Iluntzean Karmelo portutik dabil, eskuak sakeletan, serio bola gorriari bihar arte esatera joana. Urrats arinak atzean, umeren bat...
Arratsaldeon, mutil.
Ui! Kaixo!
Zer? Harritzekoa al da ni ikustea?
Kasualidadea, egun berean bi aldiz...
Askotan etortzen portura?
Bai, iluntze aldera oso normala da, bueltatxo bat hemendik, aire piska bat hartuta Zaharrean sartu, zerbait edan ta etxera, ez naiz normalki inorekin elkartzen.
Bakardadea maite ala lagunik ez?
Lagunak badauzkat baina astegunetan gehienetan bakarrik ibiltzen naiz, batzuetan nahi ta, beste askotan ez.
Nora zindoazen, Akuario aldera?
Bai.
Lagunduko zaitut, gaur bakarrik egoteko gogoz ez bazaude behintzat...
Ez, ez nago, eta zu zer? Bakardadea maite ala lagunik ez?
Gutxi gora behera zuri gertatuko zaizuna gertatzen zait, lagunak baditut baina askotan behar dituzunean ez dira azaltzen edo bestela haiekin poteatzeko gogorik ez eta honuntza ateratzen naiz, lasaitasun hau bakarrik gozatzeko gogoz egoten naiz sarritan...
Oso poliki doaz, iluntzea ez baina presaka joateko ordua, elkarri begira, itsasoari... badoa Lorenzo.
Ni batzutan lasaitzen naiz hemen eta noizean behin ere tristatzen, segun...
Ni Jeneralean haize honek animatzen nau...
Hau ez litzateke egun argitan gertatuko, eguzkitan batak «hau beroa» esango luke, umeen atzetik karrasika doazen amak, itsasuntziak, orduko bizitasunak ez liekete haietaz gogoratzeko denborik emango.
Unea ia perfektoa da, portuko giro ameslarian bikote gazte bat hizketan; paisajeari lagundu nahian eta inguru guztiak bultzatuta Jonek, emeki, mutilaren eskua heltzen du.
Harritzen al zara?
Bai... (eskuak izerditan edukitzen dituela gogoratzen du, lotsa apur bat gaindituaz, tontakeria dela erabakitzen du eta esku beroa hestutzen du, maitekiro) egia esan bai...
Gustora nabil eta gogoa sartu zait.
Dana goraka doa, unea perfektoagoa da, iluna-barraren parte direlakoan beharreko guztia egiten dute.