Goizaren argi berriz beterik dago gela. Pareta zuri altuetan neguko eguzki leuna islatzen da. Luisek zure masaila, belarria eta ilea sentitzen ditu bularraren gainean. Badaki esnatzen ari zarela, baina ez dizu begiratzen, nahiago du begiak itxita sentitu nola mugitzen duzun pixka bat burua eta nola ematen diozun muxu axaleko bat. Hotzikara. Orduan, berak eskua sorbalda artetik ipurdiraino jaitsi dizu bizkarrean lerro zuzen bat marraztuz, leun, erdiko hatz-puntarekin. Azala pinportaz bete zaizu.
Barre kutsuaz botatzen duzu airea sudurretik zarataz, baina ez duzu ezer esaten, ez zara ausartzen, ez duzu nahi gora begiratu, ez duzu nahi Luisen aurpegia ikusi oraindik. Gelako pareta hutsak zuriz pintatuta daude. Sabaia oso goian dago. Kortinak ere zuriak dira. Sabai ertzetako estukoek oso irudi politak dituzte, arrosa potolo batzuk. Ohearen parean dagoen ispiluari begiratzen diozu eta, aurpegia zerbait jasota, zeure burua ikusten duzu ispiluan, zu eta Luis maindire zuri artean. Luisek irribarre egiten dizu ispilutik. Gustatu egiten zaizu ispiluko irudia. Ispiluko irudia... pentsatu duzu. Zintzilik geratu zaizu esaldia beste nonbaitetik baletor bezala. Idatzi egingo zenuke.
Denborarik ez balego, mundurik ez balego, baina, batez ere, denborarik ez balego. Bezperako zorabioa datorkizu urrutitik entzuten den musikaren antzera. Negarguraren moduko zerbaitek estutzen dizu eztarria eta indarrez besarkatzen duzu Luisen bular gihartsua. Gorputz biak paraleloraino irristatu dituzue eta izerdi lehortu nahasien usainari gorputz ikara itzultzen zaio ordain. Nekea barre algara bihurtu zaizu eta Luisek zure algarak jan egingo lituzkeela esaten du. Besarkada itxi du, gainean etzan zaizu, bere ezpainek zureekin bat egin dute, bere zakila zure sabelaren gainean bero eta bete sentitzen duzu. Gora behera mugitzen hasi da. Aldakak jaso dituzu beregana, bere sexura, bere zakila antsiaz estutuz.
Urtutzen ari zara, begiak itxi, indarrak batu, arnasa hartu eta zartatu, azkenean leher egin, sumendia zara, iraileko olatua Paseo Berrian, praile budista laranjaz jantziek jotzen duten gong erraldoi baten erdigunea, eztanda, Niagarako kataraten ur jauzirik azkarrena, abuztuko txupestak Kontxan. Luis maite duzu, irentsi nahi duzu edo bere barrenean desagertu, zu desagertu bere berotasunean, bere bustitasunean urtu, bere esperma isuriak estal zaitzala.
Perfekzioa, akatsik gabeko unea, erabateko zoriona, orainaldi betea.