Euskara Batuak ia hogeita hamar urte bete ditu, Arantzazun, bere kasa oinez hasi zenetik. Garat hartan erabaki ausartak hartu ziren, lau literatura euskalkiak batzeko ahaleginetan. Hogeita hamar urte pasatu eta gero, praktikan bi euskalki aurkitzen ditugu, ez lau: Iparraldekoa eta Hegoaldekoa; bata frantsesak mende samarrean hartua, eta bestea espainolak erabat higatua. Berandu baino lehen, beharrezkoa zen lemari kolpe zuzentzaile bat eragitea. Horretara dator «Euskara Batuaren ajeak» izeneko liburua.
Bestalde, etsenpluen liburua da Sarasolarena. Hots, aukeratu diren hitzak, adibidez hautatu dira, duela hilabete batzuk Kutxa fundazioak argitaratu zion «Euskal Hiztegia»-n azalpen bat behar zuen milaka hitzen artetik. Liburuaren asmoa ez da, ordea, hitz horiei buruzko azalpen hutsa ematea bakarrik, autorearen eskutik, hemen ematen diren argibide eta argudioen bidez, hemen agertzen ez diren hitzei ere aplikatzeko moduko irizpideak finkatzea baizik. Liburua bi aldiz irakurtzen denean ematen du idazlan honek berea, elkarri eragiten dioten leitmotiv, askoren bidez bilbatzen diren kontakizun edo poema luzeak bezala. Gero, osotasunari antzeman eta gero, hiztegi moduko hau kontsulta liburu gisa ere erabil daiteke.