EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   





HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Albisteak - Noticias »  Bilintx 175 urte dela eta... Egitaraua

Bilintx 175 urte dela eta... Egitaraua

2006-04-27 / 09:22

Donostiako Euskararen Udal Patronatua-Euskararen Donostiak, Donostia Kultura, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea eta Irutxuloko Hitza egunkariarekin elkarlanean, Indalezio Bizkarrondo "Bilintx" jaio zela 175 urte beteko direla ospatzeko, hainbat jarduera eta kultur ekitaldi antolatu ditu Donostiak eman duen bertsolari ospetsuena gogoratzeko.

Bilintx175.jpg

Egitaraua

Gaurtik maiatzaren 20ra bitartean

Euskararen Udal Patronatuak egitarau zabala prestatu du Bilintxen jaiotzaren 175. urteurrena ospatzeko.

Apirilaren 26an, arratsaldeko 20:15ean, Atzegi elkartearen laguntzarekin Jon Anduezak zuzendu duen "Bilintx" izeneko film labur mutua ikusi ahal izango da, 20:15ean, Antzoki Zaharrean. Bertan , down sindromea daukan Gorka Zufiaurre Antzoki Zaharreko atezain lanetan ariko da film honetan, Bilintxen lanbide bera izango du eta hortik datorkio film honi izena.

Apirilaren 29an, Bilintxen omenezko "Donostia Dantzan" erromeria izango da Donostiako Konstituzio plazan 18:00etatik 20:00etara. Bagera Elkartea eta Donostiako Udaleko Txistulari Taldearen ekimenez, 23 pieza dantzatu ahal izango dira egun horretan antolatutako dantzaldian.

Apirilaren 30ean, 175 urte

Bilintx 1831ko apirilaren 30ean jaio zenez, datorren igandean beteko dira jaiotzaren 175 urteak. Egun horretan Donostiako Udaleko Txistulari Taldeak kontzertua emango du Konstituzio plazan, 12:00etan. Bilintxen bertsoak izango dira saioaren ardatza eta Andoni Alemanek tarteka hainbat bertso solte errezitatuko ditu. Honekin batera zenbait lagunek parte hartuko dute kontzertuan: Beñat eta Unai Gaztelumendi bertsolariek, Xabier Otaegik e.a. Ondoren Kale Nagusia eta Bilintx kaleen kantoian dagoen oroitarrira abiatuko dira eta han lore eskaintza egin eta Ohorezko kontrapasa eskainiko zaio.

Hitzaldia eta mahaingurua

Maiatzaren 4an eta 11n Bilintxen bertsogintza eta bizitzea egokitu zitzaion aroa hobeto ezagutzeko aukera egongo da. Maiatzaren 4an, "Bilintxen sudurrak esanahi luzea" izenburua duen hitzaldia emango dute Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak eta Unai Elizasu gai jartzaileak. Bilintxen bertsogintza aztertuko dute. Mahaingurua berriz, maiatzaren 11n egingo da. "Behin batean Donostian…" izenburua eman zaio mahainguruari, eta Gotzon Egiaren gidaritzapean, Inazio Mujika eta Mikel Alberdi idazleek, eta Carlos Rilova historialariak Bilintxez zein garai hartako Donostiaz hitz egingo dute: Liberalismoaz, euskararen egoeraz, e.a. Bi ekitaldi hauek Bagera elkarteak antolatu ditu eta Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan egingo dira, 19:30ean.

Bertso saioa txapelketa nagusiko protagonistekin

Egitarauaren azken ekitaldia maiatzaren 20an, Antzoki Zaharrean, iluntzeko 22:00etan egingo den Bilintxen omenezko bertso saioa izango da. Iazko Txapelketa Nagusiko sei bertsolari onenak izango dira oholtzan: Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta Sustrai Colina. Gai Jartzaile lanetan Unai Elizasu arituko da. Bertso saio berezia izango da, bai egituran eta baita saioa bideratzeko moduan ere. Saioaren ardatza Bilintx izango da noski. Sarrerak aldez aurretik 8 eurotan salgai egongo dira, Elkar Megadendan (Fermin Calbeton kalean), Garazi liburudendan (Antigua), Arkatza liburudendan (Egia), Hitz liburudendan (Gros) eta Bagera Elkartearen egoitzan. Sarrera egun berean hartuz gero, 10 euro ordaindu beharko da

Liburua ere bai

Bestalde, gogoratu "Bilintx, 175 urte direla eta…." izeneko liburua argitaratu zuela liburuaren egunerako Euskararen Udal Patronatuak. Liburuan Bilintxen hamabi bertso sorta ezagunenetakoak jasotzen dira eta bertso sorta horietatik bertso esanguratsuenen aukeraketa bat egin da Bilintxen bertsogintza ezagutzera emateko. Bestalde, bertso sorta bakoitza Mattin ilustratzaileak egindako ilustrazio batekin lagunduta dator.

Bilintxen bertsoak eta informazioa euskaraz.net webgunean

Azkenik, Euskararen Donostia patronatuaren www.euskaraz.net web gunean Bilintxen bertso guztiak, irakurtzeko eta doinuak entzuteko aukera dago. Horrez gain, Bilintxen bizitzaren hainbat pasadizo ere irakur daitezke eta bertsolaria hobeto ezagutzeko informazioa aurki daiteke.