Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

EUSKAL LITERATURA NUMEROTAN

Ibon Sarasola

        Literatur-zientziak, gainerako zientziek bezala, bere ikerketa-metodoen kritika bat burutu du XX mendean. Ahalegin honen ondorioz inbestigaketa-alorraren zabaltze bat gertatu da. Betidaniko azterketa filologikoaz gainera, badu gaurko inbestigatzaileak literatur-egitateari hurbiltzeko bestelako tresnarik. Hauen artean estadistika aplikatuak eskaintzen dion hurbilbidea ez da azkena garrantziaz, ez apalena errendimenduz.

        Lan hau euskal literaturaren zenbait alde kuantitatibori buruzko saio bat da, bere historiako hiru eperi dagokionez. Hiru epeotako literatur-produkzioaren eta idazlegoaren estrukturaren azterketa bat egin dugu.

        Azterketarako aukeratu ditugun epeak gerraaurrekoa, gerraondokoa eta gaur egungoa izan dira. Epe bakoitza estudiatzeko bi urteko aldiak hartu ditugu, batekoak hartuz gero muestrak (hitzaren zentzu estadistikoan) bere urritasunagatik nahiko adierazgarriak izango ez zirelakoan. Hirukoak hartuz, aldiz, ez lukete muestrok behar adina homogeneitate izango.

        Gerra aurreko egoera aztertzeko 1934-1935 biurtea hautatu dugu, epe horretan heldu baitzen garaiko literatura bere gailurrik garaienera. Gerraondokoa aztertzeko 1962-1963a da hautatu duguna, 1964-az aurrekoa izanik produkzio ugariena (eta ondorioz estadistikoki adierazgarriena) azaltzen zuena delako. Gaur egungo egoerarako, zifrak eskura ahal ziren bi azken urteak: 1972 eta 1973.

        Gure azterketarako aurrelan neketsuena muestren finkaketa izan da. Lana estadistikoa zenez gero ikerketa-materialak ahalik eta objektiboena behar zuen ezinbestean. Honek material hori asko mugatzera bultzatu gaitu halabeharrez.

        Epe bakoitzeko produkzioa estudiatzeko, bertan argitaraturiko liburuak hartu ditugu soilik kontuan. Gainera «liburu» hitza bere zentzu hertsian hartu dugu: 48 plamaz gorako publikazio ez periodikoa. Euskara hutsezko liburuak kontsideratu ditugu soilik, erdaraeuskarazkoen argitarazio, salmenta eta irakur-problematika euskarazkoenez bestelakoa delako. Liburu baten argitarazio-urtea erabakitzeko «Depósito Legal» delakoan azaltzen dena kontsideratzea iruditu zaigu fidagarriena eta objektiboena.

        ldazlegoa aztertzeko «idazle» hitzaren zentzua ia dramatikoki hertsi behar izan dugu. Epe batetan idazle bezala azaltzen dira, delako epe horretan gutieñez liburu bat edo elkar-laneko liburu batetan 48 plamaz gorako lanen bat argitaratu dutenak. Hasiera batetan kriterio zabalago bat hartzen ahalegindu ginen, baina muestrak halabeharrez eskatzen zuen mugatasun eta objektibotasunak honera bultzatu gintuen azkenean.

        Badakigu epe bakoitzeko euskaldungoak idazletzat hartzen dituenak guk hautatu ditugunak baino gehiago direla. Baina honek ez dio gure lanari adierazgarritasunik eta are gutiago objektibotasunik kentzen.

        Lan estadistiko guztietan bezala honetan era aztergai den multzotik muestra bat atera behar izan dugu. Gure jokabidearekin multzoko muestrarik adierazgarriena lortu dugula uste dugu, eta, beraz, muestra honi darion egoera, egoera egiazkoaren kontraispilu fidelena dateke. Bestalde, horrela jokaturik euskal-literaturaren irudi egiazkoa hainbat estaltzen duten euskaltzale hodeitsu eta idazle ia idazten ez dutenen multzo anbiguo hortatik libratu gara.

        Esan dezagun, azkenik, eta berresan, lan hau estadistikoa dela, eta beraz, ateratzen diren ondorioak taldeei dagozkiela eta inoiz ez talde horietako indibiduoei: estadistika batek gizonak emakumeak baino haltoagoak direla badio ez da hortik segitzen gizon jakin bat emakume jakin bat baino haltoagoa izan behar duela nahi-ta-ez. Bego exenplu elementalegi hau inor desbida ez dadin.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki