XI
Gorriak Ormaiztegi-n trenaren zubia puskatu egin zuten, eta andik aurrera Donosti-rako bear ziran gauzak, kamiyoz ekarri bear izan ziran, berriz zubi au egin zuten arte.
Erdozia jaunak, gure nagusiak, bazeuzkan bere txoferrak, bañan Lizeaga zeritzayon beste transportista batek bazeukan txofer bat ona eta oso trebea, Migel Anza izena zuana, eta Erdozia-k esan zion Lizeaga-ri, ia txofer ori prestatuko zion Ormaiztegi-ko zubia egin arte, eta bayezkoa erantzun zion. Eta ala etorri zan Migel astelen goiz batean, gu danok garajean geundela, eta Erdozia-k esan zion:
Etorri al aiz, Migel?
Bai, onera etortzeko agindua eman dit nere nagusiak.
Ara ba emen kamioi berria. Ik estrañatu bear dekana, marca internacional. Emen zeudek nere mutil guztiak, eta abetatik artu itzik bi, erorrek nai ditukenak, ire laguntzalle izateko. Donosti-tik Zumarraga-ra asi bear dek gauzak eramaten eta ekartzen.
Migelek ongi ezagutzen zituan Erdozia-ren mutillak, eta bazekien langille bizkorrak bear zirala kamioya azkar betetzeko eta ustutzeko, eta au erantzun zion:
Ba, nik bear ditudan mutillak, abek dira: Manuel Gorra eta Sebastian.
Eta alaxen asi giñan lan artan. Egunean iru jornara egiten genituan Donosti-tik Zumarraga-ra. Joaterakoan geyenean jaboya eramaten genduan Lizarriturri-ren fabrikatik, eta etortzerakoan berriz gauza guztietatik ekartzen genduan: ikatza, arrautza, platanua, edo egokitzen zana.
Manuel Gorra Errera-n bizi zan eta ni berriz Ayete-n, eta goizeko lauetarako Donosti-ko «Autonomía» kalean egon bear izaten genduan. An zegoan Erdozia-ren garajea, eta ara biltzen giñan txoferra eta bi mutillak. Automobillean asko ibiltzen giñan, baña bai oñez ere; gaubean guk lanari uzterako izaten baitziran amaika t'erdiak edo amabiak, al zanik azkarren ibilita gañera, eta berriz ere oñez etxera danba-danba.
Patrikatik jan eta orrenbeste ordu laneau pasa, eta amar pezta eguneko soldata. Nagusi arek ere, beste askoren moduan, altzairua baño gogorragoko biotza baitzuan. Guk esaten genion:
Patxi, gure otorduak pagatu bear dizkiguzu ba... Ezin ibiliko gera geuren patrikatik pagatzen degula.
Nik otorduak pagatu zuei? Ez bazerate konforme, segi etxera!
Oso ordu gutxi izaten genduan gaubean lotarako, eta Manuel Gorrak eta nik bereala lo artzen genduan txoferraren ondoan motorraren berotasunarekin.
Gu lotan giñala, txoferra aspertuta joaten zan, ixil-ixilik orrenbeste bidean. Bañan Ezkioga ingurura irixten giñanean, biok astintzen giñun esanaz:
Begira, begira Ama Birjiña txuri-txuri!
Eta guk sinisturik:
Nun? Nun?
Ara, ara nun dagoan aritz-arbolaren puntan!
Eta gezurra: urte batzuk lenago jendea erruz ibili zan inguru ayetan Ama Birjiña ikusten zutela esanaz, baña dana kontua. Autobusak eta taxistak egin zuten orduan itxasora gabeko Ameriketa. Izandu ziran Ama Birjiña ikustera utsik joan ziran neskatxa gazteak eta «maletarekin» etorri ziranak; gero jendeak esaten zuan, Ama Birjiñaren milagrua zala.