Kontua gabonetan hasi zen, Corok komentuan pasa zituen bigarren gabonetan. Txikitan, Corok berak aitortu zidanez, gabonek ez zuten garrantzi haundirik izan: gurasoak, senideak, kantak, arrai-zopa, turroia. Eta erantzukizun gehiegi. Dirudienez, betidanik Cororentzat zaila izan da inguru guztiak zoriona esijitzen duenean bere buruarekin pozik sentitzea. Are gehiago, inguruari ihes egiteko premia izan zen komentura eraman zuen indarra: gero gertatutakoak beste itxura bat ematen badu ere, hainbeste emozio eta interesen artean ezin zuen bere burua zein zen asmatu.
Inolako dudarik gabe aski da Cororekin bost minututan hitzegitea hori egiaztatzeko komentua gordeleku bat zen berarentzat. Komentuko harresiek mundua kanpoan geratzera behartzen zuten, ez ziren inondik barrutik mundurako bidea galerazten zuten paretak, munduaren erasoak ezerezten zituzten itzal maiteak baizik.
Lehenengo urte t'erdi hartan ez zen ezer aipagarririk gertatu, superiorak esan zidanez. Agian komentuko bizimodu normalizatura egokitzeko aparteko gaitasun bat, besterik ez. Gauza da monja askorentzat, kontua lehertu ondoren ere, Coro ez zela herri txiki bateko gazte elizkoi bat besterik, errezuetarako eta meditaziorako joera haundi bat zedukan pertsona apal eta maitagarria. Mundu guztiak babestu nahi duen bildotsa.
Corok berak ez zuen komentuan inolako tentsiorik sentitzen. Halare, ez da sekula harritu ezta, nere ustez, harrituko ere gertatu zitzaionarekin. Cororentzat kontua ez zen egun hartan hasi. Gabon haietan gauzatu egin zen ametsa, besterik ez.
Goiz batean, baratzetik etxerakoan, eguberri bezperatan, jantokiko balkoiaren aurrean mahai txiki bat ikusi zuen eta bertan haurtxo Jesus bat. Momentu horretan, Cororentzat jantokia zulo beltz luze bat zen eta argia ikusten zen lekuan ume bat. Baina komentuko jantoki nagusia zabala da, txuriz margotua eta hiru balkoi haundi ditu. Zuloa eta haren ertzeko argi zuria Cororen sinbologiaren zati bat dira: berarentzat, komentu barruko mundua historia sagradako liburuetako irudien arauera gauzatzen da.
Beraz, eguberri bezperatan, neguko argi apal baina ez triste batez, haurtxo Jesus bat aurkitzen du mahai baten gainean, lasto tartean ez zen txirbila, Corok askotan esan zuenez, lastoa baizik, egiazko lasto hori diztiratsua seaskarik gabe. Cororentzat irudia harrizkoa zen, baina eskuetan eduki hamo lehen, lehenengo bista kolpean igeltsuzkoa zela ikusi nuen, edozein dendatan dozenaka aurki daitezkeen horietakoa. Coro komentura sartu zenean izeba batek erregalatua. Orduarte komunidadeak zedukan haurtxoak esku bat pitzatua zedukalako.
Haurtxoa ikusteaz, Corok berak esplikatzen zuenez, paralizatu egin zen: harrizko ume bat, ezkerreko belauna piska bat altxatua eta beste aldeko eskutxoa bedeinkazio zeinu dudakor bat egiten. Baina hain egiazkoa: Cororen eskuak ospeltzen zituen komentuko hotzak dardarrez jarria, irribarre adoretsu batez. Irribarrea zen Corok gehienetan aipatzen zuena, agian piska bat okerra zelako edo begi are okerragoen azpian zegoelako. Begirada haren trakestasuna ez zen Cororentzat artisau baldar eta presati baten ekintza, baizik eta Coro bezala bere burua defendatu nahiean abandonatzen denaren seinale. Halare, Cororen inguruko jendea ezagutzeko aukera izan dudanean, ez dut inorengan hainbeste maite dituen begi okerrik ikusi.