Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

FERNANDOREN HERIOTZA AMEZKETARRA

Koldo Izagirre

Eskribauaren gogoeta probintzia atrasatuan

 

        Hara! Hor aurrean doan hori parroko jauna ez al da? Monagilloa eta guzti gainera, hauek ere Altzo azpira doaz seguramentean kalamidade horren heriotza dela-eta peregrinazioz. Hobe lukete medikuari deituko baliote, olio santuarekin igurtzita ez dute erresuzitatuko. Egia esan medikuak ere ez luke hildakoa piztuko, baina tira, sozietate moderno batek medikuetan jarri behar du esperantza, zientziari eman behar dio prioritatea. Goiko bidetik hartuko dut, nahiago dut Abaltzisketatik barrena joan karka hori neure karrozan hartu baino...

        — Arre, Cádiz, arre!

        Baina egia esan, hobe medikurik gabe. Hil dadila behingoz Fernando Bengoetxea eulitzar hori, ez dadila sendatu, zurruta gaiztoak gal dezala... Bele hori hartu izan banu entzun beharko nituzkeenak...! Jainkoaren bedeinkazioa dela medizinarik onena... Gorputza egonagatik hila, olioarekin igurzteak arima garbi dezakeela, hegan egin dakion baino lehen... Sineskeriak, superstizioak, Elizaren dogmatismoak ekarritako kalteak!  Hala gaude, gauden moduan. Nolako herria, Euskal Herria! Elizak beteak eta eskolak hutsak, tabernak nonahi eta munduan eskribitzen diren liburu erdiak apaizek prohibituak! Atraso ikaragarria daukagu! Eta orain berriz erregezaleak partidak altxatzen, Gorostidi apaiza eta Zulaika benefiziadua jefe hartuta! Herri honek ez du atarramentu onik aterako...! Arraioa! Jende hori guztia...?

        — Poliki, Cádiz, poliki!

        Posible ote da! Bertsolari bat hil dela-eta, denak hura ikustera! Igual esperoko dute piztea eta bertsotan hastea...! Atraso ikaragarria dago Espainia guztian, baina batez ere Gipuzkoako probintzia honetan! Apaizak dauzkagu nagusi, liberalok foruak kendu nahi ditugula ari dira hor barrena gezurra zabaltzen... ikaragarria gertatu behar du oraindik! Apustu egingo nuke Amezketako erretoreak ere mosketoiak dauzkala gordeak aldarearen azpian! Medida gogorragoak hartu behar lituzke gure gobernuak, erreakzioa oso harro dabil aspaldi honetan.

        Egin behar dugun lehendabiziko gauza da oraingo juezak kendu eta honestitate handiagokoak jarri, horixe esan nion lehengoan probintziako korrejidoreari, baina ez dakit ba ez ote den moderatu ustel horietakoa... Kaspar Jauregirekin mintzatu behar dut lehenbailehen, erregezaleen fakzioso horiek persegitzen dituen bitartean retaguardia abandonatua daukagu, eta hemen jende mordoa dago foruak ahotan hartuta nahi duen guztia egiten duena legalitate konstituzionalaren gainetik... Izugarria da auzietan ere gertatzen dena... Sinestekoa ere ez da niri pasatu zitzaidana iaz, Fernando Amezketarra hori ezagutu behar izan nuenean! Damnifikatzailea gertatu zen irabazle! Absuelto utzi zuen juezak! Pleitua galdu nuen!

        — Kontuz, Cádiz, kontuz!

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki