Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

BEKATUAK

Ana Urkiza

Kreditu-txartela

 

 

  «Nirea dena, zurea da» esan zion Josebak Itziarri urrezko kreditu-txartela eman zionean. Itziarri berebiziko ilusioa egin zion. Josebak asko maite zuen.

  Ezkondu arte ez zuela erabiliko pentsatu eta karteran sartu zuen, Josebaren argazkiaren aldamenean.

 

 

  Almuhud-ek afaltzera gonbidatu zuenean larritu egin zen eta totelka erantzun zion telefonoz:

  —Ondo da... e... non?... bai... eta ordua?

  Josebak zergatik gorritu zen galdetu zion telefonoa eskegi zuenean.

  —Lanera joan behar dudalako —estakurua jarriz ihes egin zion Itziarrek Josebaren galderari, eta kalera irteteko prestatu zen.

 

 

  Itziar aske sentitu zen etxetik atera zenean. Bihurri. Bizirik. Ilusioz. Mendeku egarriak eraso zion.

  —Urduri al zaude? —galdetu zion Almuhud-ek Itziarri.

  —Pixka bat —aitortu zion honek—. Ez dut sekula horrelakorik egin.

  —Oraindik ez dugu ezer egin! —esanez txantxa apur bat egin zion Almuhud-ek Itziarri, eta jatetxean sartzera gonbidatu zuen.

 

 

  Afaria goxoa izan zen, interesgarria. Mahaian ez zen hitzik falta izan. Ez eta, tarteka, begirada sarkor eta fereka ausartik ere. Itziarrek jatetxetik irteteko gogoa agertu zion Almuhud-i, eta honek kontua eskatu zuen.

  —Barkatu, jauna, baina txartel hau ez dabil! —adierazi zion zerbitzariak Almuhud-i.

  —Nola ezetz? Saiatu berriro, mesedez! —haserre Almuhud-ek.

  Zerbitzaria ez zen mahai aldamenetik mugitu. Txartela dirurik gabe zegoen.

  Itziarrek Josebaren argazkiaren aldamenean gordetako urrezko kreditu-txartela eman zion zerbitzariari. Itziar gorri-gorri jarri zen, eta berehala ezkonduko zela erabaki zuen.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki