Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ZENBAKI SORGINDUAK

Xabier Galarreta

        Lurra han behean ikusi zuenean, erraiak gora-goraka hasi zitzaizkion. Baina goragaleari eutsi eta estraineko ikuspegi zoragarri hartaz gozatzen saiatu zen.

        3018. urtea zen.

        —Txisa egin nahi diat.

        Zoritxarrez, espazioko jantzia bigarren eskukoa zen eta txisagailu automatikoa ez zebilen behar bezala. Isurtzen zen-eta.

        —Uf! Zazpi urte-argi hurrengo komuneraino! Ez zekiat agoantatuko naizen...

        Ander baserrikoa zen ia-ia, hau da, bostehun mila herritar baino ez zituen hiri batekoa zen, Lur izeneko planetatxoan.

        «Kaixo, espaziozale hori!», hasi zitzaion irratitik ahots eztitsu eta sentsual bat. «Neptunoko hotelik onena zure zain dago. Zatoz gure instalazioak ikustera eta ez zaizu inoiz damutuko».

        Anderrek irratia itzali zuen haserre.

        —Espazioan ere ez nauk askatzen nazkante horietaz. Une hartan, zarama-hodei baten erdian aurkitu zuen bere burua.

        —Puaj! Gaueko espaziuntzia hemendik igaro omen duk eguzkirako bidean.

        Gogor saiatu bazen ere, ezin izan zuen ezer egin gainera zetorkion kaka saihesteko. Kristalari atxekita geratu zitzaion, kaskoan alegia, ahoaren parean. Haizetako-garbigailuari eragin zion, garbitzeko. Baina ez zuen mugitzekoa ere egin. Beraz, kaka eskuaz garbitu nahi izan zuen... eta gauzak okerragotzea besterik ez zuen lortu: kaka oso biguna zen ta kristal osoa utzi zuen zerri eginda.

        Trafikozain bat iruditu zitzaion urrunean ikustea, eta harengana laguntza eske jotzea bururatu zitzaion. Horrela egiteko asmoa zuela, haizetako-garbigailua ibiltzen hasi zen berriz. Ezker-eskuin zabukatzearekin batera, ur-zorrotadak eta garbikaria botatzen zituen erruz.

        Espazioko isiltasunak kikilduta, irratia piztu zuen berriro.

        «Dantzalekua, Unibertsoarteko Azoka eta Espazioko Zoologikorik izugarriena! Zatoz Neptunoko Hotela ezagutzera!

        Irratia itzali zuen bigarrenik.

        Urtezahar-gaua zen. Bost minutu falta ziren hamalauak jotzeko. Hamalauak, bai, 3018. urtean egunak hogeitasei ordu zituelako. Aurrerakuntza. Zera, zibilizazioa...

        Orain, lasaiago begiratu zuen Lurrerantz. Hasieran, kosta izan zitzaion Euskal Herria ikustea. Baina, halako batean, onddo edo ziza itxurako hauts-hodei bat altxatu zen Lurrean, berehala desagertu bazen ere.

        —Bingo! —hots egin zuen Anderrek.— Aurkitu diat.

        Handik gutxira, ordea, ziza itxurako leherketak hasi ziren Lurreko hamaika tokitan gertatzen, eta zalantzan egon zen, aurreko lur-zatitxo esdeus hura benetan Euskal Herria ote zen.

        —Etxera itzultzean, pilula pila hartu beharko diat.

        Ziza itxurako leherketa haiek nuklearrak ziren, noski. Dena dela, leherketa nuklearrak ez ziren XX. mendean bezain arriskutsuak izaten: pilula pila hartu eta ez zuten eraginik gizakiarengan. Ez zuten inor ere zauritzen. Gorrak, ordea, milioika kontatzen ziren. Horregatik entzuten ziren zenbait auzokoren telebistak bolumen osoan. Leherketen ondorioz, herritarren erdiak-edo gorrak zirelako.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki