Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

SAGARDOAREN GRAZIYA II

Ramon Artola

Ramon Artola Larrañaga (1831-1906)

 

Antonio Zavala

 

 

  Ramon Artola Larrañaga Tolosan jaio zan, 1831-ko abuztuaren 31-n.

  Aita, Jose Antonio, Astigarragakoa zuan; ama, Maria Antonia, Tolosakoa.

  Aitaren aldeko aiton-amonak, Bernardo Artola eta Maria Migel Etxeandia, biak Astigarragakoak ziran; amaren aldeko aitona, Santos Larrañaga, Tolosakoa; amona, Maria Gamuza, Soraluzekoa.

  Ez dakigu noiz eta nola aldatu zan Ramon Artola Tolosatik Donostiara bizi izatera. Baiña gazterik, ziur asko.

  Ogei ta zazpi urterekin ezkondu zan, 1858-ko azaroan 23-an, Donostiako San Bizenteko elizan. Andregaia, Manuela Elizetxea zuan, Lezon jaioa eta Donostian aberats batzuen etxean serbitzen zegoana.

  Orduko berri ez dakigu, baiña gero beintzat oso emakume lodia omen zan, eta pixua ainbat grazi eta gatza zuana. Arengandik ekarri omen zuan bere umorea beraren semeak, bataioz Jose zanak eta jendeak Pepe esaten zionak.

  Bost seme-alaba ekarri zituzten mundura: Ramon, Frantzisko (Pako), Jose (Pepe), Manuel, umetan zortzi urterekin illa, eta Rosario.

  Pepe ere, aita bezela, oso bertso-jartzaille oparoa izan zan; eta antzerki eta ipui batzuk ere moldatu zituan. Baiña agertokian, areto batean jende aurrean alegia, antzezlari edo aktore bezela omen zan ura ortik onerakoa.

  Rosario ere bein baiño geiagotan saiatu zan bertsogintzan, aldizkarietan-eta bere lanak argitaratuz.

  Karlisten bigarren gerratean (1872-1876), aita, Ramon, liberalekin ibili zan, Voluntarios de la libertad izeneko taldeetan, bere lagun Bilintx bezela.

  Ofizioz linternero eta pintorea zan. Taillerra eta denda Puyuelo kalean zeuzkan; gaur Fermin Calbetón dan ortan, alegia. Semeak aitaren ogibidea segitu zuten.

  Azken egunetaraiño jardun zan lanean. Biotzetik gaixotu eta elizakoak artuta, silloi batean il omen zan, arnasa ezin arturik, bere seme-alaba eta billoba guziak inguruan zirala, 1906-ko abuztuaren 20-an, irurogei ta amabost urte betetzeko amaika egun falta zituala.

 

 

Zenbait argibide

 

  Gaurko liburu edo kutxa ontan zer sartu degun adierazi nai nuke oraingo lerro auetan.

  Auspoa Liburutegia Sagardoaren graziya izeneko liburu batekin asi zan, orain urte-mordoa, 1961-an, Ramon Artolaren bertso-mordoska edo antolojia bat eskeiñiz. Ez, iñola ere, aren bertso guziak. Beste asko eta asko kanpoan gelditu ziran leku faltaz.

  Urrena, 1995-ean Ramon Artolaren Ipuiak edo Kontutxoak argitaratu genituan. Ipuiak bertsotan, erderaz fábulas edo apólogos esaten zaion jeneroa alegia, garai artan indar-indarrean zegoana.

  Orain, berriz, egille beraren irugarren liburua plazaratzen degu. Baiña gaurko ontan aren bertso guzien bilduma osatu nai izan degu.

  Bertsoak, baiña itz orri euskeraz ematen zaion esanaiarekin. Orregatik, alde batera uzten ditugu bai ipuiak, eta bai izkirimiak eta ziri-bertsoak ere.

  Auetan zelebrekeri edo txisteren bat kontatzen da, epigramas esan oi zaie erderaz, eta egilleen eta irakurleen gustokoak izan ziran garai batean.

  Ramon Artolaren bertsoak danak batera eskeintzea onena litzakela aspalditik ikusten genduan. Ori egin aal izateko aukera, Auspoa sortaren liburuen neurriak aldatzearekin etorri zitzaigun. Luze-zabalera berriak bertsoak bi illaratan edo zutabetan jartzeko bidea ematen digute. Egin ere alaxe egin degu zenbait liburutan, era ortan millatik gora bertso zenbait aldiz argitaratuz; eta bein bi millatik gora ere bai.

  Oraingo ontan Ramon Artolaren bertso guziak biltzen ditugu, beraz, esan bezela, ipuiak (fábulas) eta ziri-bertsoak (epigramas) alde bat utzita.

  Bertso guziak edo, obeto esateko, eskuratu aal izan ditugunak. Bertso geiago izango ditu arek jarriak, gure eskuetaraiño iritxi ez badira ere. Oietako batzuk azalduko dira oraindik ere. Guk, beintzat, alaxe nai genduke.

  Bildutako sail guziak ez-ezik, Artolaren bertsoak kantatzeko erabili izan diran zenbait doiñu ere emen ditu irakurleak. Bertsoengatik esan bezela, ez doiñu guziak, noski, gure eskuetara etorri diranak baizik. Banaka batzuk entzuten dira gaur egunean ere tabernetan-eta, naiz eta bildur naizen euskaldunak bazkal-apalondoetan taldean kantatzeko oitura eder ori galtzen ari geran.

  Ramon Artola gazterik asi zan bertso jartzen; 1860 urtea baiño leen, gure iritzirako, artean ogei ta amar urteak bete gabe zeuzkala. 1860 urte ortakoa da «Bedeinkatua izan dedilla sagardoaren graziya» asten dan Bertso-sailla. Ortaz baliatu giñan Auspoaren aurreneko aleari izenburua jartzeko. Ura, leen esan degunez, antolojia bat zan; onako au, berriz, bilduma osoa edo aal izan degun osoena. Ala, antolojia orren bertso guziak ere emen sartu ditugu. Orregatik, gaurko liburuarentzat zertarako izenburu berri baten billa burua nekatu? Sagardoaren grazia II izan dedilla onen izena ere, leenengo aren segida eta osagarria dan ezkero.

  Bertso-paperetan agertzen zituan Ramon Artolak bere gazte denborako lanak, ortarako garai artan beste biderik etzegoanez.

  Bertso-jartzaille zaarren eskolari segitzen zion, beraz; eta, gure iritzirako beintzat, aren bertsorik onenak eta bikaiñenak garai artakoak dira. Oraindik ere erriak kantatzen dituanak ordukoak dira, beintzat; eta orrek zerbait esan naiko du.

  Kantua aitatu degun ezkero, ez da gaizki etorriko Sagardoaren graziya leenengo liburu aren itzaurrean kontatzen genduan gertaera onera ekartzea:

 

  «1959-garrengo Dagonillaren (Agoztuaren) 9-an giro epel goxoa zegon gabeko amabiak aldian. Tolosa zarra ixilik eta lo zegon. Alako batean, gau-pasazale batzuk kantari asi ziran Zeru-txiki deritzaion tabernan. Ara zer ari ziran:

 

Goizean sartu tabernan eta

ateratzen naiz azkena...

 

  Bertso auek eun urte dituzte, eta, guk dakigunez, iñoiz inprentatu gabeak dira. Eun urteko muga bizi-bizirik igarotzeko, zenbat aldiz kantatu izan ote dira Tolosako —eta Euskalerri guztiko— taberna-zulo ta sagardotegietan?

  Artola pozik egon liteke bere erriko gau-pasazaleen «debozioarekin». Bañan eun une osatzean (1860-1960), besterik ez egitea lotsagarria litzake. Ala pentsatu genduan eta ona emen liburu au».

 

  Karlisten azken gerratea (1872-1876) bukatu ondoren, euskeraren aldeko mogimentu bat piztu zan Donostian, Jose Manterolak-eta bultzatuta. Ainbat idazlan eder argitaratu zuan Euskal-Erria aldizkaria ere orduan sortu zuten. Literatur-sariketak asi ere bai. Bertso-jartzaille mordoa antxe bildu zan: Ramon Artola, Biktoriano Iraola, Antonio Arzak, Martzelino Soroa, Frantzisko Lopez-Alen, Pedro Maria Otaño, Pepe Artola, Kaietano S. Irure, Felipe Casal Otegi, Ramon Gelbenzu, Alejandro Berroa, Jose Marino Arrieta eta abar eta abar.

  Baña Ramon Artola eta oiek, bertsogintzan bertso-paper jatorren eskolan ikasiak ziranak, gizon eskolatuen iritziak eta aolkuak entzuten asi ziran orduan. Eskolatu oiek, kanpoko poética ezagutzen zuten; bertako erri-bertsogintza ez, ordea. Au zanik ere ez dakit zenbateraiño jakingo zuten, baiña ala ere maixu jarri ziran. Besteak, berriz, aien esanak ikasle txintxo batzuen gisa jaso. Ala, gaiak aldatzen asi ziran, esaldiak dotoretzen, naturalidadea galtzen, Larramendiren garbizalekeriaren itzak erabiltzen eta, itz batean esateko, jatortasuna baztertzen. Bertso zaar batek esaten duana, alegia: «irabazi ustian baleike galtzia». Bertso-jartzaille bikaiñak ziranak, olerkari biurtu ez, itz ori artean asmatu gabe egongo zalako; baiña bai biursari, garai artako euskalzaleak esaten zutenez.

  Orixe gertatu zitzaion Ramon Artolari. Beti ere bertso onak moldatu zituan; baiña gazte denborakoak obeak zituan azken urteetakoak baiño. Orixe bera gertatu zitzaion Pedro Maria Otañori ere; eta Bilintxek ere okerbide ortan leen pausoak emanak zituala esango genduke.

  Au dana gure iritzi bat besterik ez da. Bestela pentsatzen duanik ere izango da, noski, «zenbat buru ainbat aburu» esaera zaarrak bere indarra galdu ez badu beintzat.

  Ala ere, esku ona langintza guzietan ezagutzen da. Ala, Artola, Otaño eta olakoak, beti ere bertso dotore eta onak borobiltzen zituzten. Gure euskerak bertso-jartzaille oparo eta bikain oiei zenbat zor dien, ez det uste bear bezela konturatzen geranik.

  Ramon Artolak bertsogintza erreza eta gozoa du beti. Indarrik egin gabe sortzen dana, ura iturritik bezela. Euskera ere jator, garbi, dotore eta aberatsa. Poeta ere bada, bai bertso-paper zaarrak eskatzen zuten senarekin, eta bai gizon eskolatu oiek nai zutenarekin. Ala erakusten dute egunsentia, illunabarra, negua, udaberria eta abar kantatzearren arek jarritako saillak.

  Danok dakigunez, karlisten bigarren gerrateko denboran (1872-1876) Donostiako liberalak bertso asko jarri eta zabaldu zituzten, euskal jendearen gogoa irabaztearren noski. Olako sail batzuk badira emen ere, Ramon Artolak moldatuak: erituen alde jarritako iru bertso eta Pakea bear degu izendatzen diranak. Besteren batzuk ere izango zituan arek, eta guk argitara eman ere bai gerra artako bertsoen bilduman; baiña orduko bertsorik geienak egillearen izenik gabe agertzen ziran, eta guk ezin orain ume oiek beren aitarengana bildu.

  Liburu onen azken orrialdeetan, Frantzisko Artola Larrañagaren sail bat aurkituko du irakurleak, Fueroak izenekoa. Abizenak salatzen dutenez, Ramon eta biak anaiak ziran. Familiaren belaunaldi artan bi bertso-jartzaille, beraz: Ramon eta Frantzisko; eta urrengoan beste bi; Pepe eta Rosario, Ramonen seme-alabak. Bertsotarako griña odoletik ekarriko zuan famili arek.

  Bein baiño geiagotan esan izan det bertso-jartzailleak beren garaiko eta gizaldiko kronika egiten dutela. Alaxe da Ramon Artolarekin ere. Onek bere bertsoetan denbora aietako Donostia erakusten digu; eta bai ere bertako euskalzaleen belaunaldia. Leen adierazi detanez, euskeraren aldeko leen mugimentua berak piztu zuten gerra ondo artan. Sabino Aranarena gero etorriko zan.

  Baiña gizon aiei etzaie merezi dutena aitortu. Bazterturik dauzkagu. Bidegabekeri ori zuzentzeko aien lanak bildu eta argitaratzea izango litzake onena, noski. Auspoa ortan ari da aspalditik, aien idazlanak bildu eta noizbeinka plazaratuz. Ramon Artolaren bertso-liburu onekin bide ortan beste pauso bat ematen degu. Eta «aurrera jarraitzeko asmoetan goaz», Tolosako Gabon-kanta zaar batek dionez.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki