Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

INGURATUTA GATXEUDEN

Joxean Sagastizabal

        Goienetxeko Tomas odol-arrastoa segi ka zeukala herriratu zen ameskaiztoari hasiera eman zion goiz hartan, isurtzeari alper-alperrik eutsi nahian, eta Plaza Nagusiaren erdian hil zen, Don Jesus medikuaren ahalegin desesperatuei muzin eginez, «Tomas, Tomas, ene Tomas» oihukatzen zion bere emaztea abandonatuz. Altxatu zen Don Jesus, negar malkotan, eta koadroa pelikulan heroea hiltzen denekoa zen, emakume gajo bat gizon hilari laztanka, Don Satur apaiza bere erretoliketan eta herria inguruan, koro isila. Gaizkilea, doilorra, nonbait garaile.

        Hiletak eta ehorzketa bukatutakoan baieztatu zuen Don Jesusek ahoz-aho zebilena, hankatartea txikituta zeukala Tomasek, erauzita, garbi asko zegoen piztiren batek eraso egin ziola, non eta hor hortzakatuz.

        Eta hurrengo hiru asteek herritan bana lapurtu zuten, Zubiaurreko Ramon, Makazkueko Antton eta Pagoetxeko Ramiro, eta hau izan zen etsaiaren nolakoa apur bat argitu zuena, azkeneko momentuetan «azeria, azeria» errepikatuz itzali bait zen.

        Herria ez zen herri. Margarita Intxaurza, Ateagakoa, zera esanez azaldu zen, ia itsu zeuden, ia ez al zuten ikusten azeri batek gizonei koska hor egitea Jainkoaren zigorra zela derrigor, Ramon eta Ramiro putero ezagunak zirela eta zeruko juezak jakingo zuela beste bien pekatuen berri, animalia Jaunaren morroi leiala zen. Garraisi batean erantzun zioten Tomas eta Anttonen alargunek, isiltzeko Jainkoagatik, beraien gizonak gizaseme maitegarriak izan zirela, eta ia noiztik zeukan Zeruarekin hainbesteko tratua, bera, elizara behin ere azaltzen ez zena, mutxurdin erdi sorgina. «Putero»en alargunek, berriz, hitzik ez, ederki ezagutzen bait zituzten hildakoen ibilerak. Herrian erabat zabalduta zegoen zerbaitengatiko zigorraren ustea. Orduan aditu zen plazan, hor zegoelako nolabaiteko biltzar iraunkorra, Sistiagako Joxek bota zuena, azeriak pizti bilakatutako pertsona behar zuela, gogoratzeko ipui famatu huna, herrian jipoitutako umearena, basurde bilakatu zena, emakume baten arimak gidatzen zuela haren jokabidea, gizonekiko gorroto itzelak bultzaturik, eta horrela errez entenditzen zirela animaliak egindakoak, mendekua zen, mendekua, bizi zelarik gizonek sufrierazitako emakume edo neskatila batena. Denoi orduan izen bat etorri zitzaien gogora, Karmen Torrekuakoa, herriak bizitako azkenaurreko trajedian protagonista. Karmen orbelaren gainean aurkitu zuten goiz batean, izter zuriak errekasto gorriek margotuta. Ondoan hiltzaileak erabilitako arma, neskaren atxurra.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki