Pernando Amezketarra liburuaz
Gregorio Mujika
1927
Ona emen Pernando amezketarraren esaera ta gertaeren liburutxoa. Bere ateraldi irritsu ta jakiĻenak berari ezartzen dizkioten gertaera atsegin eta politenak, ementxe daude ipiĻita, irakurle.
Pernandori ezartzen dizkioten gertaerak... ¿Pernandori ezer gertatu al zezakion bada? ¿Bizi izan zan gizona izan al zan bada Pernando? esango du norbaitek noski. Ta ez da arritzeko izango. Pernando gizon izan ez zala uste duan bat edo beste izan liteke: norenak diran ez dakigun ipui ta izkirimiriak berari ezarri al izateko asmatu zuten izena besterik ez dala Pernando ori, uste lezake norbaitek.
Ez ordea. Gu bezelaxe jaio ta bizi izan zan Pernando.
Bere aita, Martiñ Joxe Bengoetxea, adunatarra zan, eta bere ama, Joxepa Antoni Altuna, amezketarra. Amezketan, gaitz-izenez jolasean euli-erri esaten dioten Gipuzkoako erri txiki menditsuan bizi ziran biok, eta Pernando ere antxen jaio zan: 1764garren urteko urrillaren 10ean etorri zan mundura, ta Amezketan diotenez Ixpille-saletxe izan zuan bere lendabiziko kabi epela.
Txikitandik omen zan biurria, geldi egoteko txarra, etxetik irtendakoan etxera etortzeko estutzen ez zana. Ala, diotenez, berandutu ta gero mutilla etxeratzen ez zala ikusita bere billa irten ziran batean, nundik nora zebillen jakitearren Pernandooo... deitzen omen zioten, eta berak, alde batetik bestera iges egiñaz. Ez noala oraindiooo... erantzun omen zien. Mendi-mutil, eskolarik ez, berez argia, biurri izan bear.
Artzai zan; geienak ala ziran orduan, eta ala dira gaur ere Amezketan. Ez zuan lanak itoko (langille errexa zan, esaten dute amezketarrak), ta izaten zituan estuasunetatik ateratzeko beso-lana baño biurrikeri-lana sarrigo egiten zuan. Gizon leiala omen zan, beren bearretan besteai gogoz laguntzen ziena. Bertsolari jator, askar ta purrukatua, ori jakiña; baña eztarri txarrekoa.
Amezketar batekin ezkondu zan, Mari-Joxepa Sagastumerekin, 1790garren urteko orrillaren 3an. Bederatzi seme ta alaba bat eman zizkien Jaungoikoak. Ixpille ta Azentzi-txikia izan zituzten bizitokitzat, ta azkenengo baserri ontan il zan Pernando, 1823garren urteko uztailaren 9an, kristau on bezela, Jauna ta elizakoak artu ondoren. Ez zuan testamenturik egin. Il eta urrengo egunean lurperatu zuten Amezketan bertan.
Egia ala jolasa dan ez dakigu, baña, Amezketan diotenez, Apaetxe bordan aran geiegi jan ondoren Igaran-bizkar edo Goen errotako errekatxoan eran zuan urakin gaitz eginda il zan. Iltzeko zorian zegoanean, ala omen zion: «Ni iltzen naizeneen esan geo argi asko alde guziitan, Pernando ez doola goseek il; beti erdi-goseek eta mixerin bizi izan banaiz ee, ondo asetuta il naizela».
Benetako gizona zan bada gure Pernando au. Buruz azkarra, esaeratsua, itzez etorri aundikoa, orduko bertsolarien artean gain-gaiñekoa. Bere esaera ta ateraldiak, egikera ta gertaerak, izkirimiri ta ipuitxoak, or dabiltz oraindik aoz ao, esan eta entzun, guzioen pozkarri. Ta oiek liburutxo batean bildu ta agerrerazteko asmoa artu det nik...
Aspalditik nerabillen buruan asmo auxe. Esaera biziak, gertaera zorrotzak, ateraldi parreragilleak, ipui labur alaiak, guzion gogoko izaten dira, ta Pernandorenak bildu ta argitaratzeko asmoa aspalditik nerabilkian zirika.
Ala, ala, ustekabean, Pernandoren omenez Amezketan egindako jaiak etorri ziran.
[...]
Jai oek zirala-ta, ¡jakiña!, berriz an ibilli ziran Pernandoren esaerak gora ta bera. Guziak bildu bear lirakela, guziakin liburutxo polit bat egin zitekela, egin bear litzakela... «Nik egingo det» ordea, ez zuan iñork esaten. Geienetan ala gera gu: egin litekela badakigu ta egin bear litzakela esaten degu, baña... egitea bestientzat utzi.
Aiek guziak entzutean, nere gogoa piztuagotu zan. «Egitekotan, oraintxe», esan nuan, eta asi nitzan lanean.
Oni galdetu, ari idatzi, emen irakurri, andik artu, alakori entzun, onakori esan-erazi, apurka-apurka nere lana aurreratu nuan... Ekin eta jarrai, ona emen egin detan guzia; Pernandoren ateraldiak ona emen.
¿Guziak? Ez det uste. ¿Guziak nork bildu? Ezagunak, jakiñenak, Pernandoren izena geien zabaldu dutenak bai ordea, emen daude. Geigo izango dira noski, baña nik ez det geigo arkitu.
Emen dijoazen guziak ere ez dira noski Pernandok esanak izango. Zeintzuk esan zituan eta zeintzuk ez ¿nola jakin? Iñola ere ez, ta jakin gabe ezin batzuek bestiengandik aldendu. Emen ipiñi ditudan guziak, ordea, Pernandok esandako bezela entzun eta irakurri ditut. Neronek ez det ezer asmatu, nere burutik ateratako ezertxo ere ez diot Pernandori ezarri.
Sail au osatzeko galdera asko egin bear izan ditut, paper asko irakurri, itz asko entzun. ¡Makiñabat aldetan ikusi, entzun eta irakurritako gaiz egiña da liburutxo au! Bakoitzari berea ez zaio ukatu bear eta, lendabizikotik asi ta 11garrenerañoko ateraldiak beste batek idatzi ta eratuak dirala esango det: Toribio Alzaga jaunak antolatu ta aurrena Amezketan eta urrena Donostian Joxe Egilegorrek esan zituanak berak dira. Beste guziak neronek bildu ta idatziak dira, ta biltze-lan ontan lagundu diratenen artean, Zaldibiko Prantxisko Erauskin bertsolariaren izena ezin ixilik utzi dezaket, lankide iaioa izan det-eta.
Ara guzioen lana. Nik dakidala, Pernandotzaz ez da oraindik liburutxorik egin, eta bere izena, bere izaera, ta bere ateraldiak, lañotan bezela, erdi-izkutuan zeuden. Ona emen, bada, nere liburutxo au aurrenengo. Geitu liteke, noski; edertu ta txukundu, bixitu ta alaigotu ere bai. Gai danak pizkortu, txoxpertu, gaztu ta osatu dezala. Txalo aurrez, berari.
Bitartean, zauden bezela atoz giza-artera, Pernando. Astotxoa aurrean dezula, etorri buru-arin eta esaeratsu. Ala ikustean, erretore jauna irtengo zaitzu bidera ta zorrotz zirikatuko zaitu. Ez estutu: erantzun bizi, ia zuen esaera ta ateraldiekin irakurleak poztutzen dituzuten.
Ala izan dedilla, bide onezko poza bezelako ondasunik ez da-ta.