Ia ordu bete gelditzen zaio Luisi hegazkina hartzeko eta tabernara jotzen du, dagoeneko libre, lurrera kateatzen zuen maleta hegazkinaren bidean. Derrepentean, pausoa desbideratu eta egunkaria erostera doa. Oporrak, egunkaria, eguraldi ederra, etxerako bidean, Maite Uriarte.
Kartoizko tuboa mahaiaren gainean, Luisek whisky bat eskatzen du eta patata prejituak, bazterreko mahai batean, hegazkinak anuntziatzen dituen kuadroa begibistan. Etxera, estropadetarako. Eta guzti horretan, gehienetan bezala, Izaskunen arrastorik ez. Hasieran bai, maiz gogoratzen zen, edozein aitzakiaren eraginez. Agian, egunero. Handik urte pare batera, ama gaisotzen hasi zenean ahuldu zen, azkar gainera, Izaskunen irudia. Askotan pentsatzen du Luisek guzti hori amaren etxearen kulpa dela, etxe esaterakoan sekula bururatu zaion bakarra. Orain, Izaskunen oroitzapena lehorrean bizi da, ez da apenas itsasora heltzen.
Bigarren whiskya eskatu aurretik Luisek Mariñasen ahotsa baztertu behar du. Horregatik zabaltzen du egunkaria hain modu zakarrean, Saturno bera lurrera bota arte. Beste whisky bat eta sartu egingo da, altabozak deitu aurretik. Inguruko mahaiak txingurritegia iruditzen zaizkio eta jendearen hurbiltasunaren gehiegiak pisatu egiten dio estomaguan. Pozik. Momentu horretan, polita iruditzen zaio Saturnoren historia guztia, hasi Hanburgoko planetariumean eta Marsellako neska ilezuri hartaraino. Azkeneko hilabeteak, Pakistanerako joan-etorria, lausotuagoak daude. Bero gehiegi.
Azkeneko tragoa neskaren irribarre orain lotsagabearen truke eta Luis zutitu egiten da, posterra ezkerrean eta eskubia patrikan, oraindik pezetetara ohitu ezinean. Komunera sartzen da eta eskuak garbitu bitartean ispiluari begiratzen dio. Gizon gazte bat, edozeinentzat. Oso zaharrek esango dute mutil gazte bat. Gainontzekoek gizon esango dute. Behatz bustiak ilea freskatu nahian. Luisek irribarre egiten dio bere buruari, lagun zintzo bat, pentsatzen du eskuak haize berotan dituen bitartean.