Itsasoan euria, egurra basoan, egunez ilargia eta gizonezkoen titiak aipatzen dira euskal esaera zaharretan alferrikako gauzen adibide eta eredutzat.
Joan deneko hiru urteotan (2000-2003) Euskadi Irratiko Goizean behin saioan ostiralero hitzalditxo bat egiten aritu naizelarik, sarritan eraso izan dit nire jarduna alferrikako omen diren lau gauza horietako edozein baino ere alferrikakoagoa zelako irudipen ez batere erosoak.
Baina alferrikakoen dirudien zerak ere izan ohi du bere onuratxoa, eta esperantza horrek ematen dizu kemena, hala ere jardunean jarduteko, itsaoan euri izateko. Euria, izan ere, itsasoan ari duelarik, mesede gerta lekioke irla txiki batean naufrago dagoenari.
Bakoitza bere zoroak bizi du, eta nirea argi asko agertzen da, behin eta berriz, testu hauetan. Herri izan nahi eta ezin duen herriko herritar izan nahi eta ezin duen baten zoroa.