Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

KOADERNO GORRIA

Arantxa Urretabizkaia

        Sei egunez egon zinen, Beñat, ospitalean, bederatzi hilabete zenuelarik eta, lehenengo beldurra eten bezain laster, iruditu zitzaidan elkar ulertzen genuela eta, ahal zenuen moduan, sentitzen zenuela gure oinazea, agian zure mina baino gehiago. Esan dezaket sendatu zinen momentu hartan sumatu nuela, lehenago ez bezala, pozik zeundela gure artean, eritetxeko bakardadeak zenuenaren balioa adierazi izan balizu bezala.

        Bitartean, zu, Miren, amonarekin, Grosen, hainbeste gustatzen zitzaizun hondartzatik hurbil. Uda eta negu joaten zineten amona eta zu hondartzara, txiki-txikitatik, euripean ere. Gogoan dut egun osoa Beñatekin ospitalean pasa ondoren, arratsalde batean zure bila joan nintzela amonarenera. Euria ari zuen, tanta epel eta oparoak. Arratsaldeko zortziak ziren, baina ez zineten etxean. Zalantzarik gabe, kantoiari buelta eman eta hondartzara abiatu nintzen. Hantxe, gezurrezko arroken kontra, bi itzal ikusi nituen, bata gorria eta txikia, bestea urdin iluna eta handiagoa. Hantxe ari zineten, karramarroak harrapatu nahian, eta iruditu zitzaidan antzeko zerbait izango zela paradisua. Mania bat zen zuretzat itsasoa, beti aipatzen zenuen Groseko hondartza nora joan nahi zenuen galdetzen nizunean. Amonaren hondartza esaten zenuen, amonaren hondartzara.

        Hain gaizki hasitako uda ongi bukatu zen. Etxeratu bezain laster zu, Beñat, loratu egin zinen, jaio aurretik ere hain zure zen jakinmina gaixotasunarekin biderkatu egin izan balitz bezala. Urtea baino lehen ikasi zenuen ibiltzen eta egun osoa ematen zenuen aurrera eta atzera, txingurri baten antzera. Kalean ere, zure aulkitxoan jarrita, segundorik galdu gabe begiratzen zenuen batera eta bestera, zure lana begiralearena balitz bezala. Haserretu egiten zinen, isilean lehenengo eta garrasika laster, autoa bi segundo gelditzen banuen.

        Gogoan dut behin, uda hartan bertan, ospitaletik atera eta handik egun gutxitara, Conchan barrena gindoazela biok, zu aulkitxoan eta ni hari bultzaka, bisera lurrera erori zitzaidala edo hori iruditu zitzaidala behintzat. Makurtu nintzen, jaso nuen txapela, jarri nizun berriro, ondo erdiratua, eta aurrera egin nuen. Handik bi pausotara ikasi nuen argi eta garbi zerorrek kentzen zenuela txapela eta propio botatzen zenuela lurrera. Jaso nuen berriro txapela eta nire aurpegia zurearen parez pare jarririk esan nizun zuk ez zenekiela, oraindik, zein zen zure ama, alferrik botako zenuela berriro lurrera bisera madarikatua, eguzkiak jotzen zuela eta beharrezko zenuela. Horretan aritu ginen hurrengo bost minutuetan, zuk txapela bota eta nik jaso, hitzik gabe, zu irribarrez eta ni gero eta haserreago.

        Zuk irabazi zenuen azkenean, handik aurrerako lehia gehienetan bezala. Horretan ere izan zarete biok hain desberdin, jaiotzatik bertatik, berez, ez familiaren edo giroaren eraginez. Ez dut uste suertatu zitzaizuen sexuaren eragina denik, baina hori filosofia da, auskalo noiz elkarren ondoan egongo garenean, kontu kontari, eztabaida dezakegun zerbait, baldin eta guretzat ere hitz-aspertuen garaia badator. Eta etorriko da, etorraraziko dugu.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki