Unibertsalismoa edo kosmopolitismoa batetik, beraz, eta kultura-erlatibismoa edo nazionalismoa bestetik. Horra sokatiraren bi muturretan dabiltzan argudioak, zein baino zein zorrotzago. Azken buruan, eta nire golkotik ari naiz orain, horrelako antinomien atakan ez da gehienetan langa behar bezala irekitzeko aukerabide egokirik izaten. Kategoria horien osaeran dauden ideologia eta jarreren baitako auzia izaten baita auzi erabakitzailea: nazionalismoaz ari garelarik, zer eratako nazionalismoaz ari gara? Besten herri-nortasunak asimilatu arteko onik ez duen nazionalismo menderatzaileaz, ala arlotearen arlotez bere historiaren enbor erdi-eroria zurkaiztu ezin duen herriaren abertzaletasunaz? Beste horrenbesteko tartea egon liteke, batere zalantzarik gabe, unibertsalismoaren izaerari doakionez? Zertan datoz bat, globalizazioaren mozorropean dabilkigun kosmopolitaren mundu-gosea, eta munduaren laurdena goseteak jota dagoelako leherrenak egiten ari den mundutar kezkatuaren jokaera? Ezertan ez, bistan denez. Orduan, hitzen muinean dagoen jokaeraren mamia ezagutu gabe, nekez argituko ditugu gizakumearen asmoak, gogoak eta benetako helburuak.
Nik neuk bi hegemonia-motaren beharra azpimarratu nahi nuke gai hauetan. Batetik, identitate-izaerari dagokionez, aniztasunaren eta ugaritasunaren hegemonia. Munduan honelako sistema politikorik gailenduko balitz, herririk apalenak ere ez luke hilzoriaren nahigabean amildurik bizi beharko. Nazio-nortasunaren gauzarik baliagarrienak bere eskuko lituzke, mundu mailako legerian eta praxi politikoan oinarrizko printzipiotzat ezarria egongo litzatekeelako. Bestetik, ostera, berdintasun sozio-ekonomikoaren hegemonia: hots, munduko politika-lerro nagusienen gidaritzat hartuko litzateke mundutar ororentzat bizimodu duina egiteko baliabide-ondasunak eskueran edukitzea. Pobreziaren infernua, egungo munduaren eredua, ez litzateke zilegitzat hartuko berdintasunaren irizpide hau goi-helburutzat hartuta.
Amets xuri-gorrietan sartuta nabilela dirudi. Baina, zer egin dezakegu utopiaren itxaropenari leihoa irekitzen ez badiogu? Desberdintasuna ezin ote da bada berdintasunarekin ezkondu? Kontrajarriak dira hitzak, berez; ez, ordea, dagokien testuingurua esleitu ondoren. Nortasunaren hegemonia, dena delako nor indibidualean edo kolektiboan, nor izaerari jarrai dakion; berdintasunaren hegemonia, etikaren nor moralak bere bizitza modu duinean era dezan. Nor izate nazionala eta nor izate soziala txanpon berberaren bi alderdiak dira, garai bateko hizkeran zehazki azpimarratu ohi genuen bezala.