Nazio-identitatea herri-kidetasunaren harian garatutako izaera dugu. Nonbaiten jaioak gara, norbaitekin bizi izan gara, eta zerbaitekiko atxikimendua garatu zaigu ezarian-ezarian sozializazioaren joan-etorrian. Nire ni-ak «gu» asko izan ditzake, jakina, zein zabalagoa zein meharragoa, baina egiaztapen honek, besterik gabe, ez du deus argitzen.
Kontua ez da, beraz, identitate-aniztasunaren leloa hitzetik hortzera ahotan hartzea, nortasun-eragileen hegemonia-maila baizik. Zerk egin gaitu, alegia, funtsean eta oinarrian, nazio-identitate hegemonikoaren baitako? Ikerbide honetan barrena abiatu bezain laister, eskolaren mundua aurkitu dugu gori-gori. Nazio-nortasunaren arragoa izan dugu luzaroan, eta orain ere ez dabil oso atzean lan horretan hezkuntzaren mundua. Globalizazioaren aroan, dirudienez, nazio-identitatearen eragileak asko eta askotarikoak ditugu. Dena dela, Eskola izan dugu nazionalismoaren hazia modurik nabarmenean erein deneko ideologizazio-gunea, eta gaur egun ere ez daude amore emateko gertu Estatu-nazioaren nazionalismoak.
Zer egin behar dugu guk, euskaldun gisa, Martinicoren historia hits honetan? Erantzuna abertzaletasunaren bidetik baizik ezin etorri: esanak esan, gutasun guztiak ez baitira balio berekoak. Has gaitezen, hortaz, bereizten, lehenbailehen, irakasle-andere±oak buru ditugula.