Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

TEILATUKO LIZARRA

Koldo Izagirre

TEILATUKO LIZARRA

 

 

horra etxe honen armarria         

noblea noblerik bada               

nekez ihartuko den garra

teilatuan du jarria

teilatuan du jarria

lizar adarra

 

arratsaldean dute ekarri

oihanetik karrikara

hosto txikien ikara

teilatuan da kantari

teilatuan da kantari

lizar adarra

 

gaur eginen dute bizkar-besta

ez da ohitura zabarra

biba langile zaharra

teilatuan da ameska

teilatuan da ameska

lizar adarra

 

etxe hau ezin liteke lotu

eten egin du amarra

badaki non den iparra

teilatuan du pilotu

teilatuan du pilotu

lizar adarra

 

badoa ontzi piraten artera

utzirik lehor zatarra

nork hautsi horren oldarra

teilatuan du bandera

teilatuan du bandera

lizar adarra

 

ez bedi gal inoizkotan

etxe berrian lizarra

umetzen nauen zirrara

teilatuan dut hostotan

teilatuan dut hostotan

amets adarra

 

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki