Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ISPILUAK ANIMALIA HIGUINGARRIAK DIRA

Harkaitz Cano

Iluna. Mostradore bat. Whisky edalontziaren lehen planoa. Norbaitek edan egin du whiskya, eta izotz koxkorrak bakarrik geratzen dira basoan. Izotz koxkorrak mostradorera irauli dituzte. Izotz koxkorren plano oso hurbilekoa. Poxpolo piztu bat uzten dute izotz koxkorren artera erortzen. Filmaren izena, beltzaren gainean.

 

Berrogeita hamar libera baino ez. Merke egin zioten komuneko ispiluarena. Merkeegi gauza onerako. Hasieran ez zen konturatu, puskatu aurreko ispilu arrunt bera zirudien, besteak bezalakoa. Ordea, bizarra mozten hasi zeneko, ohartu zen gaizki zebilela ispilu hura. Izan ere, ispiluari auskalo zer berniz ukitu eman zioten, eta bere islak irudia ilundu egiten zuen, horitu, alabastrotu nolabait. Ispilua baino gehiago ematen zuen katedral bateko beirateria. Horrela bada, hagitz zaila bihurtzen zen bizarra egitea bezalako errutinazko lan bat. Ez zen batere harritzekoa beraz, urtarrileko goiz hartan, goizeroko legera, ispiluaren aurrean bizarra mozten ari zela, Gillette anzurraren xaflak ebaki bat egin izana, asun bat sartu izan baliote legez diagonalki aurpegian. Odol hari fina ikusi zuen ispiluan, lepoan behera zetorkiola. «Ispiluak pizria arriskutsuak dira» otu zitzaion orduan, ispilu alabastrotua bere zauriaren erruduna balitz legez, eta, odola kleenex batekin xukatu ostean, Crotalus Golf Prof lozioaz igurtzi zituen lepo-masailak. Ezpainak mihiaz busti zituen.

Konketako iturritxoa irekita utzi zuen amiņi bat oraindik, ur beroak lurrun apur bat sortu eta ispiluaren erdialdea nola lausotzen zuen ikustea gustuko baitzuen. Lurrun hori bera zen akaso ispilua, animalia hura, zauritzeko bide bakarra.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki