzutan basurdea (euskal mendietako basapiztia) azalduko da. Poema honek Miguel Hernandez baten estetik baliakizunak nabarmenak ditu, alde batetik begiratuta. Jatortasun handiko bertsoetan hizkuntzak halako beraldikotasuna irabazten du:
«Esan, esan, herria,
sua jan al duzu,
zezen hoiek zainetan
nork erein dizkizu?»
Hirugarren graduko metafora-indarra, hau da, metafora-hutsa deritzan A eta B-ren sustituzioa bortitza bilakatzen da, tematikaz. Poetak dionez, herriak «sua jaten du», herriak «zezenak ereinda» dauzka. Miguel Hernandez-en poemagintzan zezenak larrean badabiltz, hemen ereinda daude. Bestalde, herria bizkorra da, zezen baten gisa.
Poemaren neurria herrikoia da (7-6, 7-6), puntua asonantea delarik. Egilearentzat dena mailu eta langai bihurtzen da herri zigortuaren filosofia eta antza taxutu eta irudikatzeko.
«Hitzen zizela zigor
zaida gaur bihurtu,
hitzak, asmoak, hatsak
nigan dira mailu».
Poemak expresakera harrizkoa, gaitza, indarrezkoa dauka, zentzuaren araura.
2. Gogoeta nagiak
Ohizko erromantzeen puntu edo rima berdinak ez du, hemen, baliorik. Estrofa bakoitzak amaiera desberdina dauka. Estetik teknika aurrekoaren antzekoa da; mamia, ordea, desberdina. Irudiak surrealismoaren karga duten antitesiekin tartekatuta azaltzen dira. Idi-zezenaren binomioa azaltzen da. Idia Mujikarentzat menderapen isilaren (etsipenaren) sinboloa da; beti zigorrari eta lanari lotutako aberea da idia. Zezena, berriz, erreboltaren eta morrontza-ukoaren sintesi primitiboa da.
Euskal literaturaren tradizioari begiratzen badugu, hemen, irudien originalitatea nabaria da. Honelako metafora-kontrasteak ageri dira bertso hauetan:
herioa-basurdea
ardoa (orroa)-ezina
zezena-idia.
Azken estrofa bisemia biziz kargatzen da, halako multzo sinkronizatzaiez. «Hautsa» hitza «nekatu» hitzaregin lotzea, eta baserri giroko balentzia duen «irauli» hitza beherabeharraren sentsazioaz elkartzea ere azertu bat da. Estrofaren parte hau lehenengo galdera tragikoei kontrajartzen zaie:
«Lehengo ekaitzak, burdinak,
suak, hotsak non dira?
Lehenaren hauts nekatuak
horra hor irauliak...»
Poetak heriotzaren, gizartearen eta gauzen erorbehar (declive) utzezina abordatzen du. Erorbehar hori indar handiko irudiz orkestatuta dago:
«Herioa dut ondoan
basurdea bailitzan».
Ardoaren tematika, intentsifikazio bezala, ez da ere falta. Herioa «ardo sumina da»; biziaren gurdia, berriz, erabilgaitza gertatzen da; irauli egiten da gizona, beheruntz behartzen dute elemenduek. Gizona ezin da erreboltatu, gizonak ezin du zezenak bezala jarrai, horregatik ezina, idi nagia antzera, atetan zain dago. Hau guztia ahapaldi hauetan plastifikatzen da:
«Nik ez idi, ez ezina
inolaz ere izan nahi,
baina ezina ta idia
ate ezetan ditut zai».
3. Nor dago ate joka?
Existentzi gaia bide askotaz azaltzen da. Poema hau laburra da; bere neurria bostsilabaduna da bertso ezparetan; seisiabaduna paretan. Puntu berdina dauka bertso pare guztietan. Bertsoen agitura arina da; egilea galderen teknikaz baliatzen da, batez ere. Poemak azkenburu tragiko bat dauka; gizonaren itxaropena, maiz, ez da betetzen, errealitatea hain hurbil ez dagoelako.
«Eskutik ilargiak
ihesi dit egin,
esperantza, zergatik
ez zaude hain hurbil?».
Esperantza, bai, helgaitza da; gizona itxaropen zai, itxaropen bila dabil; baina, azkenik, esperantza ihes doakio. Askara erori eta harrapatu ezin den ilargi horrek dibujatzen du, plastikoki, giza-bizitzan amets ustelak duen menderapena.
«Eskutik ilargiak
ihesi dit egin».
Beraz, nahiz-eta gizonaren azken babesa itxaropena izan, berau, sarritan, gizonagandik ihes joan ohi da. Denok dakigu ezin daitekela bizi esperantzarik gabe. Itxaropenaren galera alferrikakoaren sentsazioz dator; sentsazio hori, poemaren amaieran eta galde-estrukturan, noragabe dabil.
4. Hutsa eza da.
Poema hau laburra da, baino kondentsazio handi bat dauka. Neurriz, zazpisilaba eta seisilabako erritmo laburra berrazaltzen zaigu. Gorabidean doan galdera-teknikak tentsioari eusten dio. Galderak hauek dira: Iñor ez?, Ezer ez?, Hutsa eza?. Galdera bakoitza erantzun berri baten aitzaki da, eta hau birgalderetan sartzen da. Azkenburua garratza da:
«Hutsa eza delarik
nik hutsa herio,
bizia herioa
baino... gaziago».
Bizia, noski, heriotza baino hutsagoa, herioagoa da. Poemak, hutsaren aurrean, galdera latza egiten du.
5. Geroan.
Orainaren eta geroaren elkarrizketa existentziala ondorengo bertsoetan zuzenki eta plastikoki marraztua dago. Dena gure aldigaitasunaren edo tenporalitatearen desfinkamenduaz mugitzen da. Existentzi-gogapenak bizitasun handia dauka estrofan, galderen puntu eta superpozisioari esker.
Elkarrizketa hori estrofan honela moldatzen da:
«Orain zaila geroan
amildu... Noiz arte?
Geldi!, zion orainak,
geroak «ez!», «orde».
Orainaren eta geroaren zortea botata dago; geroak irabaziko du. Orainaren ahoan «geldi!» horren prosopopeiak bizitasuna komunikatzen dio poema osoari. Bertsoaren erritmoak konstatazio tragiko bat dauka, eta konstatzio hori trebeki erreflexatua dago poemaren zehar:
«Orainaren oraina
ze ziztrin, funskabe,
oraina ukituaz beti
geroan gerade....!»
6. Udazkenean.
Udazkenaren tema sarritan ikusiko dugu trataturik liburu honetan. Bere ukitua animiko-situazionala da poetarengan. Beraz, Mujikaren poesigintzan paisajeak, esan dugunez, halako deskribapen ezformal eta iheskor bat dauka. Poetari ez zaio atsegin deskribapen hutsetan gelditzea; autoreak natur-oniriko diren pintzelkadak, edo-ta, ezformal-surrealista diren joerazko marradurak bilatzen ditu. Lizardirengan, adibidez, paisaje geldi eta zehatza ikuspegi formal eta objetiboz lotzen da; Mujikarengan paisaje hori, ordea, aitzaki husa izango da, irudi subjetiboak kontzeptu-mamiz loturiko zerbaitez emateko. Poesi-atal honek neurri azkarra dauka, 8-6, 8-6-koa:
«Geroaren geroaz, ah,
ez gehiago galde...
Udazkena pasaz (zer, zer?)
udarik ez ote...?»
«Zer, zer» galdera bikoitzak poemaren doinua areagotzen du. Poesi-zatiaren une batzutan halako indar erdibisemiko bat nabari da. Bertsoen neurria noiz-noiz eten egiten da. Dudarik gabe, Mujikak galderen eta etenduren teknika euskal bertsolarismoaren monotonia hausteko darabil; euskal bertsolarismoan azken-erori edo kadentzi monotono hori doinuaren beharrez gertatzen da, seguruenik.
7. Uda Joanda.
Poemak bere 46 bertsotan puntu asonantatu berdina azaltzen digu, neurri-egitura, berriz, zortziko-tipiarena da. Sarrera bukatzean, udazken eroriak udabete baten eskuraezintasuna presentatzen digu. Paisajearen kontrasteek halako keru triste-mingots bat daukate. Metaforak, transposizioak, irudiak bizkorrak eta gogorrak dira; egilea, berriro, nerudianismoaren surrealismoaz baliatzen da, indar-inpresio berezi bat sortarazteko ahaleginetan. Halabaina, bai haseran eta bai bukaeran, tematikaz eta expresiobidez, poema, Machadoren seriotasun-sen batez jabetuta bezala azaltzen zaigu:
«Arrats zaharraren nekea
(asperrez norentzako?)
haritzen, oteen, pinuen
penetan barrenago».
Poema honetan arrasbeheraren asperrak eta nekeak zerikusi animikoa azaltzen dute. Gogora dezagun poemaren sarrera:
«Maldabehera honek badu
erorbeharrik nahiko
egun harroa, uda asea
udazken minez dago».
Estrofak Lizardi-ren transposizio literarioaren oihua dakarkigu oroipenera. Lizardi-ren laburdurak beraldiko dentsitatea dauka estrofa hartan:
«Oi, zein dan ituna
beera-bear au!
Nik ez nai eguna
biurtzerik gau!»
Mujikaren beherabeharra garratza, hautsia, traketsa, etsia da; negatibitate guzti hori, «zertarako» batez adierazten den, nahitanahiezko galdera batera doa:
«Ah, esan, esan, bidean
maldaren ezidozko
beherabehar etsi, hautsi,
traketsok zertarako?»
Ondoren, indarkeria eta sumina adierazten duten irudiak datoz. Poemaren sarrerari antitesiak jartzen zaizkio. Ikusi, adibidez, aposizio-metaforak eta hirugarren graduko metafora-hutsak (B-A-ren ordez): «tigreen hortza», «lehoien pilo», «uztaren gorroto», «fruta amildu», «bular iraulien amorro», etab. Mujikaren poesigintza transposiziodunarentzat surrealismoa (onirikoa barne) funtsezkoa da. Bestalde, euskaran metafora ausarta hoiek gaztelanian baino bultzada bizkorragoa dute, gurean ez-ezagunagoak direlako. Ikusi estrofa bere hartan:
«Uda nintzanean tigreen
hortza, lehoien pilo
gaiztoa barnetan nuen,
orduan zurrunbilo,
ekaitza, bolkana nintzen
eta uztaren gorroto,
(ah, fruta amildu ta bular
iraulien amorro!).
Bertso hauetan baliakizun kosmiko-ludikoak azalten dira. Metaforak eder-hibaiaren indarrez galtzen dira. Adibidez, «bular iraulien amorroan» dioen metaforan halako aintzin substratu erotikoen esanahiak aprobetxatzen dira. «Gorrotoaren» irudia (poetak grina mundutik bildu duena) egoeraz aldatzen da, udako uztaren exaltazioa irudi plastikoetaz, nolabait adieraziaz. Poetaren irudimenean fruita «suminduta» aurkitzen da, bere oparogiroan. Hori da, ustez, bertsoen irudimen-asmoa.
Poemak baditu beste irudi zoo-telurikoak. Alde hortatik Mujikaren poesigintzak hernandianismoarekin zerikusia azaltzen du:
«Baita, nintzen pizti, lehoi,
basakatu, arrano,
barrengo sorotan mila
zezen zeuden larreko».
Obserbazio eta transposizio-ahalmena behar da, beraz, «mila zezen larreko» metafora sortzeko.
Poemaren hirugarren partea umilagoa da; lehendabizian, udaren antitesiak sorturiko klimax gorena beheraka abiatzen da. Berriro, gero-existentzialak larritu egiten du poeta. Hemen ere irudi surrealistak agertzen dira. «Hautsaren» tematikak, itxuraz, motibazio surrealistak dauzka:
«Gero beltzak bere erara hatsak
hatzez dizkit jarriko,
bide ilun hau bidean, ah,
nik izango ilunago».
Naturak, urki ihar eta xaharrez, poeta erorbehar-kutsuz kolpatzen du. A-ren isofoniak (ihar, xahar, makal) txikizioaren sentsazioa areagotu nahi du. Barnean kolpeka ari den naturazko prosopopeiak («barnean jo eta jo»), poetaren aldi animikoari intentsitate nagusiago bat erasten dio. Dena bidean doa, dena «gerora» abiatzen da; gero hori hibai hotz, ilun, fingabe bat da:
«Dena negura, gerora
dijoa, ondorengo
ibar hotz, ilun, fingabe
batera... Ixo, ixo, nahiko!»
Ikusten dugunez, erorbeharraren (declive) intsistentzia poeman «ixo, ixo, nahiko!» horretaz azkenburutzen da.
8. Ah, gauaren.
Pomaren neurria librea da, baina puntuak nahiko isomorfoak agertzen dira. Poeman, finkamendurik ez duen «orainaz», asperrezko sentsazio bat sortuarazi nahi da; hortara datoz hemengo errepika eta aliterazioak. Poema honek Garcia Lorca-ren «qué noche, noche, nochera» delakoa gogorazten digu:
«Koplazko kopla beltz hau...
ah, tristuraren tristura triste...
Ah, morearen morezko more...»
Hizjoko eta errepiken bitartez, poetak aldiaren harren-egoera adierazi nahi du; barren-egoera hori beldurtia eta eutsezina da. Bertan, «bertsotan nor jarri nau?», delako ebaketa, adieragarria bihurtzen da.
9. Isatsondo, Legorreta.
Treneko ibilaldia bai Baudelaire-k, bai Juan Ramón Jimenez-ek, bai A. Machado-k (eta Lizardi-k berak ere) poetikan maisuki erabili dute. Poeta bakoitzak tematika egoeraldi desberdineta itsasten du. Existentziaren ihesketak dimentsio espaziala dauka tema honetan.
Ohar gaitezen, bereziki, Lizardiren poema hartaz:
«Oi, lur, oi, lur!
oi, ene lur nerea!,
oi, goiz eme,
parre gozoz ernea!
Arto musker,
mendi, baserri zaarrak;
ale gorriz
abailduta sagarrak».
Irudiek hemen mugimendu handia daukate, eta deskribapen-motibazioak euskal baserri-giroari lotzen zaizkio. Lizardi-ren estetik sugerentzietan bisemia ongi azaltzen da; bainan bere poesi hizkuntza exteriorista da; bere begien aurreko paisaje hori guztiz formala eta objetiboa da.
Mujika-ren paisajean, berriz, ikuspegia ez da baserri-girokoa bakarrik, biziki industriala ere. Beraz, egileak, hemen, baserriko motibazioak («sagar ustelak arbolan») Euskal Herri industrializatu baten elemenduez batzen ditu («herdoil zaharrak garraisi», «haragitan altzairuak») etab. Irakur ditzagun bertsoak:
«Eze, berde, more, okre,
kolore tristeen nahasi,
sagar ustelak arbolan
gezur makabro iduri,
haragitan altzairuak,
herdoil zaharrek garraisi».
Nabarmenak dira «herdoilaren garraisiak» eta «altzairuaren haragiak». Poetaren irudimenean, sagarrakuda xaharraren mamuak baino ez dira; «gezur makabroen» antza daukate. Euskaraz «makabro» hitza inork ez du erabili hemen daukan textuinguruan.
Nahiz-eta tematika egilearen originala ez izan, poemak, metafora-plastizitatez, ohizko topikoetatik alde egiten du. Bertako azken zatia biziaren desfinkamenduaz mintzatzen da. Konstatazio bat da: dena igaroz doala, dena ihes doala; ezerk ez dezake euts gauzen erorbeharra:
«Hibaiak atzerarik ez,
itsasoan bere hesi
behera behar hau (hots honen
gau) ezin gerarazi...»
«Hots honen gau» «hau» hitzarekin kontsonatzeak bertsoari estrofa osoaren «erorbehar-sentsazioa» itsasten dio. Poema, azkenik, galdetuz, eta galderari (ez-jakinez) erantzuna ukatuz bukatzen da:
«Trenak narama, narama,
noruntz, noruntz...? Al dakit?»
10. Bide zaila.
Poesia honen textuingurua oso soila da. Egileak Garcia Lorca-k transzendentzia gabeko temetan (Cante Jondo-n, adibidez) erabiltzen duen teknika darabil hemen:
«Hain gazi zertan nabil?
Bide, bide ez dakit.
pinutan usain zazpi
barnetan ozpi bi»
Zazpiaren numerazioa, beste lekutan bezala, hemen bitxi agertatzen da. Ez dakigu zein den numero horren esanahi zehatza; mamiaz aparte, zazpiak, itxuraz, Lorca-rengan bezala, motibazio estetikoak dauzka.
Teknika aldetik, poemak melodi-kerua azaltzen digu; bertsoek (bai parek, bai ezpareek) i asonanteaz errimatzen dute, eta neurria oso herrikoia da (7-6, 7-6).
11. Tristeki, tristeki
Bertsoen irakurketa egin ondoren, poetaren asmo nagusia nabarmena da. Bertako errepikek, Euskal Herriko paisaje busti eta euriberak ikuslearengan sortutako asper-sentsaziora iritsi nahi dute. Euskal «sirimiria» fingabea, etengabea da; eta, azkenik, busti egiten du.
Ohar gaitezen «tristeki» hitza 16 aldiz errepikatzen dela 14 bertsotan. Poemak erritmoari haseratik heltzen dio, eta ez dio eten egiten azkenerarte:
«Tristeki, tristeki
curia zein euri,
tristeki, tristeki
euriak tristezi,
tristeki, tristeki
euri, euri, euri...»
Poemaren bisemiak ondorio bat adierazten du; alegia, existentzia beti berdina, berdina, izugarriro berdina dela; beraz, «euria zein euri» dion bertsoa antzekoa da.
Poesianen azkena zatirik originalena da; gorputz literarioaren erritmo aspegarriak «luzeegi» adberbioan aurkitzen du kondentsazio gorena:
«Tristeki, tristeki
bidea, bai, nagi,
tristeki, tristeki
tristura hau luzeegi...»
Errepikaren teknikak ondorio estetikoak lortzen ditu, eta aspergura, nolabait, baztertu nahi da; hobe esanda, asperrak hemen ez du hainbeste nazkatzen. Poemaren neurria arma da (6-6, 6-6), eta 14 bertsoek ¡ asonantean puntu bat bera dute.
12. Jainkoa, Jainkoa.
Zalantzarik gabe, egilearen bigarren poemagintzan erlijio-tematika lehenengoan baino apalagoa da. Gogoratu «Urdin eta burni» liburuaren muina tehilardianoa. Zerbait pasatua da, nonbait, egilearengan erlijio-ekintzak halako isilaldia jasateko. Hala-eta guztiz, bigarren haro honetan ere, han-hemen, azaltzen dira erlijio-ohiartzunak, nahiz-eta gaiak beti samina, bilaketa eta dudaren mugatatik begiratuak izan.
Oraingo hau horietakoa da:
«Jainkoa, Jainkoa
luzaro zait isil,
Jainkoa, Jainkoa
ote dut ihesmin»
Poemak, une batzutan, Orixe-ren «Barne muinetako» idazkera trinko eta galderakoia azaltzen du; halaz ere, hemen Jainkoa Orixe-ren erlijio-tematikan baino izkutuagoa, dramatikoago da. Bertsoen texitura gaitza, soila da:
«Lainoen ganduaz
nabiltzu bide ezin
(zenbat oihu trakets
barrenetan murgil!)»
Poetak barrengo barreiaketa aitortzen du; barnea ez zaio Jainkoari erne. Ihesketa hori Jainkoak naturan duen izate kosmiko eta beteaz ez-ohartzean datza. Galderen teknikak garrantzi handia dauka. Dena duda, galdera eta ikerketa da poetarengan:
«Jainkorik «baden, ez
den» nauzu jakinmin».
Berriro galdera tragikoki jeikitzen da:
«Nere barrenetan
galderaren berdin:
«ote den, ote den»,
baino, nola jakin?».
Erantzuna, azkenik, naturagandik dator, eta natura hori harrietan, bideko lizarretan haragitzen da. Hau da kosmo-izakien erantzuna:
«argiago ezin»,
«edonondik dabil».
Poetak garbiki adierazi nahi du, Jainko-izatearen probarik hobena naturarekiko lotura dela; poetaren bidea gauzen iturriekin topaketa bat da.
13. Bidearen herdoilean.
Poemak bideak ematen dituen motibazioak sakondu nahi ditu. Hemen motibazio nagusiena existentzia da. Existentzia hori, ordea, funskabea, segidagabea da; balioztapenak paisajearen errekurtsoetan aurkitzen dira:
«Arratsa nekez dut maldan
gauzak behera diranean,
etengabe...»
Poemaren zehar bisemi-karga duten esaldiak daude; adibidez, «onduen gurpil zoroa», «arratsa zaunka horiaz», «lizarren pena gorria», etab.
Kolore «horia» zaunkarekin lotzeak halako intentsitate eta sentsazio melaska sortzeko eginkizuna agertzen digu. Bestainbeste esan daiteke «pena gorriaren» sinestesiaz. Denbora «gurpil zoroaren» irudipean deskribatua dago, iraganaren sinbolo bihurtuaz.
Poema barruan lizarra, indar estetikoz berrazaltzeak, poetak bere emozioaldi gorenenak arbola honen sentsazioekin lotzen dituela adierazten digu. Dakigunez, lizarra Euskal Herriko arbola berezienetako bat da. Bere adarrak baserrietako ateetan itsasi ohi dira San Joan egunez. Horregatik dio:
«Udazkena hats neke batez
(lizar nagi-ezposiblez)
egin da gau».
Ohar gaitezen, Luis Mari Mujika-ren poetikan, aldigoren guztiei naturaren lagunkidetasun bat dagokiela. Horrelakoa da poema hauetako bisemi tratamenduaren barren-konstantea. Zalantzik gabe, hemen bisemiak eta sinestesiak funtsezko galderen zerbitzuan daude:
«Bide hau zertako dudan,
bizia bizitzeko dan
galdera nik».
Bestalde, pasartearen neurria egilearen originala da: 8-8-8-4, 8-8-8-4. Puntutara, 1, 4 eta 5-tak asonantez elkar errimatzen dute, eta 3-ak eta 4-ak beren aldetik.
II. BEGIAREN KANTA
Poesi atal honetan poetak intranszendentziari eta banalitate egoerari lotutako zenbait zati lantzen ditu; banalitate hori, nolabait, sentsual motibazioei elkartzen da, eta hau dena estetik mailara jasota. Saio erotiko-sentsualek hemen asmo nabarmen bat daukate, alegia, aspaldliko moralismo itxiak euskarari ezarritako mugak salta-nahia. Moralismo harek euskal literaturan amorio-tematikari praktikoki ateak itxi zizkion, XVI mendetik hasita XX-ko 60-garren urtealdi arte.
14. Ze baldan.
Poema librea da neurriz, eta Garcia Lorca-k «Cante Jondo-n» erabilitakoen antzekoa. Orain arte intranszendentzi lanketek euskaran tratamendu nahiko hertsia eduki dute. Poeman mugimenduz betetako ebokazio sentsual-sugerigarriak ematen zaizkigu:
«Ze baldan,
ze zakar
izter hoietan
nire laban
beltzaren ziztada.. . «
Grina hemen labanaz sinbolizatzen da; labana izterretatik barrena sartzen da. Dudarik gabe, hitzen ingurugiroan «laban» hori bisemia erotikoz jazten da. Grinek oihu egiten dute («nere irritsak oihuz»). Ikus, zehazki, beste irudi honetan elemendu oniriko-sentsualak:
«Zure haragian
(ze oihan!)»
Neskatxaren gorputza «hibai» eta «oihan» irudiaz elkartzeak, Vicente Aleixandre baten poetik zantzuak dauzka, hainbatean. Beraz, irudi hoiek 27-ko belaunaldiaren metafora surrealistekin lotzen dira. Gai erotikoak sentsualitate soilez (Detxepare, benetako euskal Arcipreste de Hita, kendurik) euskaran estetikoki ia ez dira landuak izan. Hemengo sentsualismo bisemikoak, itxuraz, gaiak arriskuzko duen zatarkeriatik alde egiten du.
15. Bota zinuztan.
Zati hau muinez eta tankeraz aurrekoen antzekoa da. Bere erritmoa gatik, poemak balio nagusiagoa dauka estiloaz. Bertsoak bostsilabadunak dira, eta puntua berdina paretan. Neskatxaren erazketak, bertsoen amaieran, lagunkidetasun bitxia topatzen du.
Apostrofe honetan, erazketa halago lotsakizun ironikoz agurtzen da: «Isil naitean!». Neskatxari paisajean lagun dio, ekite hain gizakoi eta pertsonalean. Natura begiz horniturik azaltzen da, neskatxaren haragi lerdena ikustearren:
«Arrats gorriak
suzko sukarrez
behatzen zuen...»
Arratsa neskatxa irrikatzen duen mutil galaia da; neskatxaren begiztatzea «suzko sukarrez» egiren dela, adierazten da sugerenteki. Poesi-koadro honetan, naturaren lotura erotikoa pintatzen da. Neskatxaren erantzuna eskaintza da, eta eskaintza hori a asonantez bildurik aurkitzen da lehenengo bertsotik azkeneraino:
«Eta haragitan
(isil naitean!)
sua bezala
eskaini zinan...»
16. Gorri, zuri, berde.
Poema osoa kolore eta susgestioz biltzen da. Bere hariak Garcia Lorca-ren «verde, que te quiero verde» hura oroitarazten digu.
Sentsual-gaiek, hemen, Neruda-k edo Vicente Aleixandre-k erabil ditzazkeen surrealismobidez erabiltzen dira, metaforaz:
«Zure bularrak
hibai bero bi».
Lehen esan dugunez, «hibaiaren» metafora gai hauetan egileak maiz erabiltzen du. «Gorri, zuri, berde» koloreen jokoa, nahiz-eta euskal ikurrinaren koloreak izan, ez dugu uste esanahi apartekorik duenik. Ustez, koloreak hemen aitzaki hutsak dira estetika aldetik; euskal kromatismo sozialean erabilera handia dute kolore horiek.
«Gorri, zuri, berde,
gerri horren gerri! «
Kromatismoa expresakera sentsualaren mende dago poeman; hitzen jokoaz azken eskaintzaren galdera nagusira iristen da: «Maite, noiz arte, noiz arte?».
17. Maitasun ezposiblez.
Hemen existentzi-arazo larri bat ukitu nahi da. Maitasun-ezina, behar-beharrezko birjindadea zenbait pentsonen bizitzan drama larri gerta daiteken; birjindade derrigorrezkoa. Beraz, biziegoerak askoei birjindade behartua ezartzen die; bere ondorioa bakardadea da, gizagaitz latz bat iduri. Poetak, poeman, idazkera oniriko-sentsuala utzi gabe, Garbiñe neskatxaren drama presentatzen digu. Garbiñe, izan ere, ederra delarik, hutsik eta antzu sentitzen da, maitalerik topa ez duelako.
Antitesi bezala, metafora-orkestazio bat (baliakizun kosmiko-surrealistaz horniturik) azaltzen zaigu. Beste irudien artean, ikus hauek: «hibai gordinak», «ur basatiak», «limoi eta izarrak». Irudi hauek neskatxaren lerdentasuna eta bere hutsunea antitesiaz aurrejarri nahi dute.
Poemaren zehar, hutsunearen aldea desarroilatzen da gehienik. Neskatxak dio:
«Zertarako nere begi,
ezpain, sabel, bular, ertz
ideki hauek..., gizonik
ez dutelarik jabe? «
Garbiñeren sufrimendua «orratza», «katea», «zazpi gau luzeen gosea» da.
Gizon baten amodio-ezinaz, Garbiñe naturari eskainiko zaio, harekin identifikaturik, hidrogamia ezposible bat osatuaz. Beraz, giza-amodioa urarengan sinbolizatutako edertasunean ordezkatzen eta sublimatzen da:
«Naturak, bai, osokiro
bilduko nau maitale,
eta sabel sakon hontan
sartuko golde bere».
Sinestesi-irudiak oldar onirikoa duten metaforez indartzen dira. Bularrak hibaiak dira, izterrak hibai gordinak; kolorea kuprezkoa da, ur basatiak haren bularren zaporea bila dabiltza.
Poeman goldearen irudi primitiboa dator; irudi honen sinbolismo falikoa herri zaharren antropologian ernalketa-zikloez elkarlotzen da. Miguel Hernandez-en poesigintzan ere goldeak badu adierazitako esanahia:
«Baina Garbiñek sabela
onaindik golde gabe...»
«Eta sabel sakon hontan
sartuko golde bere».
Kosmoa eta sexoaren aarteko loturak handitasun berezia bat irabazten du hemen. Neskatxaren ezina eta bakardadea naturaren oparian sublimatzen da, gizona naturagandik baidator. Beste bertso hauek ere, hutsune existentzialari transposizioa emana, neskatxaren eskaintza adierazten dute:
«Naizen naizena, naizenez
oro, izango naiz bere».
Teknika aldetik poema zortziko tipian taxutzen da, puntu asonantez bertso paretan, aintzinako erromatzeen araura. Bertsoen zehar isokadentziak musikalitate bat erasten dio poemari. Konstante bat bezala, bestalde, poesia guztian pareatu bat berdina agertzen zaigu. Pareatu edo puntu hoiek, gehienetan, ez dira pobreak. Mujikak konszienteki alde egiten du infinitibo (maitatu, lagundu, garbitu, bukatu) eta deklinabide berdinen (ekartzean, ematean, itzultzean, etxean) joera pobretatik. Zoritxarrez, bertsolari eta poeta batzuk puntu pobre hoiek (bata bestearen segidan) gehiegi erabiltzen dituzte. Uste dugu, egileak, Lizardik bezala, ongi profitazen dituela euskararen posibilitateak (asonanteetan batez ere), puntu edo rima desberdinak ahalik eta gehien erabiliaz.
18. Poesiaren erazketa.
Poesia hau ere erotiko-zikloan sartzen da; erotismoa eder-munduaren errealitatea indartzera dator. Neskatxaren erazketaz idazkera barroko eta preziosisten bazterketa irudikatzeak, badu, hain zuzen, prezendente garbi bat Juan Ramón Jimenez-engan. Gure ustez, Luis Marik hemen Juan Ramón Jimenez-en teknika hurbilegi kopiatzen du. Emakume ederraren erazketa-sinboloaz poetaren estetik aldaketa adierazi nahi da. Sarritan, poeta baten heldutasun-garaia bitxikerien eta karga-preziosisten biluzketarekin bat dator. Fenomeno hori garbiro gertatu da Juan Ramón Jimenez, A. Machado edo-ta Miguel Hernandez baten poesigintzan.
Poema honetan, hasera-haseratik, neurri zazpisila badunek eta enkabalgamenduek eder-sentsazio berezia sortarazten dute:
«Pixkana, pixkana hasi
zen presentatzen biluz,
haragia erazten
soinekoak zapuztuz».
Agian, egileak bertso hauetan bere hastapen modernista eta juanramonianoak aitortu nahi ditu; beraz, bere lehen produzioan nabariak dira tankera hoiek. Hala ere, esan behar dugu, erazketa ez dela berdina Mujikarengan eta Juan Ramón Jimenez-engan. Egilearen azken poesigintzak ez dauka ezer ikusirik jaunramonismoaren «biluztasunarekin»:
«Poesia zait orain
ederlan zail, lerden, huts,
hots soil, gordin, umilak
dabiltza hemen oihuz...!»
19. Presaz goaz.
Zati hau euskal gabonkantu berri baten azalpena da. «Hitzak ebakitzean» deituriko liburuan badaude eguberriko erreferentzia batzuk. Hemen, gabonaren tematika originalitatez agertzen zaigu; poemak idazkeraz lorquismoaren zantzuak dauzka, eta, muina aldetik, giza-gerratearen kritika bat egiten da. Poemaren zehar, egilea, ia, ia, andaluzian poeta bihurtzen zaigu. Olerkia zortziko tipiaren teknikaz osatzen da; neurria oso egokia da poesi-mota honentzako. Puntua o asonanteetan etetzen da azkenerarte.
Hona hemen naïf tankerazko zenbait irudi:
«Giza-amorroa azukreak
jan du (jan, bai, bapo!),
mazapanak eta ilargiak
tristura gurea ito».
Andaluziako poetik motibazioak ere azaltzen dira (limoiak kasu). Hoien ondoan urkiek (euskal giroko arbolek) «kopla bat zutik, harro» kantatzen dute:
«Gizonek metalak, suak
utzi dituzte planto,
limoiek eta urkiek
kopla bat zutik-harro».
Euskal-andaluziar giroko elemenduak jarraitzen dute:
«Mariak arrats altua,
kantua txarolezko...,
hortuan ere limoiak
mamia gaur azukrezko».
Eta:
«Y lo pece en el río
vuerven y vuerven a bebé».
doinuzko andaluziar kantak gure euskal poetari irudi hau sugeritzen dio:
«Amorraiak askan hamar
izar gordin edango»,
baita:
«Ilargiak begietan
malko horizko jario».
Poemaren beste aldea (andaluziar folklorean ez-ezaguna) kristau eguberriz egiten den gorroto eta gerraren kritika naïf- inozoa da. Poesia hau inguruko errealitatearen protesta apala da; metaforak popularismoz aztertzen dira. Zakarra eta bizkorra plastizitate «inozoz» tratatzen da. Hona hemen expresio batzuk:
«Gizonek metalak, suak
utzi dituzte planto,
giza-amorroa azukreak
jan du (jan, bai bapo!)...,
egun hontan suge beltzak
miztorik ez gutzako...»
Mujikaren metafora-munduan «hatzazalek, hatzek, hatzaparrek, hortzek, labanek», etab. plastik kutsu berezia daukate. Sumindura eta gorroto baliakizunak errendatu behar dira. Elemendu hoiek eguberriko bake-misterio aurrean lotsa sentitzen dute:
«Tankeak, labanak, haitzak
(hortzak ere) lotsez, oh».
Belenen (fusilaturik)
amorroa hilda ziplo...»
Poema osoa gerratearen eta gorrotoaren kritika eta kromatismo inozoa da, aldi berean.
III. ISILDU EZIN...
Liburuaren hirugarren atal honetan poetak doinu zuzenago bat hartzen du bere expresakeran; poesia, zalantzik gabe, funtzionalagoa, kalkulatuagoa bihurtzen da; poemok inguru-giroko postura-hartzeak dira. Hala ere, «Gurdi tragikoa» eta «Kantu altua» izeneko epilogoan Luis Marik poesi-oldar larria berragertzen digu, dena tragedizko sentimenduz kutsutuaz.
20. «Vaskoen» triptikoa.
Triptiko guztia Euskal Herriko hizkutzaren aldeko protesta garratza da. Euskal komunitateak «bere etxean» sufritzen duen bazterketaren protesta da. Euskaldunek bazterketa hori inperialismo zentralista eta zenbait «vaskoen» irredentismo «euzkadianoagatik» jasaten dute. Egilearen iritziz, «vasko» batzuek Euzkadiaren konzepzio geografi-administratibo huts bat daukate.
Triptikoaren lehenengo poeman bazterketa hori paradoxaz eta soiltasunez salatzen da. Poetaren afirmazio larria hauxe dugu: «Euskal Herriak Euzkadi» honetan deserri penagarria sufritzen du:
«Euskal Herriak
(gezur dirudi)
Ezkadi hontan
zenbat deserri!»
Adierazitako paradoxa plastikoagoa gertatzen da hemengo bostsilabadun asonantatu hauen bitartez. Euskadin bi kultur herrialde daude, bata erdalduna da, bestea euskalduna. Nahiz-eta euskalduna aintzinagokoa izan, euskaradunak vaskoen bazterketa eta ahazmena «folklorismoz» sufritzen du, gure hizkuntza aintzakotzat hartzen ez delako. Bertso soil hauek ironia mikatza daramate; gure herriko zenbait sasi-erosleen praxi erdalduna (vaskoa) ikusirik, poetak protesta gaitza azaltzen du.
Paradoxa nagusia esaldi honetan kokatuta dago: «Euskal Herriak... Euskadi hontan zenbat deserri!». Paradoxa honen terminoak aski garbiak dira: euskararen herria (Euskal Herria) atzerritarra (kanpotarra) sentitzen da bere aberrian.
Triptikoaren bigarren konposizioan, poetak jarduera zorrotzago bat hartzen du. Sektore batzuen «aberchaletasun vaskoa» erasotzen da:
«Gora Euzkadi» hoska
ari zareten vaskoak
(vasko nolakoak?),
al dakizute
hemen
beste herririk badela?»
Poetaren salaketak garbi adierazten du Euzkadi barruan beste herri isil bat bizi dela, nahiz-eta vaskoak ez konturatu fenomeno horretaz. Baldin-eta norbait ez bada ohartu, poetak herri hori «Euskal Herria» deitzen dela gogarazten du:
«Herri hori
(Euskal Herri),
euskararen herri».
Triptiko honetako hirugarren poema beste doinu ironikoago batez jazten da. Bertan, vaskoaren elkarrizketa erdalduna eta hizkunz-absentismoa arbuiatzen da; vaskoek Euzkadi et Euskal Herria kontrajartzen dituzte, beren praxiaz.
«Gora Euzkadi»
vaskoek garraisi,
eta Euskal Herri?
¿Qué dice? No le entendemos.
Somos vascos».
Bertso hauen ironia latza vaskoaren galderan datza; vaskoak ez du konprenitzen gure herriaren izena euskaraz adierazitakoan, nahiz-eta «vaskotzat» aitortu bere burua.
«Euskara ikasi!
Déjenos en paz! «
Esaldi zorrotzez jarraitzen du elkarrizketak. Vasko askoen aberchaletasun desbidetua salatu nahi da hemen; zenbaitetan, euskotasunak ez dauka benetako nazional konpromisorik.
Azkenik, poema, gure hiri eta herrietan euskaldunak sentitzen duen bazterketa-konstatazioaz, bukatzen da:
«Euskal Herria,
noiztik haiz Euzkaditik
joana ihesi?»
21. Lelo il lelo.
Poema hau, dudarik gabe, bai neurriz eta bai pantuz, kantatu ahal izateko burutua dago. Poetak, hemen, ohizko estetik karga-sinbolistak utziaz, protesta-kantu bat sortu nahi du. Poesiaren neurria oso estudiatua dago; beraz, neurriz lehenengo bertsoa hirugarrenarekin lotzen da, eta, bestaldetik, bigarrena laugarrenarekin eta boskarrenarekin. Azken bertsoa errepikatu egiten da poema guztiaren zehar.
Poesiaren muina hau da: Euskal Herri bihurtu den Euzkadiren gorespena.
«Erdara kanpora,
euskara nagusi,
vaskoak baidira
euskaldun itzuli».
Poeta, euskara ez dakien vaskoari euskaldun deitzea, biziki ukatzen da. Euskaldunaren semantika «euskaren jabetasunari» lotzen zaio absolutuki. Euskarik ez duen vaskoa «euskaldunmotza» da. Egilearentzat vaskoa kontraesan nazional bat da.
Azkenik, ordea, poemak Euskal Herriaren garaipena goresten du; behingo batez, nazional errealitatearen euskal interpretazioak irabazten du:
«Herri hau erdaldun,
atzo zen Euzkadi,
guk, gaur, ordea, itzul
dugu Euskal Herri».
Poetarentzat, praxian, Euzkadi ta Euskal Herriaren kontzeptuak kontrajarrita daude, hizkuntzari dagokionez; Euzkadiren semantikan «euzko arraza osatzen dutenen» multzo kontzeptua dago. Euskal Herriak, berriz, bere aldetik, kontzeptu orokor eta primitiboago bat dauka; bere semantikan ez da sartzen arrazaren lotura, hizkuntzarena baino.
Orain, lehendabiziko paradoxa-muturrak zeharo aldatzen dira; poetaren intuizioz, euskarak iadanik ez du sentituko «herbesterik» bere etxean:
«Euskarak herbeste
bere etxean atzo,
erdarak gaur alde
egin du betiko
(vaskorik ez gebiago!)
22. Borroka latza.
Poema honetan sozial-gaiak segida du; idazkeraz, ordea, estetik baliakizunen indarra berritzultzen da. Gabriel Arestirengan («Malda-Behera» izeneko liburuan ezik) poesia sozialak estetik karga pobrea du; poesia horri deia axola zaio, batez ere. Mujikaren poesigintzan, ordea, dei sozial hori lanketa estetikoz lagundua azaltzen da; bai Neruda, bai García Lorca bide horretatik ibili ziren. Dudarik gabe, Nerudaren poesia sozialak ez zuen esan nahi mundu surrealistaren joera bolkantsuak ukatu behar zirela. Arrazoin honengatik, eta poesia funtsean sustituzio bat delako, problematikoa gertatzen da Gabriel Aresti-ren eta beste zenbait euskal poeten lan batzuei poesia soilki deitzea. Batzuetan, poeta hoiek axolakabezko prosaismoan erori dira. Bestalde, konstatatzen dugu azkeneko sozial poesian Eizagirrek, Letek, X. Azurmendik, Trintxerpek eta beste batzuek sinbolismoa lantzen dutela. Poesian soziala ere abordatzeko erarik egokiena gaur-egun hori dela uste dugu.
«Borroka latza» deritzan poemak turismoak eta politik egoerak gure herriari, eta, batez ere, ipar Euskal Herriari, ezarritako folklore prostituzioa protestatzen du. Folklore hori «berde, zuri, gorri» koloretan biltzen da; gure sinbolo sakratuenak ere gaizpideturik aurkitzen dira turismoaz:
«Kaiku, dantza eta txistuen
soinuz folklore erraza,
kolore hoien hautsean
gal nahi zaituzte. Basta!»
Gure etsaiek folklore-apurrak bakarrik uzten dizkigute; bitartean, gauza garrantzitsuagoak hiltzen ari zaizkigu. Gure herri deseuskaldundu hau ez da ohartzen engainamendu honetaz. Bada esnatzeko ordua! Parisek inportatutako turismo-jauntxoek folklore-apur hoiek beren kuriositatea asetzeko bakarrik uzten dizkigute. Orain, ordea, non dugu nortasunez hain harro zegoen aintzinako gure herria?
«Zure eskutan, nere herri,
zergatik ez geroa,
barnean zergatik ez zuk
arkaitzaren orroa?
Poema honetan, egilearen poesigintzan aurki daitekeen hernandianismo-kutsua, berriro bizkorki azaltzen da. Autorearen aburuz, gure herria ez daiteke desnortatu, gure herriak ez ditzazke sal hiltzaileei bere koloreak. Erreazioa urjauzi bat gisa dator:
«Bota, bai, krudel ekaitzak,
puflalezko ahoak,
zartatu beherabeharrak,
irauli biraoak,
ukabil hoien erasoz
zapal, hautsi gizonak! «
Hemengo bertsoen erritmo bolkantsua gure prostituitzaileei eskainitako erantzuna da. Poema, hirugarren graduko (B A-ren ordezko) metaforaz esmaltatua dago. Irudietan metalen mundu telurikoa agertzen da; dena euskal lurreko burdin eta altzairuetan egiztatua. Poetak horregatik dio:
«Sabel sakonetik bota
seme burdinezkoak».
Lurrak damaio burdina euskaldunari; haren erraiean aurkitzen dute beren ama euskal semeak. Bestalde, zapaltzaileak, gure folklorez mantentzen diren Paris-eko jauntxoak, gure zaborrez ase-bete beharrean aurkituko dira:
«Gure zaborra ta lerdea
platera-bete zuentzat.»
Poema, haserako indar berdinez, bukatzen da. Konposizioan hain euskaldun eta oldartsu diren «haizkora» bezalako hitzak azaltzen dira, hutsik gabe:
«Asmoen, semeen bultzadak
begira zein gogorrak,
semeok jaso ezpatak,
altxa haizkora ta hortzak».
23. Lauaxeta.
Gure herriak baditu seme argitsuak; sarritan, ordea, ahaztuta daude errukigabez, batez ere, gure kultura edo hizkuntza nazionalarekin lotzen diren pertsonaiak. Esan, gure kale eta hiribideek noiz hartuko dituzte Axular, Leizarraga, Lizardi, edota Orixe baten deiturak? Alderantziz, gure hiriak erdal idazleen izenez beterik daude; gure herriak ez dakigu noiz hartuko dituen haintzakotzat gure expresakera nazionalaren benetako balioak. Gogora dezagun, bestalde, gure artean erdarari lotzen zaion literatura gehienez «vaskongadoa» deitu daitekela; bada ordua, bai, gure inguruan kultura «nazionalki» interpretatzeko.
Mujikak, hemen, poema berezi bat eskaintzen dio Lauaxeta bizkaitar olerkariari; bera izan da XX mendeko olerkari dramatiko jatorrenetakoa. Lauaxeta, gudaria zelarik, euskal frontean ibili zen, eta Gasteiz-en, 1937-an, afusilatua izan zen.
Lauaxetak poesigintzan parnasianismo berant baten influentziak eduki zituen; Garcia Lorca-ren harremanagatik, agian, erromantzea ere landu zuen. Egun batean, Andaluziako poeta Bilbo-ra etorri zen Lauaxeta ikusi nahiaz. Mujikak harreman hoiek nolabait gogarazten ditu bere bertsotan:
«Lorca-k, benaz, zuen bertso
goia koparen gisa,
Lauaxetak deihadarka
erromantzezko kopla».
Herriaren alde eskainitako poetaren herio-tragedia ere kantatzen da poeman:
«Gure poetak begitan
metalen azkazala,
ah, ah, poeta, zergatik
zu lurrean etzanda».
Estrofa bakoitzean tragedia goraka dator. Tragedia hori euskal lurreko errai-metaletatik erdisortzen da; eta metal hori «burdin asesinatu» bat da!
«Euskal mendien burdina
da haragien zigorra,
ah, Somorrostron burdina
gutzat fusil eginda».
Ohar gaitezen burdin hoiek «setatiak» direla. «Altzairuen amorroa» zutituta ikusten da:
«Altzairuen amorroa
gizon bila dabila».
Gero, paradoxa tragikoz bezala, hau erasten da: alegia, Lauaxetak, nahiz hilda nahiz etzanda, poemak «zutik» kantatzen dituela:
«Lurrean etzanda ere
zein zutik Lauaxeta».
Etzan eta zutik hitzen kontraposizioa Mujikaren poemagintza historikoan hasik konstante bat da.
24. Etxean arrotzak.
Poesi zati hau Gabriel Aresti, Euskal Herriko, beste poeta argiari eskaintzen zaio. Poemaren muina, ordea, desberdina da; euskaldunak «bere herrian» doluz daraman «atzerritar sentimendu» psiko-soziologikoa da aitzaki.
Mujikak zati honetan mindura horrekin jokatzen du. Aresti gizajoa «atzerritar» bat bezala azaltzen da, Bilbo-ko vaskoen aberri deseuskaldunduan. Dakigugunez, Arestik (beste poeta batzuek bezala) bere idazketa-efikazia kultura nazionalaren (euskararen) alde sakrifikatu zuen. Ironia, kasik, bertso bakoitzean azaltzen da:
«Bilboko hiri vasko horretan
ni euskaraz kantatzen
(euskaraz, euskaraz?), ah, ah,
ze zoro, ze inuxente,
vaskoek euskararik ez
t'euskotar hala ere (??)».
Mujikaren semantikan, vaskoa «hizkuntza nazionala ez dakiena da». Berarentzat kontraesan bat da euskaldun (edo euskaradun) euskara ez dakienari deitzea. Bertsoek euzkotarrismo kontraesankor hori isladatzen dute ironikoki. Aresti, beraz, mamu «bitxi eta arrotz» bat zen, nazionalki desarduratua zegoen herrian. Azken finean, Gabriel Arestik salaketa bat egiten du galdetuaz: Nor da heme arrotza (kanpotarra), euskalduna hala vaskoa? Poema errebera da, zati honetan:
«Gure hau ez da gure
Euzkadi deituz ere,
vaskoen herria fartsa
euskararikan gabe».
Egoeraren ondorioa da: Arestik eta euskaldunek etxean «atzerri sentimendua» dutela:
«Euskaldunak, bere etxean,
arrotz, arrotz noiz arte»?
25. Nortzuk dirade.
Poeman zenbait zantzu machadiano aurkitzen da. Zantzu hoiek, ordea, kutsu surrealista duten ukimen makabroz indartuak azaltzen dira. Poemak Donostian gertaturiko egoeraldi berezi bat pintatzen du.
Kutsu machadianoa nabarmena da bertso hauetan:
«Arratsaren maldabeheran
zipres beltzak nahigabean,
usain metalikoak dantzan,
usain suminak..., noiztikan?»
Bukaera ere, itxuraz, machadianoa da, nahiz-eta metaforen teknika hernandianoa izan zenbait zatitan:
«Ah, kea zein nagi,
zeruak du euri,
arratsaren maldabeheran
zipres beltzak despistean.»
Aldi-poetikoak indar berezia irabazten du, dena gertakizun zehatz bati lotuta dagoelako. Tragedia, hemen, euskal antropologiako motibazioaz (akerraz) goibalioztatzen da:
«Ah, ah, mamu adardunak,
ah, ah, aker beltz-ilunak
Kutxiloen zuriz...»
26. Gurdi tragikoa.
Esan dugunez, agian, Luis Mari Mujikaren poesi-alor helduena tragediarekin lotzen dena da. Beraz, bere poesia sozialak gai tragikoetan aurkitzen du plasmaziorik hobena. Metaforak, bisemiak, errepikak, kontraposizioak, etab. errealitatea eta emozioa balioztatzera datoz. Mujikak, beste batzuen joera prosaistaren kontra, poesia sozialean ez ditu ukatzen surrealismoaren harmak. Esan beharra dago, bestalde, bai gaztelaniaz eta bai katalaneraz poesian baitipat, literatura surrealismora berritzultzen ari dela. Poema honetan, kasu, Txikia edo Eustakio Mendizabal-en herioa kantatzen da. Dakigunez, Txikia Ostegun Saindu batez dramatikoki hila izan zen. Poetarentzat euskal gazteak, asfaltoan etzanik dagoen, zekor-iduria du:
«Bildotsa hil zuten bezperan,
Ostegun Saindu tristean,
lurrean umil
(zekorra bailitz)
gazte bat asfalto hotzean...»
Bertsoen neurriak, estrofen zehar puzten doan, emozioari laguntzen dio. 1, 2 eta 5-gn. bertsoa zortzi silabadunak dira; 3 eta 4-gna, berriz, bostsilabadunak. 1-ak 2a eta 5-kin puntu asonantea du eta 3-ak 4-akin.
Bertso batzutan nabarmena da idazkera «basatia». Poeman «hotzak», «ukabilak», «labanak» «harri-biraoak», «gordin hozkatzen duten ukabilak» azaltzen dira:
«Hozka gordin ukabilak,
hamar laztan fusilak».
Poetaren irudimen araura, balen aitzairuek «azkazalak» dauzkate, eta gaztearen gorputzean «algara» dagite:
«Aitzairuzko azkazalak,
soinean balen algarak».
Hirugarren estrofak intentsitate liriko larria du; bertan, gazteari «Euskal Herri isil asko doakiola» esaten da maisuki:
«Ah, zenbat herri
(Euskal Herri isil)
doakio hola etzanik. . . «
Zalantzik gabe, estrofa honetan datza poema osoaren muina. Txikiaren herio-arrazoina zaurietatik «ihes doakion» Euskal Herria da. Poeman, gainera, baserri-giroko bi irudi bizibizi azaltzen dira: gurdia eta zekorra.
Zazpigarren estrofa halako erreboltazko expresakeraz jazten da:
«Kutxilo beltzen basoa
eza haiz gaurkoz nahikoa?
Horra Eustaki
(zekorra iduri),
non zekor bikainagoa?».
Ondoren, poema, laugarren estrofan zuen klimax-egoera-ra itzultzen da:
«Bai, zekor horri
zenbat Euskadi
zulotatik doakio!!
Bestalde, gurdi horretan (preso eta hila) doana, herria bera da:
«Gurdian herri hau preso
(preso izanik ere libro)».
27. Nafarroari.
Nafarroari deritzan poema konposizio zaila da; poema honek bere muinean Euskal Herri ahizpa nagusia den Nafarroari erantzun bat eman nahi dio.
Errepikak Nafarroaren zaildura du motibu (bera burdinezkoa dela ez idi mantso-makurra baiesten da).
«Atzo orroa ta burdina
zinen (zezen harroa),
atzo metal irakina,
gaur idi isil, mantsoa».
Hasera-haseratik, Nafarroako euskal identitateaz erreflexio bat egiten da, paisajearen lotura bisemikoa bilatuaz:
«Eremuen luzadura
gaitza da, fingabea,
mila linea ilun, zakar
(hutsal, makal) iheska,
Nafarro zailak barnetik
soro luzeen luzea».
Nafarroari min egiten diote soro ilunek, min dagiote eremu luzeek; dena aintzinan geldituta dago berarengan.
Gaur Nafarroa a da atzoko erreinu baskoina; bere oraina xaharturik dago; poetak ez du ezagutzen Nafarroa euskal identitatea galdu duelako: bere hinkuntza nazionala euskara hiltzen ikusten da.
Atzoaren eta orainaren dikotomia biziki nabarmentzen da estrofa honetan:
«Ah, bere orain xahar honek
aintzin hura baleza,
ah, orain hau gazteago
ahal baliteke gerta!».
Lehen euskara Nafarroako eremuetan ekaitza zen, lehen nafarren ahatsa bizkorra zen:
«Lehen Euskal Herriaren zain
bortitza zure hatsa,
lehen euskara gaitza zenun
zuk barneko ekaitza».
Nafarroak, euskal balioak zapuztu diren ezkeroztik, nortasuna ilunduta dauka, deseginda dauka; haro-hona dabil:
«Ah, aintzinatik orainera
zenbat bide beherantza,
Euskal Herriaren ama
zinela ez zuk antza...!»
Poetak berriro galderak ditu; ondoren dio: alfarrikakoa da nafarren identitateaz mintzatzea, «euskal sustrai basatiak» lotan daude.
«Ah, galdezka zabiltz larri,
zu euskalduna al zeran
(zu nor zeran, ni nongoa?),
aih, galderaren banal».
Poemak, guztira, batasun sakon bat agertzen du mamiz eta formaz; neurriz zortziko tipia da (8, 7, 8, 7); puntua asonantatua.
Epilogoa
Kantu altua
«Kantu altua» zabaldura nagusia duen elegia dugu; dudarik gabe, orain arte Mujikak egin duen dolu-poemarik handiena. Poema elegiako honek (1969-an) Tolosa-ko Bentan Haundi-n Xabi Etxeberrietari gertatutako heriotza du argumendu.
Ikusiko dugunez estetika hemen (bai mamiz eta bai jazkeraz) ondo trabatua sumatzen da; surrealismoaren errekurtsoak bertan nahiko nabarmenak dira. Tragedia guztia euskal paisaje «dramatizatu» batean girotzen da. Azter dezagun kantua atala-atal.
a) Aurrekanta.
Bertso bakoitzean irudi kondentsatzioak daude. Indar hori modulo zehatzen bidez lortzen da; adibidez, «haginez», «iltzez», «mailuz», «orratzez», etab.
«Kezkaz batera haginen,
hortzen, iltzen (al dakit?)
mailu eta horratz zailen
erauntsia gainetik».
Aztertu honoko metaforen indarra: «begi asesinatu iduri», «limoi ustel hotz-nagi», «zain berotan likor hautsien antsi». Ikusten dena, sinestesiak ugariak dira, prosopopeiak ere bai. Xabi bera ausardia da; bere basatitasunean basurdea dirudi; batzutan, zezena bailitzan, gaztea, idi makurrari kontrajartzen zaio.
Ardoaren irudia indarkeri-giro bati itsasia azaltzen da. Ardo hori «basatia» da:
«Xabi, gaztea haiz, piztien
esperma bezain basati,
ire odola ardo beltzen
kaskada gaizto, hautsi».
Lehenengo partea halako doinu hernandianoz betea datorkigu; zezena eta basurde itxura duen gazte horrek jarrera adoretsua hartzen du herio aurrean. Gazteak, bere bizkortasunean, «burdinak» ere bazkaltzen ditu:
«Heriotza bera haginka
ah, esan gazteari,
burdinak bazkaltzeko
ieiha nork dion, bada, jarri?»
b) Espaloian gertatua.
Kantu nagusi honen bigarren parteak orkesta bat dirudi; horretarako bertsoak errepikatzen doa astiro. García Lorca-ren kantuan «a las cinco de la tarde» zena, hemen «Benta Haundiko espaloian» bihurtzen da. Zati honetan dena dentsitate eta indar da; poetak idaz-angelu guztiak ongi profitatzen ditu. Beraz, «Benta Haundiko espaloian» leloa 16 aldiz errepikatzen da, eta bentako bertsoak textuinguru berdina duten joko larriaz azkenburutzen dira:
«Espaioiaren apain gorrian, ezpain gorriaren espaloian, Xabi, aih, ziplo zegoan. . .»
Bigarren parte honek Ravel euskal musikariaren «Boleroa» gogarazten digu; dakigunez, «Boleroa» musikaldi bakoitza soinuen errepika nagusiaz autoindartzen da.
Kosmo-izadiko elemenduak metafora ausertetan erasoz azaltzen dira; hemengo metafora gehienak ez-lagunak dira azkeneko euskal literaturan. Hona hemen, adibidez, batzuk: «arratsak azido latz-eroriak», «basurdearen hortzak mutu-isil», «piztiaren azkazalak umil», «gure herria metaletan murgil», etab.
Gazteak herio aurrean sentituriko ezina adierazteko, «lehengo burdinak ez dira hain burdin» esaten da. «Burdinak», autorearen poesigintzan, gaztearen «bizi-leihaketa» adierazi bide du; orain, ordea, hil-orduan bizi-indar hori ez da burdina («burdinak ez dira hain burdin»). Dudarik gabe, egileak galdera funtsezkoenetara iristeko errekurtso guztiak erabiltzen ditu.
«Iturria nolatan da hain gorri»,
«Zulo hain handi nork dio jarri».
Zati osoa, samin biziz kutsututako harridura sakratuz, bukatzen da:
«Ah, denok makur gaitean,
belaunika, isildu,
izu-lotsatu batean!!»
c) Kantu altua.
Hinugarren atal honetan lehengo erritmo nagusia, nolabait, izkutatu egiten da, eta bertsoak zortziko tipietan, aria eta zorrotz, berrazaltzen dira.
Aldiaren trinkotasuna irudi surrealistetan azpimarratua dator. Bertsoen zehar maiz galdetzen, deskribatzen, elkarritzegiten da. Poemaren muin-irudia Euskal Herri beraren tragedia da.
Gaztearen zauriak elkarrizketa tragiko baten aitzaki dira. Zauriak eskaintza baten expresakera dira; bere zaurien fruitua biltzean herriak hatsa bultzada, kemena eta itxaropena irabazten du:
«Hire bost iturrietatik
(izter, bular, burutik)
herriak hatsa, bultzada,
promes hobeen edari».
Ondoren, poema originalitatezko metafora-sailetan biltzen da; kontraposizioak ez dira falta. Adibidez, Euskal Herriaren zortzi sekulako malenkonia (malenkoniak hemen zapalkuntzaren tristura adierazten du), «azkazal pilatuen haserreak datozkit» esaldia, etab.
Poesialdi honen azken zatian, ordea, expresio baldanagoak ageri dira; doinua, bizia aberriaren alde eman duen gazte hilaren aurrean, umila eta horia bihurtzen da. Poetak, larriduraz, gazteari odolik gehiago ez emateko eskatzen dio:
Xabi, odolik gehiegi
eman duk. Geldi, geldi!
«Geldi, geldi!» horren izugarria abertzalearen oparian datza. Abertzalea odol osoa isurtzeko prest dago.
Pausarte horren ondoren, berriro itxaropena azaltzen da, herioaren utilitatea sumatzen. Orain, zezenak idi makurraren nagia gainduko du; Xabi Etxebarrieta, nahiz-eta euskal lur hotzean etzanik egon, aurrerantzean ez da idi soila (morroin zapaldua) izango, zutik eta hodeitan (libertate hazia) hiltzen den zezena baino. Estrofa baiespen bizkor honetaz amaitzen da: «Bainan, laster gure idia berbihurtuko pizti».
d) Oroimen larria.
Laugarren partean erritmoa askoz geldiagoa bihurtzen da; aurretiko neurri laburra utziaz, o asonantea duten bertso hamartsilabadunetara pasatzen da. Neurri-aldaketa hau txokantea gertatzen da, Mujikak, bertsolaritzan, hain, ohitua den zortzikoa, gutitan erabiltzen duelako. Poemaldi hau, herriaren alde bizia ematen duen, abertzaleari kantatutako abestia da.
Onain ez da elkarrizketarik egiten, Xabi ongi hila dago:
«Odola gelditu da, gogortu,
oroipen beltz-moreak eraso».
Xabi, dagoeneko, ez da hibai beltza, dolu-ibarra, heriotze eta hutsunezko sakonaldea baino («begiak ilunaren hibaiaz itxi, itzali zaizkio»). Lizar nagia (poetaren poesi-munduan hain errepikatua) gazteak laguneko du herio-orduan:
«Arto-lizarren dolorean ez
al da, berriz, gaztea jeikiko...
«Jeikiko» hori heriotzaren emozioaldian punturik umilena da. Hemendik gerora, odol isuriaren «hazi sakonetan» poema (gazte eta libre altxako den herriaren kantua) fedez eta itxaropenez igotzen da. Euskal Herriaren herio-soinuak zainetan daude, bainan, egun batez, soinu hoiek salto eta jolas egingo dute.
«Euskal lur beltzaren erraiean
hire zainak, hire hatsak harro,
aberri berri honen zaratak
hirekin dezatela jai, salto!».
Poema irakurrita, garbiro konkluitzen da hau: Benta Haundi-n herioa itxaropenez gainditua izan dela. Konstatapen hori nolabait nagusitzeko egileak bere eskutan zituen metafora ausartenak erabili ditu. Kantu bikaina benetan.
Uste dugu euskal poesiak hemengo poema-zati batzutan bere gailurra jo duela.
Edertzale