A
abertxalé. Herriaren independentziaren aldekoen etxe dotorea.
abertxaleko. «Alderdi Eguna»-ra joateko, kaikuarekin eta txapelarekin batera janzten dena.
abizkide. Lagunarekin batera jaio zen anaia.
adioskide. Trena hartzen duen momentuan ikusten dugun laguna.
adivide. 8:2=4
afariseo. Jesukristoren kontrako elkarte gastronomiko bateko kidea.
agintararí. Tronpeta-joleen nagusia.
akatstitate. Sexuari uko egitea, modu baldar, txar eta desegokian.
alkalte. Udal-buru desastrosoa.
altxortan. Piratek, lurperatutako ontzurreak aurkitu eta gero, hortantxe jarduten zuten.
alviiiiiste. Notiziak, berriak, Argentinan.
Amara-mara. Elurte ikaragarriak sofritzen dituen Donostiako auzoa.
Angola. Lehengo mendean, bukaera aldera, marinel ondarrutar batzuk iritsi ziren askoz lehenago portugaldarrek kolonizatutako Afrikako eskualde batera. Hondartzara jaitsi orduko marinelek beren irrikari ekin zioten, orduantxe ingelesek asmatutako kirol berri bati, hamaika laguneko bi ekipo eta baloi batekin jokatzen zena. Partidua hasi eta bertako asko inguratu zen, ikuskizunak erakarririk, eta nola marinelak hogeita bost baino gehiago ziren (22 + arbitroa + marrazainak oso okupatuta ari ziren) begira ari zirenek kirol berriaren berezitasunak esplikatzen zizkieten indijenei. Halako batean, Agustin Muguruza Sagastume, «Chiquito de Ondárroa»-k ezker-ostikada beldurgarriz zulatu zuen Inazio Agirregomezkorta Jaka, «Kaxiguapo»-k defenditzen zuen atea. Fernando Beitia Izurtza, «Legatzas»-ek aldamenean zuen indijenari esaldi historikoa esan zion. Han! Gola! Bertako gizonak segituan errepikatu zien aditutakoa lagunei, eta laster bihurtu ziren hitz horiek pixkanaka eratzen ari zen nazio berriaren izen.