Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

PAIXIBO

Joxean Sagastizabal

        Gau-pasa egin zuen Lairot Ordeniakoak, eta ordu ilun haietan nekazari gertatu zen, eta hazi emankorra erein zuen bere izaeraren soroan. Bizitzaren azken borrokan odol eta kemenak oro dantzatu behar dituen gudariaren agerkeraz joan zitzaion Onerori honek egunsenti freskoan hots egin zionean.

        —Hire gaueroko loaldiak eta baita ere zuku honen bidez eragindakoak aprobetxatuko dizkiagu. Hire buruari lelo hau errepikatu behar diok: «Ni neu azalduko naiz nere ametsetan», hori oso gogoan daukaala hartuko duk lo, besterik ez, edan ezak hau.

        Lurrun urdinska sortzen zen zukutik, eta buztin usaia. Edan zuen, garratza oso, eta laister loaren kanpaiak joka hasi ziren Lairot paixiboaren ezagueran. Loa bereganatzen zuen dei maitekorra zen eta «Ni neu azalduko naiz nere ametsetan» errepikatuz abiatu zen.

        Ez zen azaldu, gogoan zeukan amets-puskan Unur azaltzen zen, Irgori okelak moztuz eta hortzakatuz, djinnen moduan.

        —Lasai, piskanaka gertatuko duk, egunean bi loaldi eragingo dizkiat, eta gero gauerokoa zegok, laister normal-normal agertuko haiz.

        Zapara Onerok asmatu egin zuen berriz ere. Astebete ondoren beti ikusten zuen Lairotek bere burua, segundo batez sikira, gero ametsak ohizko imajin misteriotsu, absurdo eta kontrolaezinetan mamitzen ziren. Hurrengo pausoa imajina irauneraztea izan zen, hurrengoa toki ezagunetara «joatea». Hilabete pasa zen.

        Unur basamortura begira zegoen. A ze asperraldia! Lairotek ez zion kasorik egiten ja, ikasten hasi zenetik. Lanean ez bazen ari, lo, alegia, Onerorekin paseian ibiltzen zen, edo bestela harkaitz punta batean eseri eta orduak ematen zituen pentsakor. Gaur ordea heldu zion, bazkalondoa zen, eta maitearen burua magalean zuen, atsedenean. Onero bero kiskalgarria zeharkatuz ondoratu zitzaien.

        —Zer moduz hago, Lairot?

        —Neka-neka eginda, jauna.

        —Lan handia egin duk. Gizakiaren egiazko atsedena ametsak dituk, amets libreak, martxa honetan jarraituz gero zeharo zoratuko hintzateke, hire garunek gainezka egingo liketek. Aski oraingoz, gainera, beste berrri bat zeukat zuentzat, interesatuko zaizuelakoan natxeok.

        —Zer, osaba?

        —Hiru egun barru abiatuko dun Beidia aldera Konanek gidatutako gudarostea.

        «Konan»-ek ehundoko iraultza eragin zuen Lairoten erraietan. Haizeak errautsak astindu eta sua gori-gori ageri zen, eta paixiboak prest zegoela jakin zuen, borrokarako pronto eta erasotzeko irrikaz. Oroimenak ahazterazi zizkion nekeak, amorruak pizkortu giharrak eta jakinduriak ernarazi ideiak. Bazihoan.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki