Sarrera-gisa
Antologia honen helburua apala da. Euskal-literaturako garai ilunenetako batetan moldatu den poemagintzaren berri eman nahi du. Garai ilunenetakoa esaten dugu, orduko gure literaturen parte inportante bat (parterik interesanteena esanen genuke) halabeharrez, tirada urriko liburu eta aldizkari ia ezezagunetan bizi izan zelako, arrazoi honen gatik gaur egun eskuragaitz gertatzen zaizkigun liburu eta aldizkarietan hain zuzen.
Gaizki ezagutzen dugun euskal-literaturaren garai batez ari gara. Horregatik, gureaganik hain hurbil dagoen garai hortaz eman ditugun iritziak eta egin ditugun kritikak, askotan, sinplifikazio baten frutu izan dira, ezjakintasunak ondorioz duen sinplifikazioarenak.
Gure lana hau izan da: zenbait euskalzaleren biblioteken apaletan zegoen material galdu bat aztertzea eta geroari begira balioren bat zuten poemak plazaratzea, jendartera erakartzea, irakurleak poemagintza honi buruz informazio zuzenago eta osatuago bat izan dezan. Ez ditugu hoberenak aukeratu, baizik interesantenak, gure ustez garaiko egoeraren alderik garrantzitsuenak hobekien adierazten dituztenak eta gaurko euskal-poesiaren joera desberdinak, neurriren batetan bederen, egokien endelega-arazten dituztenak. Alde honetatik gure hautapena (hautapen guztiak bezala) partziala eta alderdikoia izan da, hemen azaltzen denaz bestalde beste poesia bat ere egiten zelako orduan, orain ere egiten den bezala. Poesia-molde bau ez da ia agertzen antologia honetan, ez orduan eta ez orain, ez duelako, ikus-molde honetatik, interesik.
Antologia hau urtez urte ematen da eta ez autorez autore. Ez dugu nahi izan, beti egin den bezala, euskal-poeten obren antologia atenporal eta ahistoriko bat prestatzea, baizik euskal-poesiarena berarena, honen desarroilo eta aurrerabidearena. Aurrerabide hau nahi dugu adierazi hain zuzen, garaiko euskal-poemagintza bere bizitzean konpreniaraziz, bere memento on eta xarretan, elkar-influentzietan. Hortarako denbora iruditu zaigu ardatzik egokiena.
Beharbada liburu honek hitzaurre kritiko bat eskatzen du. Baina horrelako hitzaurre batek arrisku bat dakarke: irakurlea jadanik «interpretaturik» datorkion material baten aurrean jartzea, haren ahalmen kritikoa nolabait ahulduz. Honekin inork ez lukeela ezer irabaziko, eta azterketen garaia helduko dela pentsatuz, nahiago izan dugu material soila argitaratzea.
Azkenik eskerrak eman nahi dizkiet Xalbador Garmendiari, utzi dizkidan aldizkariak gatik, eta Juan San Martin eta Koldo Mitxelenari, eskura didaten materialaz bestalde, eman dizkidaten argibide baliosoak gatik. Halaber, Gipuzkoako Diputazioko Bibliotekako Irastorza jaunari, hau dela eta azken bi urte honetan hain gogo onez eskaini didan laguntza efizientea gatik.