Hitzaurrea
Itsasoan euria, egurra basoan, egunez ilargia eta gizonezkoen titiak aipatzen dira euskal esaera zaharretan alferrikako gauzen adibide eta eredutzat. Bosgarren bat erantsiko nioke nik zerrenda horri: garaiotan jendaurrean iritzia ematen jardutea.
Euskadi Irratiko Goizean Behin saioan hitzalditxo bat egiten aritu naiz ostiralero joan deneko hiru urteotan (2000-2003), eta denbora horretan guztian sarritan eraso izan dit nire jarduna alferrikako omen diren lau gauza horietako edozein baino ere alferrikakoagoa zelako irudipen ez batere erosoak.
Bitxia da, literaturgintzan ez baitut horrelakorik behin ere sentitu.
Literaturak bere-berea du, neurri batean behintzat, alferrikako izatea. Gutxi-asko, barruak eskatzen dionetik aritu ohi da idazlea. Balizko irakurlea gogoan duela idazten omen du zenbaitek literatura, baina irakurle hori, balizko ez ezik abstraktua da, eta, batez ere, urruti dago, nola espazioan hala denboran ere.
Kazetaritzan, aldiz, presenteago dago beti hartzailea, dela irakurle zein entzule edo ikus-entzulea. Nik behintzat hala bizi izan dut beti hori, bal Euskaldunon Egunkarian astero zutabetxo bat idazten nuen garaian, bai Euskal Telebistan niharduela, bai azken hiru urteotan Euskadi Irratian ostiralero hitzalditxoa egin dudan bitarte horretan ere.
Generoak bere eragina du, beraz, nahiz literatura komunikazio modu bat dela uste dudan, eta kazetaritzan literatura lantzen ahalegindu naizen. Gradu kontua izango da, beharbada, baina nik behintzat argi eta garbi daukat aldea dagoela batetik bestera.
Horrek ez du esan nahi neuretik aritu ez naizenik, liburu bat idaztean baino entzulearengana «iristeko» edo entzuleengan eragiteko premia larriagoa sentitu dudala baizik.
Prentsa idatzian baino ere biziagoa baita hartzailearen presentzia irratian. Goizeko hamarrak aldera izaten zen nire hitzalditxoa, hamarretako albistegi laburraren ostean. Etxekoandre jendea imajinatzen nuen nik entzule, gure ama tarteko. Goizeko bigarren kafesnea hartzen ere imajinatzen nituen entzuleak behin baino gehiagotan. Neuretik bai, baina haientzat ari nintzen.
Ez naiz irratiko neure jardunarekin inoren iritzi eta jarrerak aldatuko nituela uste izateko bezain inozoa. Entzule nituenei hiruzpalau minutu gozo pasaraztea beste xederik gabe jardun dut denbora honetan guztian. Hala uste dut behintzat. Eta hala ere, badirudi neure buruari ere aitortu ez diodan itxaropena neukala, bide batez entzuleen iritzi eta jarreretan bere eragintxoa izango ote zuten neure hitzalditxoek. Hortik datorke beharbada alferrik jardun izanaren sentipena.
Baina itxuraz alferrikakoen diren gauzek ere izan dezakete bere onuratxoa, eta esperantza horrek ematen dizu kemena hala ere jardunean jarduteko. Euria ere, itsasoan ari duelarik, mesede gerta lekioke irla txiki batean naufrago dagoenari. Eta nago gure herri honetan irla bakarti gehiegi ez ote dagoen, eta alferrikako euria zinez estimatuko duen naufrago ez gutxiago.
Ehun eta berrogeita hamarren bat hitzalditxo egin nituen guztira, eta horietarik heren bat baino ez dugu liburu honetan jaso. Gehiegi, hala ere, bakoitzean iritzi bana agertuko dela uste izateko: ez dago axolako hainbeste gai, eta, balego ere, nik ez daukat hainbeste iritzi. Beraz, ez da harritzekoa erreferentzia berberak behin eta berriz agertzea hitzaldietan. Bakoitza bere zoroak bizi du, eta nirea argi asko agertzen da testu hauetan: herri izan nahi eta ezin duen herriko herritar izan nahi eta ezin duen batena.
Irratiz irakurri nituen bezalaxe jaso ditugu testuak. Ahotsa falta dute, jakina, eta asko falta izatea da hori. Esateko idatziak direnak zurian beltz ageri dira hemen, mutu. Ahozko testu idatziak dira, beraz, eta, horrenbestez, testu mugatuak. Behin entzunda ulergarri izateak ezartzen die lehen muga. Bigarren muga, berriz, testuok esan behar zituenen kasu honetan, nire esateko gaitasunak.
Politikaren kontu potoloak ahalik eta gutxien aipatzeko asmoa nuen, baina bizi garen herrian bizi gara, eta hasterako banekien nahi baino sarriagotan aipatu beharko nituela horrelakoak, nahiz horrek esker txarra besterik ez ekarri.
Uda ezinago gogor baten ostean hasi nintzen hitzalditxook egiten, 2000. urteko irailean. Su-etenak piztutako itxaropenak zapuzturik, ETAk Juan Mari Jauregi eta Jose Mari Korta hil zituen udan. Hondarribiko alardeari eskaini nion lehen hitzalditxoa. Bigarrenaren bezperan, berriz, Jose Ramon Recalde hiltzen saiatu zen ETA. Nahita ere, zaila da horrelakoetan beste alde batera begiratzea, eta, gero gehiegitan bezala, errealitateak ezarri zidan gala. Hortik aurrera ere, behin baino gehiagotan gertatu zitzaidan bezperan idatzitakoa azken unean aldatu beharra, alde batekoen zein bestekoen gehiegikeriaren bat zela medio.
Halaxe sortutako bi pieza jarri ditugu, hain zuzen, bilduma honen hasieran. Bata, arestian aipatua, Recalderen aurkako atentatuak aldarazitakoa, 2000koa. Bigarrena, 2003ko otsailekoa, Euskaldunon Egunkariaren itxierak aldarazitakoa. Beude bi pieza horiek buru-buruan, hitzalditxook egin ditudan bitartean izan dugun desgiroaren erakusgarri. Hortik aurrerakoak, kronologikoki ordenatuta doaz, besterik gabe.
Ez nuke hitzaurretxo hau amaitu nahi aspaldiko partez berriro irratian jarduteko aukera eman didatenei neure esker ona agertu gabe. Entzuleentzat alferrikakoak izango ziren beharbada nire sermoiak, baina nik asko ikasi eta gehiago gozatu dut hiru urteotan. Arantxa Iturberi, gomita berak egin ezean nekez hasiko nintzen-eta berriz irratian; Nekane Pe±agarikano, Garikoitz Udabe eta Goizean Behingo lan talde osoari, lankide baino areago lagun moduan hartu nautelako beti. Irratian nengoen Goizean Behinek lehen urratsak egin zituenean, eta irratian egon naiz bere ibilbideko azken hiru urteotan ere. Ohore handia izan da niretzat euskarazko irratigintzaren historian ezinbesteko mugarri gisa geratuko den programan partaide izatea.