Orain dela urte asko, urruneko lurralde bateko herrixka baten ondoan, eroritako txabola zegoen zuhaitz artean ezkutaturik. Hantxe bizi zen Yuzo kinkilaria bere emazte eta seme-alabekin.
Udaberria iristen zenean hostoz jazten ziren txabola ondoko pagoak eta berde argi haren bizitasunak alaitu egiten zituen etxeko guztien bihotzak. Urte berri bat zetorrela esan nahi zuen horrek eta bizitzak bere behin eta berriroko erritmoarekin jarraitzen zuela. Beraz, urte hartan ere iritsi zitzaion izadiari berdez jazteko ordua. Aspalditik zekiten Yuzoren etxekoek etortzekoa zela, sanjose loreak eta bitxiloreak hasiak bait ziren zelaietan.
Poztu gaitezen, esaten zien Yuzok bere semealabei kimutan daude pagoak. Bizitzak irabazi du berriro.
Zergatik esaten duzu hori, aita? galdetu zion Akuitok, bere seme gazteenak.
Pagoari guri bezala gertatzen zaiok. Negua iristen zaionean, elurraren eta jelaren erasoa gaindituko ote duen ala ez beldurrez egoten duk. Froga pasa eta bere adaxketan kimuak hasten zaizkionean, lurraren indarrak bentzutu egin duela zeruaren erasoa esan nahi dik.
Akuitok erdizka bakarrik ulertzen zion bere aitari. Ongi aski zekien zer zen elurrarena eta jelarena, baina ez zuen gehiegi ulertzen zer ote zen zeruaren erasoketa asuntu hori. Gainera beste batzutan ez al zion aitak zerura begiratu behar zela esaten? Baina, hala ere, konforme geratu zen adierazpenarekin.
Yuzo bihotz oneko gizona zen. Biziki maite zuen bere familia, nahiz emaztea nahiz seme-alabak, baina kinkilari oso trebea ez zenez gero, ez zuen diru haundirik irabazten eta gutxirekin bizitzen ohituak zeuden, zeukaten diru apurtxoarekin konpondu behar izaten bait zuten.
Herritik urrun xamar bizi ziren eta beren seme-alabak askotan ez ziren eskolara joaten, batez ere neguko hilabete luzeetan eta udaberri eta udazke neko egun euritsuetan. Horregatik amak, etxeko lanez aparte, nahiko eginbeharrak izaten zituen seme-alabei irakurtzen eta idazten erakusteko.