Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

IBAIAK ITSASOARI.

Patxi Ezkiaga

Mihail zikina

 

  Orain dela urte asko bere hiru alaba zoragarriekin bizi zen Tsar harro eta boteretsu baten lurraldera iritsi berria zen udaberria: kaleetan pilatutako elurrak aspaldi samar desagertuak ziren, eta jauregiko lorategian bizitza berriaren taupadak ikus zitezkeen edonon. Tsarrarentzat huraxe izaten zen udako oporren hurbiltasunaren seinalerik argiena eta horrexegatik bidali berriak zituen bere lehen zerbitzariak hegoaldera, Tsarraren etorrerarako presta zezaten udako jauregia. Errusiako Anatoli Handia falta zitzaizkion egunak kontatzen ari zen.  Hilabete eskas bat barru hara abiatuko zen bere segizioarekin.

  Udako jauregia Itsas Beltzaren ertzetan zegoen, Volga ibai handia itsasoratzen zen tokitik oso hurbil, eta ibaitik itsasora egiten zuten beluntzi eta txalupetako marinelek jauregiaren zilueta airosoa ikusten zuten lehenik, zuhaitzez inguratuta, izaien berdetasunak areagotu egiten baitzuen dorreko kupula urrekararen dirdira.

  Urrunetik txikiagoa ematen bazuen ere, dorrea ez zen inola ere txikia, Tsarraren hiru alabek bertan baitzeuzkaten beren jolas-gelak: musikarako zaharrenak, margotzeko bigarrenak. Hirugarrenak, hamabi urteko nerabeak, ipuinak maite zituen, eta bertso politak ere egiten omen zituen, kaiaren inguruko tabernetan elkartzen ziren marinel eta soldaduei sinetsi behar bazaie, neskameekin pasiatzen ikusi zutenetik txoratuta baitzeuzkan neskaren edertasunak.

  Jauregia gordetzen zuten soldaduetako batek Mihail zuen izena. Hogeita hamar urteko gizon gaztea zen,  Tsarraren zerbitzuan hamasei urte eman eta gero itxura zaharragoa bazeukan ere, batik bat eskuhartutako gerretan zauri asko jasana zelako. Agian horrexegatik, Mihail batzuetan nekatuta sentitzen zen.

  Goardia egitera joan zen egun batean atertu gabe ari zuen euria eta Mihaili kapelutik behera zihoakion, jaka bustiz bizkarraren parean. Eskuinean zeraman fusil zaharrari ere zilar landuaren distira ematen zion. Geldi egoteagatik nekatuta, aurrera eta atzera hasi zen, pauso astunez, plis-plas herrestan ia bere botak jauregi aurreko putzuetan.

  Unetxo batez, izai baten enbor lodiaren babesetik jauregira begira jarri zen. «Hamasei urte, hamasei urte luze, inoiz huts egin gabe, Tsarraren zerbitzuan eta oraindik ez diat jauregia barrutik ezagutzen, ez dantzalekua, ez jangelak...» Bertako aberastasunera joan zitzaion burua eta, poliki-poliki logaletzen sentitu zen, harik eta loak guztiz hartu zuen arte.

  —Kaiku hori! Zertan ari haiz? Horrela zaintzen al duk gure Tsar gorenaren bizitza?

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki