1980rako urte pare bat falta zela, uztaileko arratsalde sargori batean ailegatu nintzen zibilizazioaren azken portura, Tolosara.
Mendian gora, Vasconum.
Hemeretzi urtez asfalto hutsean hazi eta baserri batera joan nintzen, neure burua Josechu el vasco bihurtu nahian.
Maleta handi batekin.
Kristoren bero bustia.
lbaiak (akaso neolitikoan ibai izanak) kirasturik guztiz giroa.
Indijena batek seinalatu zidan bidea; tipoak ulertu nire galdera, eta arras harriturik ni, euskaraz komunika nintekeela eta. Beraz, aurrera eta ezkerrrra, tuneletik; kostau egingo zitzaidala, oinez eta dema-harriari tiraka; esan beharrik ez.
Izerdietan blai iritsi nintzen tunelera, pizkortzeko paradatxoetan usain nazkagarri hura. Tunela pasa eta Marino Lejarretaren ameskaiztoetan azaltzen zen aldapa. Kontaktoak esana: «herriaren kaskotik dexente lehenago, baserria bakarrik dago». Ni ere bakarrik nengoen, ai juana! bakarrik eta neka-neka eginda, eta lanrroberra tuneletik, eta indijena potolo-txapeldun-puroduna txofer.
Atsalde on!
Berdin.
Noa hua?
Aranguren baserrira, eram...
Bai, gizona, sartu!
Barrura.
Aranguren prostuf-iar-txaputi?
Nola esan duzu?
Aranguren ñok txarriniau familia?
Eeeh, ez naiz familiarra, euskara ikastera nator.
Euskera ikastera? Ah, buen sitio Harrialde, todos hablamos aquí, aprenderás enseguida, ya verás.
Hori uste dut, eta horre...
... llau gaituk! Aranguren hauxe dek! Flusping-txetxerrep eta asko ikasi!
Eskerrik asko.
Una cosa tengo que desirte, los de Aranguren no hablan tan claro como yo, tienen fama de hablar serrao.
Ai Santa Gertrudis!