Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

METXA ESATEN DIOTEN AGIRRETAR BATEN IBILI HERRENAK

Koldo Izagirre

Metxaren tristura

 

        «Ez zara gaitz honetatik libratuko, baina gaitz honek ez zaitu lurperatuko, lasai gizona!» Horietxek izan ziren Metxak medikutan ibili izan zen azken aldian entzun behar izan zituenak, belauneko minak zirela eta. Mundu honetan batzuek dena esatea libre dutela uste baitute, agure gureak ere entzuteko bat esan zion: «Bai, nik gauza bat behintzat egingo dut, Jainkoak nahi ez badu ere!» Harritu zen medikua, ez zegoen ohitua agirretar batekin hizketan eta ez zen batere bizkorra asmaketetan. «Ba, bai, Jainkoak nahi ez badu ere, hil artean bizi egingo naiz ni!»

        Hobe da bai, belauneko mina sumatzea behatz puntak non dauzkagun jakin gabe ibiltzea baino. Agirre'tar Nikola, Metxa, Santoñan preso hartua, kanjeatua, 140 Brigadako 44 Dibisioko Bizente Egia kapitainaren laguntzailea. Elgetan ere elkarrekin ibiliak, «Kirikiño» batailoian. Minik ez sumatzea zuten orduan kezkarik handiena. Ez zuten zauritu ere egin, baina ez zegoen balak joa izan beharrik ebakuntza egiteko: hotzak min guztiak lokartzen ditu, eta izotzez lo hartutako behatzak, eta zangoak ere, moztu egin behar izaten dira... Baina behatz txipiraino osorik Metxa. Mindun Metxa.

        Itxaron-gelan dago zain, hurbileko betaurrekoak ekartzea ahantzi eta egunkaria ezin irakurririk gogoetaka, gantxilloa egiten ari den haurdun bat eta jubilatu itxurako gizonezko birekin batera. Adin batetik aurrera maizter gaude etxe zahar honetan, eta atzetik datozenei leku egin behar zaiela. Gutxiena uste dugunean bota egingo gaituzte. ..eta bitartean ba, horixe, Jainkoak nahi ez badu ere... Latza da zaharra izatea. Oroitzapen batek tira egiten dio hurrengoari, eta Metxa ez da motza tristetutakoan. Ez zela belauneko minagatik hilko, baina batek nahiago du belauneko minik gabe bizi. Bai, ulertu zuen ongi irtenaldi petral harekin medikuak esan nahi ziona: belauneko mina erraz eramango zuela gelditzen zitzaion bizitza pixarrean. Gutxirako zegoela etxe zahar honetan, ez zuela luze sufrituko... Zakila! Metxa urtero etortzen da medikuarengana, eta urtero irteten da irribarre maltzur bat ezpainetan duela kontsultatik. Espero dezagun aurten ere hala izatea, zaharrak bakan izaten ditik pozak.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki