Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

TEILATUKO LIZARRA

Koldo Izagirre

Editorearen oharra

 

Gorka Arrese

 

        Idatziak oro, era poesiak bereziki, badauka bere musika, edo musikaltasuna: kadentzia batean esaten zaizkigu esatekoak, beren motelaldi eta arinaldiekin; kakotxak eta puntuak isilaldi labur eta luzeak ditugu... era noski, hizkuntza guztiak dira hots-sistema konplexu samarrak, alegia, aberatsak. Honek ez du esan nahi poema batek berea ez den beste musikarik onar ez dezakeenik. Testuaren musikaltasuna gora-behera, kantagarri izan zitekeela uste ez genuen poema mordoa kantatzen dugu. Eskultoreak materiari bezala, testu-masari forma kendu dio musikariak, kantariak.

        Idatzia, poema, musikagarria da. Baina kantua, irakurgarria ote da?

        Musikak poemaren beste alderdi bat erakusten duen bezala, irakurketak kantuaren dimentsio berri bat erakusten digu musika erantzitakoan. Har dezagun balada bat, irakur dezagun astiro: narrazio luzearen mailakatze bera dauka, nobela luze bat da, elipsian emana. Har dezagun kopla zahar bat, gure lirikaren irudi ederrenetakoak utzi dizkigute egile anonimoek.

        Kantuan idatziak ahozkotasunera hurbildu behar du, bestela oso gutxitan kontuan hartzen diren aldaerak zaindu behar dira: hitzen arteko loturak, kontsonante-bokalen oreka, barne-etenak... Esangarria izan behar du aurrena testuak, kantatu ahal izango bada.

        Letragintza, beraz, genero literario berezia bihurtzen da. Bere legeak ditu; hobeto esanda, bere printzipioak. Genero apala da, artisautza nahi baduzue, baina ez horregatik erraza. Apalean bertan zaila, errazkeriaren arriskua daukana.

        Askotan menostu egin den genero honen adibidea da Teilatuko lizarra liburuan proposatzen duguna: Koldo Izagirrek hogeita hamar urtetik hona argitaratutako kantu eta kantugaiak, eta gordean zeuzkan beste hambat letra berri. Sehaska kantu xaloak eta gaiztoak, blues malenkoniatsuak, baladak, koplak... denetarik aurkituko duzue hemen, eta baina ere kantu kultua esan genezakeena, frantsesek chanson á paroles esaten dutena, kantu berbadunak, «zer edo zer» molde jasoan esaten duten parolak, letrak.       

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki