Bakarrizketa
Heriotzak gogoa hartuta naukak, eta lanari buruz baino kezka handiagoak dizkiat heriotzari buruz. Azken finean, nor naiz ni? Zergatik naiz «ni», eta ez beste inor? Nor gustatuko litzaidake izatea? «Nor». Hitz honetatik abiatzen nauk, guztiak bezala. «Nor», pasibotasuna adierazten duen izenordea, zerbait izatea pasiboa delako. Ez diagu ezer egin behar «zerbait» izateko, «nor» izateko. «Nork», ordea, desberdina duk. Ekintza sortzen duen izenordea duk. Munduaren aurrean jartzen gaitik. Borroka egitea ezinbestekoa dela jakinarazten ziguk. Horregatik jartzen zaiok «k» bat, «k» letra doinu gogorra delako, bizirik egotea bezain gogorra... Auskalo zer ote den gogorrago, bizirik edo hilik egotea.
Hara, ez al da hortik datorrena? Ezikusiarena egingo diat. Ez zekiat zer gertatzen zaion tipo honi, baina mintzatzen hasten denean, ez zekik isiltzen. Hitz-jario horiek ezabatu egiten naitek. Gainera, ez dik inoiz esaten gogoratzea merezi duen ezer. Bere barruan berez sortzen den gatazka bazirudik hitzen bidez-edo askatzen duela...
Aspaldi honetan, gutxitan egurastu izan nauk hondartzatik. Baina garai batean, ia egunero jaisten nindian itsas bazterrera. Negu-garaian, hondartzan, bakardadearen sentsazioa areagotzen zitzaidaan. Azkenez, uste diat gorrotoa hartu niola; hondartzak amorrua ematen zidaan. Itsasoaren parean eraikitako gartzela bezala. Gartzela barruan dagoen presoa zeruertzeari begira zegok gau eta egun. Libre dagoela amesten dik. Kanpoko askatasuna ametsik ederrena iruditzen zaiok. Berak, ordea, bazekik kanpoko askatasuna ilusioa baino ez dela, kanpoan ere gartzelak badaudela, kanpokoa beste gartzela bat dela...
Bakardadeak bizitza osoan jarraitu zidak, eta nire lagunik onena izatera iritsi duk. Zakurrek bezala zaunka egiten duen bakardadea; zakurrek bezala horzka egiten duen bakardadea; zakurrak bezain fidela den bakardadea. Zentzurik ez daukan gizonari oparitu zaion bakardade izengabea. Gaur, ez nindukek bakardadea gabe bizi izateko gauza izango. Dena den, nik ziuraski ez diat inoiz bizi izaten jakin. Bizi izaten jakiteak nolabaiteko artea inplikatu behar dik, eta erne ibili beharra zegok bizi izatearen jakintza eskuratu ahal izateko. Dena den, laurogei urteko agure batek esango balit «nik bizitzen jakin dut», ziuraski ez niokek sinetsiko. Gauza bat garbi zegok: bakardadea existentziako etsairik amorratuena duk. Beste bakardade baten laguntasuna behar diagu. Kaletik dabiltzan hainbeste bakardaderen burkidetasuna. Bizitzako burkideak izan...
Ni naizen dekorazio kaxkarra ari duk Donostiako Alde Zaharreko kaleetatik egurasten. Igande bateko eszenatokian nagok. Pentsamendua nauk jendetzaren erdian, eta gustatzen zaidak garrantzirik txikiena ez izatea. Hildakogaia nauk; tragedia bat gehiago nauk lagun askok antzeztutako ekitaldi honetan. Existentzia tragedia delako (azalean bizi direnak ohartzen ez badira ere ikusterik ez daukatelako...).
Lotsa ematen zidak hainbeste pertsonaren artean bakarrik ibiltzeak. Eta bekaizti nauk, gainontzekoen aurpegietan zorion arrastorik aurkitzen dudanean. Historia egiten ari garela pentsatzea ere! Gu, hementxe, une honetan, kalean Historia egiten ari gaituk esaldirik gabeko Historia liburua idazten ziharduagu. Eta bakarrik banago ere, taiugabea iruditzen zaidak bakarrik ez egotea. Egunerokoa bakartasunetik ulertzen duten horietakoa nauk. Bizitzako zorionak bakartasunetik bizi dituzten horietakoa. «Estepako otsoa?» Ez. Estepa bera nauk. Estepa hotz eta ankerra; estepa gorrotagarri eta aspergarria. Hamaika kilometrotan zehar errepikatzen den estepa: otsoak ez likek jakingo nigandik kanpoan bizi izaten. Otsoak horregatik maite, soportatu eta defendatzen naik; horregatik zebilek ni suntsitu nahian. Otsoa nigan bizi delako, ni zauritzen uzten zioat...
Nire barruko indar batek (begiramendurik gabe, erabateko hironiaz, hurbiltasun ebitaezinaz) suntsitu nahi nindikek. Kalean ere nire bila zebilek. Eta nire buruari galdegiten zioat noizbait lortuko ote dudan sufrimendurik gabeko bizitza. Baina hori ezinezkoa duk. Itxaroten dudanak izarretako ametsen hautsean itxaroten naik (ustekabean jazotako saldukeria...).
Gizon bat Togon hil dela ziok kartel horrek. Zeinen urrun eta zeinen hurbil maite zuen herritik. Togon! Jende pila, berton bizi izan arren, Euskal Herritik urrun, oso urrun bizi duk. Azkenez, geuk ere, kristauak ez garenok, oihukatu beharko diagu: «Jauna, Jauna, zergatik utzi gaituzu?».
Min ematen zidak bizirik egoteak, aitamarik gabe bizi-beharrak, umezurtza izateak, munduan arrotza izateak. Bizirik nagok! E! E! Bihurgune horretan ezkutatzen duk nire mezua. E! Somatu behar nauzue, somatu behar nauzue. E! Orria nauk, baina ez nagok zuri. Ez utzi ni itotzen bakarrizketa sasi-literario batean! E! E! E!
* * *
Kaixo, Kepa!
E? Zer? A, Hi haiz. Please to met you. Zer moduz?