Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

JOAN ETA ANE ZIGARRO BAT ERRETZEN

Ibon Sarasola

        «Ez dit ezpaineratzen» pentsatzen du Anek Joanen eskuan dagoen zigarroari begiratzen dion bitartean. Memento batez besoa mugitu gabe geratzen da, oraindik esperantza galdu ez balu bezala. Joanek begiratu egiten dio eta mindu egiten da. Azkenean zigarroa hartzen dionean haren behatzak ukitzeko eran egiten du. Esplikazioren bat eman nahi luke, baina orain Joanek beldurra bezala ematen dio, ez dakiela zer esan edo nondik has¡ sentitzen du. Agian zertan pentsatzen ari den galdetuko dio Joanek, eta «gure kontu honetan» edo horrelako zerbait erantzun dezakeela pentsatzen du. Mihia beheko ezpainetik pasatzen ari da, «eta zu zertan ari zara pentsatzen» entzuten duenean. Memento batez dudatzen du.

        —Ezertan ez. Zu bezala.

        Anek zigarroa ezpaineratu du. «Beti pentsatzen da zerbait. Ezin daiteke ezer pentsatu gabe egon» entzun duenean, gustatu ez zaion zerbait nabaritzen du Joanen hitzetan. Nekatuta bezala, gauzak okertuz doazkiola iruditzen zaio eta haserrearen antzeko zerbait sentitzen du memento batez, kontuak ez direla ari berak espero zuen bezala ateratzen ohartzen denean. Zigarroa begi baten aurrean jartzen du, lanparari so, «beharbada berari begira egon naizela konturatuko da» pentsatuz. Joanek zerbait esaten dio lanparaz, baina ez du ongi entenditzen.

        —Zer?

        —Ezin leikela osoa tapatu, lanpara. Urrutiago egon beharko luke. Edo genuke.

        —Zergatik urrutiago?

        Hitzegiten duen bitartean zerbait esateagatik ari dela ohartzen da eta «oi, ba gauzak txikitu egiten direlako urrutiratzen direnean» entzuten duenean galdera lelo bat egin duela sentitzen du.

        —Bai, klaro.

        Zigarroaren puntan papera nola erretzen den ikusten duen bitartean, Joanen erantzunaren doinuan pentsatzen du eta apur bat behintzat lasaitzen da. Biratu egiten du zigarroa behatzen artean.

        —Hartu.

        —Anek besoa luzatzen du eta irribarre egiten du sapaira begira.

        —Zenbat buelta egiten ari den zigarro gizagaxoa.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki