|
GAUEKO ABENTURAK
Xabier Galarreta
|
32. atala
Ondo da. Lehen heroikotasuna aipatu dizuet. Eta orain, emakume baten bizitza heroikoa aipatuko dut. Esatera nindoan, «kontatuko dizuet». Baina ez dut uste hainbeste egingo dudanik. Gainera, nork jakin nondik aterako naizen. Begiak itxi... eta Pegasori utzi diot nahi duen tokira ni eramaten... Heroikotasuna. Bizitza apala. Txikitan Irunen erortzen ikusitako bonbak. Gosea. Aita nire aitona baten tratu txarrak. Gazterik hil zitzaion ama. Amaordea. Gazterik hil zitzaion ahizpa. Handik urte batzuetara, neba. Donostiako Erresidentzian lan apaletan igarotako urteak. Erretzaile guztion keak irentsi zituena txintik atera gabe. Behin edo behin, txikitan zaplasteko bat edo beste jaso zituena. Den-dena barkatzen jakin zuena. Hura ez zen ama izan, Birjina baizik! heroia! Wagner-ren pertsonaia mitikoa! Heroikotasuna zer den jakin nahi baduzue (goizetik goizera kale gorria aurkitu zenekoan! nola ibili zen gora eta behera bere kumeen ongizatea ziurtatu nahian!) Heroikotasuna. Zer da hitz hori? Vietnam-en ezeren truke, ezerengatik, hildako soldaduak? gure lurrean isilean afusilatutakoak? Ez dakit zer den heroikotasuna. Baina, gizakioi darion birtutea dela badakit. Begiak ixten ditut, gaueko existentzia isil honetatik sortzen den anabasa besarkatzeko. Bai, mila aldiz errepikatuko dizuet. Bai. Isiltasun horretan dago heroikotasuna. Entzun! Orain aterako da disparoa! Zer da hori? Mehatxua? Hau ez da Jainkoak zin egin zigun mundua! Hau ez da negar bakar bat ere merezi duen mundua! Bizitzaren zentzu heroiko hau ez dakit nondik sortu den, non ezkutatu den! Hari entzuten geratzen naiz, eta bularrean nire aberria bezain txikia bezain itzela den sentimendua hazten somatzen dut espero dut nire auzokoa ez izorratzea.... Ez. Gau honetan sentimendu ederrak, goi-mailako sentimenduak hazten direneko gaua da. Gau honetan, inoiz sentitu ez dudana sentituko dut. Gau honetan ez diot tekleatzeari utziko; eta Jainkoak eta Musek nahi badute, Pasealeku berrian ikusiko dut egunsentia urratzen; hiria urratzen; nire sentimenduak urratzen; nire malkoak urratzen; Jainkoak, eta Musek, nahi badute, gaur gauean ez dut lorik egingo, eta nire semeaz ia-ia ez naiz oroitu ere egingo. Heroikotasuna. Gure gudariena. Gugatik, Euskal Herriagatik, eurengatik, borrokatu egin zirenena. Hortxe, gure eskuetan, gure ezpainetan, hain erraza dastatzen, ulertzen, gure egiten. Ez, egon ziur hiztegi-beharrik izango ez dudala, gaur gauean ez behintzat. Olatuak altxatzen dira hiriko sarreran, eta zubia irentsiko dutela ematen du. A, eta mairuak! Haiek ere heroikoak izan dira, gero! Denboraren joan-etorriei eutsi dioten bakarrak! Munduko mixerableak, pobreak, txiroak, apalenak! Hitzez betetzen zaigun mundu hau. Zeinen pobrea den... Norbaitek lezio on bat ematen dizun arte. Txetxeniarren herriak, esaterako! Tira, ez dut gaurko gauari izenik eman nahi. Gaurko gauak berezia izan behar du, egunsentiraino irauteko modukoa! Eskuetan korapilatzen zaidan sorginkeria. Astigarragako sorginak mendi ilunetan dantzan. Astigarragako sorginak euren sagardoaz mozkortzen. Aurrerantz begiratzen dut baina ez dut ezer ikusten. Soil-soilik eztarrian sentitzen dudan maitasun heroikoa, abertzalea ia-ia, haize-zirimolek eurekin eramango banindute bezala, Texas-ko espazio arrotzean zehar, heriotza-zigorra egiazkoa den lurraldean (estatuaren onespenaz, herritar askoren onespenaz), eta zentzu heroikoa, gauari darion zentzu heroiko horixe, zainetatik darit, ez dakit noraino, nire gorputza unibertsoa bezalakoa delako, ez dakit non bukatzen den, ez dakit non, ez dakit non, ez dakit non, ez dakit non! Agian, Corellan bukatzen zait. Badakizue, hango kanposantuan, hildako bat, hildako maitagarri bat, dagoen lurrean... eta mahastiak... eta eztarria gozatuko digun ardoa... Haiek bai barbaroak, eta ez gu... Ordubietan esnatzen naiz nire iratzartze honetatik. Eta inguruan begiratzen dudanean, nire buruari galde egiten diot: «Non, non daude euskaldunak?». Altzifresaren itzalak esku bat luzatzen dit, lurreko gauzak errazago ulertzeko. Ezpataz hilko gara.
|