Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

EUSKARA BATUAREN AJEAK

Ibon Sarasola

esne desnatatua. Ezin gehiago poztu nintzen, 1995eko otsailaren 24ko «Egunkaria»-n, 26. orrialdean, «Erdarazko esneak «nata» gehiago» izeneko gutunean, Jabi Ibañez de Aldekoak esaten zuena irakurri nuenean. Nire ustez gure terminologia ofizialaren gaitz agian nagusia ezin hobeki azaltzen zuen han, hain ongi non harrezkero esne desnatatuaren sindromea deitzen baitiot gaitz horri. Eta hain ongi non, nahiago baitut bere hitzak hona aldatu, nik bederen, gutunaren tonua gorabehera, ez bainuke kontua hobeki azalduko:

        Hara zer dioskuen: «desnatada» euskaraz esateko, «esne gaingabetua» gaitzetsirik, «esne desnatatua» esan behar dugula. Erdal hitz hau erabiltzeko «arrazoia» astakeria ederra da. Izan ere, «gainbagetua» txarto omen dago, «pentsatzen hasita» kaxatako esne osoak ez duelako esnegainik ateratzen irakindakoan, eta, hortaz, esnegainik ez badugu «gaingabetua» ez omen da arrazoizkoa. Tira, honaino, argudioa onar nezakez. Baina begira nola jarraitzen duen: «gaingabetua» esango ez badugu, zein hitz eta «desnatatua»! Ederra konponbidea!

        Hori ikusita, bi txorakeria hauen artean bat gutxienez onartu beharko dugu: 1— Esneak irakiten duenean ez du «gainik» ematen, baina bai, ordea, «nata». Horregatik «gaingabetua» txarto legoke eta «desnatatua» ondo. 2— Esneak euskaraz irakiten badu ez du gainik emango baina esne horrexek si hierve en castellano entonces sí da nata.

        Nik neuk zozokeria horiek ez ditut onartzen ez bata, ez bestea. Ondorioz ez dut ikusten zergatik «gaingabetua» den hitz okerra, eta «desnatatua» ordea, egokia. Nire ustez «desnatatua» bestea bezain ilogikoa da (ilogikoak badira, eta nik ez dut honela uste) eta, gainera, erdara hutsa. Badirudi batzuen ustez gaztelerak egin ahal dituen analogiak eta erabil ditzakeen malgutasuna eta lizentziak, euskarari debekatzen zaizkiola.

        Hauek dira Jabi Ibañezen hitzak. Azken azpimarratzea nirea da, eta hitz horietan biltzen da esne desnatatuaren sindromea deitzen dudana, baxura, karniboro sarreretan ere, besteak beste, ikus daitekeena.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki