Ibaiak -handia da, oso bitan ebakitzen du ordokia. Ezkerrean oihana, eskuinean sabana. Animaliei begira migrazio garaia dela ikusten da; saldoak, milaka ale, ipar-sortaldera doaz, aintzira handietara, han belarrak berde-berde dirauelako baita lehortean ere. Lehortea... sabana atzeratu, galdu eta erien hezurdurez betetzen den aldia.
Ibaiaren eskuinaldean giza asentamenduak han-hemenka, elkarrengandik urruti, eta oihanean ere ke hariak.
Sabanako batean Telurius arbola bat egundokoa, ehunka urte jaun eta jabe, eta haren itzalean ungarinyin tribua, ia osorik, bileran. Bi gizon hizketan, buruzagia Buman eta kanta-maisua -Taipan. Teluriusaren ingurunea ungarinyinen kokaleku nagusia da, baina lehortean ehizakiak ia erabat ezkutatzen dira, eta ehiztari talde bat tribuaren bigarren lekura abiatzen da, belarjaleak doazen aintzira handietatik oso gertura. Bileran bigarrenera nor joango den ari dira erabakitzen.
Bumani eta Taipani adi dagoen tribuari begiratuta lau talde igartzen dira gorputza apaintzeko eraren arabera. Buman ari da hizketan, gizon xalo loditxoa; hankartea ezkerraz azkuratzeko joera nabarmena du.
Lehengo ehizaldian ibilitako batzuk eta sekula joan ez direnak ere bai; horrela bai eskarmentua, bai beso berriak edukiko ditugu.
Taipan, kanta-maisua, gazteagoa eta argalagoa da; gorputza ia ez zaio ikusten, hainbeste pintura erritual ditu-eta.
Bai, baina aurrekoan joandako batzuk kantari onenetakoak ziren, arrisku handian ibili ginen, Kreazioaiarri zenuen kinkan. Zenbat aldiz esan beharko ote dizut? Kantari onak babestu behar ditugu!
Eta ehiztari ona den kantari on batek bigarren kanpamentura joan nahi badu?
Utzidazu niri, ehiztari talde ederra osatuko dut, behar adina kantari hemen utzita.
Bumanek ez zuen ezertxo ere agintzen kanta kontuetan, ezta Taipanek ehizakoetan ere, baina, gizon guztiak bai ehiztari bai kantari zirenez, bi nagusien eremuak etengabe nahasten ziren; lagunak ziren, eta ika-mikak sekula ez ziren larriak.
Emakume batek heldu zion hitzari; gorputza urdin eta berde leunez apaindua, sabelaldeak haur batzuen ama zela erakusten zuen. Inguruan berdintsu pintatutako emakumeak zeuzkan.
Gu, seguru asko, datorren ilargialdian sartuko gara dunban; kontuan hartu bigarren kanpamentura nor bidali erabakitzeko orduan. Wapanpri zuen izena.
Iskanbila ederra abiatu zuten hitzok.