Hiria zer nolako hizkuntza eremuan kokatzen den aurkezteko, hurrengo lerrootan Donostiaren inguruan gertatzen diren isoglosa garrantzizko batzuen berri dakargu. Adibideon testuingurua ez da beti isoglosa batek Donostia ondoko herri edo eremu batetik bereizten duena: franko adibidetan, isoglosa bat -edota sorta bat- hiri honetatik hurbil gertatzen dela jakiteko baliatuko ditugu ondoko datuok, Donostiaren inguruan aldeak edota hizkuntza-jauziak nontsu dauden ikusteko. Esaterako, “Errenteriatik eskuin dagoen berrikuntza bat”, “mendebaldetik Asteasuraino iristen den kontserbazio bilakabide bat”, “Donostia erdiz erdi ebakitzen duen morfologiako ezaugarri bat” erako adibideak erabiliko ditugu. Eta bestalde, egitekoaren izaerak beharturik eta zehaztasunaren mesedetan “Donostiako euskera” bezalako abstrakzioa lanerako erabiliko dela jakin arren, maiz, ezaugarriak Donostiakoak direla esatea baino egokiagoa gerta daiteke zein auzotakoak diren aipatzea; hobetsiko den jokabidea auzoak zehaztea izanen da, beraz: Aiete, Altza, Anoeta, Antigua, Añorga, Egia, Erdigunea, Errekalde, Errando, Gros, Herrera, Ibaeta, Igeldo, Intxaurrondo, Kaia (13), Loiola, Martutene, Parte Zaharra, Ulia...
4.1. Fonetika-fonologia
4.1.1. Tolosa i eta u bokalek a bokalari eragin hersketa gertatzen den herria dugu: Asteasun Zarautzen, Aian, Andoainen, Hernanin, Errenterian, Lezon eta Goizuetan; esate baterako, bilakabide hau ez da betetzen, ez bederen sistematikotasunez, baina badira beraren zantzu guti batzuk. Donostian ere ezaugarriak ez du agerpenik, baina auzoetan badira zantzuak, sistematikotasunetik biziki urrun daudenak; Igeldon, adibidez, sukaldien ‘sukaldean’, uexe ‘huraxe’, zien ‘ziren’, ik(e/a)si ‘ikasi’, zauken ‘zeukan’ bildu ditugu. Zantzu hauen jatorria eta testuinguru fonologikoa edo gramatikala xeheki aztertu behar da argi gehiago izateko.
4.1.2. Euskaraz hiatusaren laburketa gertatzen da hainbat hizkeratan -e eta -o-z bukatu hitzek mugatzailea jasotzen dutenean; adierazgarria da Orioko hurrengo adibidea: Oriyoko karamelok merkek eta goxok (Iturain & Loidi 1995: 9). Lasarten ere erabiltzen dira kalen bezalako soilketak. Ezaugarri hau ez da Donostiako euskeran betetzen eta arestiko esaera bitxi gertatzen zaio bertako edonori; salbuespena mendebaldean dago, Igeldon entzuten baitira honelako hiato laburketak: etxen ‘etxean’, zuzenen ‘zuzenean’, bakoitzen ‘bakoitzean’; halaz ere, absolutiboko pluralean ez da beti gertatzen: ollaxkok ‘oilaskoak’ dugu batetik, baina baita emakumiak ere, eta ez emakumek. Aipatu bilakabide laburtzailea inguruko herrietan ere gertatzen da: Beizaman. Asteasun, Andoainen, Aian, Orion edo Lasarten kalean kalen erako garapena ageri da. Oro har Donostiatik ekialdera -ea + C > -i + C eta -oa + C > -u + C erako bilakabideak ditugu: -ekialdean ez dagoen Hernanin, esaterako, -oan & -oak > -un & -uk hersketa gertatzen da-. Pasaia Donibanen, esaterako, -eak > -ik dugu: bestik, Lezon bezala. Oiartzunen: semik & gurasuk adibideak bildu dira eta Errenterian Añarbekuk. Goizuetan ere badira honelako adibideak.
Halaz ere. -e eta -o-z bukatu hitzetan soilketarik ez badago ere. ezin ahantzi da Donostian -iak > -ik & -ian > -in eta -uak > -uk & -uan > -un erako laburketak gertatzen direla. Kaletarren artean ez dira ezezagunak Antiguan, esaterako; dakartzagun adibideak auzoetakoak dira, ordea. Añorgan bokal belarearekin bildu ditugu adibideok: negun ‘neguan’: oso istimatuk , giñan maestrangandik; gaineratekoak palatalari dagozkio; hona Altzako adibide bat: danak baserrik izan tzian; hurrengoak Añorgakoak dira: izokik; belar lan guztik; arto zelayak ba... izugarrik izate zian; gezak lau baldin badia, ba gazik ere beste lau; txerriya iltze zanian txerrimunik eta emate genizkiyon; sartze ginan amabik arte; hondarreko hiruok Igeldokoak dira: kargatu arri aundik; bakallaua o sardinzarrak, danak gazi-gazik begik eta denak erretze tzizkizun. Adizkietan ere soilketa da egun nagusi, baina adinekoek oraindik ere : zekiyen ‘zekien’, nekiyen ‘nekien’ bezalakoak darabiltzate, Bilintxen banekiyen gogora dakarkigutenak; egun nagusi dabiltzanak zekin, nekin erako laguntzaile soilduak dira: F. Imazek baditu adibideak mende hasieran: bazekin (Zabala 1963: 65): ezaugarri honetan aldaera soildu hauen erabiltzaileak euskara batutik adinekoak baino urrunago dabiltza Donostian.
4.1.3. Egungo hiztun zaharretarik landa indargabeturik dagoen arren, ezpainbikoaren epentesia Donostiako ezaugarria da eta Antiguan, Igeldon edo Añorgan, bederen, nabarmen ageri zaigu; hurrengo adibideak Añorgakoak dira: bizituba, diruba, txikituba, ikulluba, selluba ‘zigilua’; baita pluralean ere: negubak. Mendebaldera adibide ugari ditugu Hernani, Urnieta, Andoain, Asteasu, Aia, Orio, Aginaga alderdi horretan. Donostiatik eskuin guti ageri da bilakabide hau egun, baina iragan mendean sortu Altzako bertsolarien lanean badira arrastoak, hala adizkietan -nuben ‘nuen’, suben ‘zuen’- nola izenetan. Iragan mendeko Errenteriako bertsolarien bertsoetan bakan ageri da. baina ugari Juan Kruz Zapirainen Santa Jenobebaren bizitza lanean; cf. Letamendia & Sagarzazu (1992: 510). Errenteriarren lan batzuetan agertzea eta beste batzuetan falta izatea literatura joeren eragina den aztertzeko dagoen gaia da. Egungo Oiartzunen ez da ageri eta Bonaparteren garaian Irunen ba omen zegoen baina Hondarribian ez; zerbaitxo ageri da, ordea, aspaldiagoko Hondarribiko idazkietan. Zernahi ere den, Nafarroa Garaiko Sakana alderdia salbu, egun leku gehienetan galbidean den bilakabidea dugu hau, are Lapurdiko itsasaldean, XIX. mendean bilakabidea betetzen baitzen; egungo datuetan arrasto batzuk bildu ditu Koldo Artola dialektologialariak DonibaneLohizunen, Getarian eta Bidarten. (Irizar 1997)
4.1.4. Euskal Herriko ekialdean horren entzunak diren aferesiak, Nafarroa Garaian Gareseraino- eta iristen zirenak, Lapurdin ere ageri zaizkigu: kartzen duna ‘ekartzen duena’ bildu da Donibane Lohizunen (EAEL). Nafarroako Aranon eta Goizuetan ere entzuten dira eta Nafarroako mugan dagoen Oiartzungo Ergoien auzoan ere arruntak dira: karri, torri, man ‘eman’. kusi, billi, kasi ‘ikasi’ san ‘esan’. mentxe ‘(h)ementxe’. akutsi ‘erakutsi’, kuttu ‘ukitu’... (Fraile & Fraile 1996: 25). Lezo-Pasaia-Errenteria eremuaz landa, Donostiako onddo-onddoan ere erabiltzen dira ekialdeko auzoetan: karri Altzako adibidea da eta Ulian torri nahiz etorri entzun ditugu. Antiguan guk beti makomia! esaera entzun dugu heiagorazko perpausetan errierta edo kexu giroan baina biziki markatua denez, adibide hau ez da baliagarria; ohart, dena den, erdiko bokala duela eta ez goikoa, Pasaia Donibaneko emakome-k bezala. Donostiatik ezker guztiz asistematikoki ageri diren aferesiaren arrasto batzuk ere badira, baina ez dirudi inolaz ere lexikalizatutako hitz aferesidunak direnik; oraingoz ongi aztertu gabeko gaia dugu hau (14).
4.1.5 Donostiatik ekialdera horren hedaturik dagoen sinkopa -Lezon esaterako (e)karko, botzen ‘botatzen’, pasten edo (i)kusko adibideak ditugu. eta antzera Oiartzunen eta Errenterian ere-, ez da sumatzen geure hirian non eta ez den Altzako botzen adibidean.
4.1.6. Hitzaren hasierako e-herstea arrunta da euskaraz ondoan –u-duen testuinguru batzuetan: geure eremuan Pasaia Donibaneko iruzki ‘eguzkia’. iguarri ‘eguberriak’ eta iruki ‘eduki’ adibideak aipa daitezke, eta baita izautu ‘ezagutu’ ere (EHHA) - bada Lezon ezautu ere, ordea-. Itxura guztien arabera Donostian ere izan da bilakabide honen arrasto zenbait hitz batean bederen: egun iuki entzun daiteke Ibaetan nahiz Aieten, eta arrunta da iruki idazle zaharren artean: Etxagaraik, Bilintxek, Soroak -iduki-rekin batean- eta Barriolak bederen erabili dute; P. Artolak eruki darabil.
4.1.7. Hitz bukaeran -o eta -e ematen dituzten -u eta -i-ren irekiera ezaguna da Nafarroa Garaiko eremu batzuetan: Basaburua eta Ultzamaz gain Bortzirietan ere badira honelako adibideak; Goizuetan ere bada u > o aldaketa hitzaren barrenean nahiz bukaeran (Zubiri & Perurena 1998: 32). Ageri denez, -u > -o bilakabidea Gipuzkoako Pasaiaraino iristen da: diro ‘dirua’ (EHHA): Lezon ere bada: liburotik & libru (Salaberria & Pontesta 1991). Oiartzunen ere ezaguna da hau (Fraile & Fraile 1996: 36): diro, soño, porro - baita hitzaren barrenean edo hasieran ere: sokalde, xolo, okendu, ora ‘hura’, eskoya ‘eskuina’; Pasaia Donibanen, esaterako soittu ‘zuritu’ eta eortzi ‘igurtzi’ erabiltzen dira (EHHA)-. Donostiako euskeran. ordea, ez dago -u > -o aldaketaren inolako arrastorik.
4.1.8. Gipuzkoan guztiz arrunta da t kontsonantearen bustidura automatikoa -it- testuinguruan; hurrengo herrietan bederen gertatzen da: Getaria -- tx- eran gertatu ere-, Aia, Asteasu, Tolosa. Andoain, Lisurbil. Hernani, Lasarte, Lezo. Errenteria, Oiartzun, Arano, Goizueta. Pasaian -oro har dihardute egileek Pasaiaz, ez dute zehazten hiruretarik zeinetan- adibide zenbait ageri da, baina bustidura ez da batere arrunta (Elortegi et alii 1997: 43): Pasaia San Pedroko eta Donibaneko adizki batzuetan bederen (Irizar 1991: 77) badirudi ez dagoela bustidurarik eta Izaskun Etxebestek dioskunez Pasaia Donibanen arrantzaleen artean ez da entzuten. Idatzi da (Irizar 1991) Donostian, Altzan eta Añorgan bilakabide hau ez dagoela. Donostian kaletarrek ez dute -it- bustidura automatikorik egiten, baina Añorgan iduri luke badela, eta baita Altzan ere. Añorgako adibideetan ikusten da ez dela bilakabide sistematikoa: iten ‘egiten’, eraiten ‘ereiten’, zitun ‘zituen’, dituk, pitarra ‘sagardo urduna’; halaz ere automatikoak diruditen oittura eta itz eitte ‘hitz egite’ entzun ditugu, eta baita atta ‘aita’ eta attakin ere, baina azken bi hauek adierazgarriak izan daitezke; adierazgarriak dira zalantzarik gabe auzo honetan entzun ditugun punttua ‘sagardoa ondurik dagoen unea’ eta maittiak. Zernahi ere den, adierazgarri diruditen Añorgako adibide hauek ez dirudi donostiar kaletarren artean entzuten direnik.
Argigarria da Gipuzkoako hizkeraren berezitasunak ongi ezagutzen dituen Euskaltzaindiko EHHAko lankide Izaskun Etxebeste donostiarrak zioskuna: Orio eta Zarauzko mugan sortu emazteki bat ezagutzen du, Donostiara ezkondu zena. Emazteki horrek ditu saileko aldaera bustigabeak darabiltza eta ez du asimilazio automatikorik egiten, baina bai adierazgarria atta edo attona bezalako hitzetan; oso zakar gertatzen bide zaio bi hitz horietako donostiarren -it- hori eta bigarren eta hirugarren pertsona pluraleko morfemako -te berarentzat berriak sortzen dion irudi zakarrarekin bateratzen du alderdi inpresionistatik; emaztekiak eginahalak egin ditu seme-alabei atta esanarazten, baina ez du seme-alaba donostiarrek honelakorik ahoskatzea inondik inora lortu. EHU-ko M. Lourdes Oñederra fonologialariari Gasteizko Filologia Fakultateko 1983ko eskoletan entzun diogu Astigarragatik tratura Donostiara zihoazen baserritarrek trolebusera igo orduko, beren mintzoko –ñ-ak eta -Il-ak bai, gordetzen zituztela, baina -tt-ak -it- despalatalizatu ohi zituztela; cf. Oñederra (1986).
4.1.9. Ez dago guztiz garbi ‘i + g’ loturak bustidura sortzeko joera norainokoa duen Donostian: esaterako, “igo” iyo esaten da bai, baina Hernanin bildu den iyurtzi adibidea (EHHA) igurtzi entzuten da Donostian egun (15) Andoainen, bestalde, zayula ‘zaigula’ bildu da oraintsu (EAEL). Guk dakigula, egungo Donostian iyurtzi edo zayula bezalako adibiderik ez da ageri.
4.1.10. -ind- eta -ild- taldeen bustidura adibiderik ez da falta Donostiatik hurbil: mendebaldetik, indarrik & inddarra parea bildu da Aian (EHHA)(16) eta ekialdera Errenterian izañu “izandu” pleonasmoa oinarri harturik, (EAEL, 130)-. Irunen, bestalde, billu ‘bildu’ dago (Alzola 1994: 102); billu edo billots ditugu Oiartzunen. Guk dakigula Donostian ez dago bustidura mota honen arrastorik.
4.1.11. Txistukari apikari afrikatua nekez entzun daiteke egun donostiar kaletarren ahoan: hurrengo herrietan, ordea, ts hotsa entzuten da: Asteasun, Aian, Orion, Aginagan, Usurbilen, Lasarten, Hernanin, Lezon, Oiartzunen, Aranon eta Goizuetan. Pasaian ia ez dago ts-rik, gutxi batzuk baizik (Elortegi et alii 1997: 44). Donostian egoera konplexua da. Esaterako, itzuzki ‘itsuski’. utza ‘hutsa’ edo itxuba ‘itsua’ entzun ditugu guk Antiguan eta itzazuan edo ausi ‘hautsi’ Parte Zaharrean. Ibaetan uzkurxe ageri da: utsik, baina baita itzaso bizkarkariduna ere. Igeldon harroago dabil, inolaz ere: igualtsuba, autsa, utsa, eantsi... Ez dirudi kaletarren arteko nahastea oraingoa denik. M. Soroaren 1886ko antzerki batean <itsasora> aldaeraz gain <itzazuan> ageri da, eta baita hurrengo bi hauek ere: <itzuziya>, <baratzuriyak>.
4.1.12. Berebat, txistukari igurzkarien bereizketa ere ez da aspaldi honetan betetzen donostiar kaletarren artean: zoka loriya ‘soka lodia’ (Kaia); uzaya ‘usaina’, bazarriya, zemiak ‘semeak’, nauzik ‘nagusiak’ (Antigua); :zaldu ‘saldu’. ezango ‘esango’, bazerri, zaarra ‘sagarra’, Zalamanka ‘Salamanca’ (Aiete); zilikosis, zaardoteiya, bazarriya, zartu ‘sartu’, zegi aurrea, azi ‘hasi ’, Uzurbilkua (Igeldo); bazerriko & baserriyantzako (Altza). M. Soroaren 1886ko adibideak ere adierazgarriak dira eta norabide berekoak gainera: zamurtuko, azarre, azarratu, zaltzalliac ‘saltzaileak’, zartzen ‘sartzen’. Ezaguna da hau guztia Donostia ondoko Pasaia Donibanen. esaterako: ezate’you ‘esaten diogu’, azkotan ‘askotan’, zartzeko ‘sartzeko’ (EHHA).
4.1.13. Adizkietako n- morfemak aitzinetik ez partikula daramanean, inguruko herrietan en- egiteko joera dago txistukaria galdurik: donostiar kaletarren artean bederen ez da entzuten. Esaterako en- ageri zaigu, Andoainen, Aginagan, Lasarten, Hernanin, Pasaia San Pedron eta Donibanen nahiz Aranon. Beste behin ere, salbuespenak auzoetan ageri zazkigu: enun ‘ez nuen’ dago Donostiako Ulian; Soroaren lanean ere bada enaiz (17). Berebat, ‘ez + g- ’ egituran ezg- da Donostiako kaletarren erabilpena, Antiguan guk beti entzun ohi dugunez, baina ezkenun ‘ez genuen’ bildu dugu Ulian eta ezkendun Ibaetan; Lasarten, esaterako, ezkea bildu da: cf. Labaka et alii (1996: 13).
4.2. Izenaren morfologia
4.2.1. Ipar Euskal Herrian, eta baita ondoko Nafarroako Bortzirietan ere, ondoko kontsonante sudurkariaren testuinguruan hertsitako o > u bilakabidea ageri da erakusleetan. Donostiatik eskuin ez dakigu non hasten diren untan ‘honetan’ edo unek ‘honek’ erako erakusleak. Oiartzunen badirudi ez direla erabiltzen: onek, onei, ontan... (Fraile & Fraile 1996: 81). Errenterian, ordea, barriyu untan adibidea ageri da EAEL-n (130), baina hor aitzinean dagoen bokalak asimilaturik egon daiteke. Pasaiako ununtzo ’honantzago’ adi bidean ondoko bokalaren asimilazioa egon daiteke eta iduria da Lezoko ondoko adibidea ere: galdu du ui ‘hori’: ez da Lezoko “ui” bakarra: kostunbre ui dakar EAEL-k eta baita oik arrunta ere: kostunbre oik. Ez dakigu Lezon EAEL-n bildu diren gui denboan ‘gure denboran’ eta aldi atikan ‘alde batetik’ bokal igoerak ere bilakabide honen inguruan kokatu behar ote diren, baina iduri luke ezetz. Batera nahiz bestera dela, Donostian ez dago u-z hasitako erakuslerik ezta honelako e- > i- bilakabiderako joerarik ez baldin bada erakusleen aitzinetik etxi oi ‘etxe hori’ erako ohikoetan.
4.2.2. Oro har iduri luke erakusle pluraletan inguruko herrietan baino aldaera osoagoak ageri zaizkigula Donostian: abek & obek / oyek / ayek dira donostiar kaletarren artean entzun daitezkeen aldaerak. Donostiatik ekialdera, laburtze nabarmena ageri da Oiartzungo adibideetan: ok / oik / aik (Fraile & Fraile 1996: 82). Mendebaldetik Oriok Donostiaren tankera hartzen du, baina herri honetan aldaera osoez gain laburrak ere erabiltzen dira: abek & obek / oyek & oik / ayek & aik. Lasarten lehen graduan ok ageri zaigu auek-ekin batean; aldaera osoagoak eta laburragoak batera ditugu Lasarten bigarren eta hirugarren graduan ere: oik & oyek aik & ayek. Hernanin ere oik eta aik entzun daitezke. M. Soroa antzerki idazle donostiarraren 1886ko lan batean ere ageri da lehen graduko ok, baina andre goierritar bat karakterizatzeko egina du. Donostian oik eta uik erabiltzen ez direla esatea gezurra esatea litzateke ordea: kaletarren artean ez dira entzuten, baina oik bildu dugu guk Aieten eta Igeldon; Altzan eta Ulian bi aldaerak entzun ditugu, oyek eta oik. Aldiz, oyek jaso dugu Antiguan, Kaian eta Parte Zaharrean. Hirugarren gradukoan ere berdin: aik aldaera ageri da Ulian, Aieten, Errandon, Igeldon eta Añorgan.
4.2.3. Aitzineko norabidean gertatzen den bokal asimilazioa ageri da erakusleetan Donostiaren inguruko herrietan: oloko edo nolokuak ageri zaizkigu Oiartzunen, eta Izaskun Etxebestek onoko bildu du Lasarten eta olokon bat Hernanin - olakoxe aldaerarekin batean-; P. Donibanen olako bildu da (EHHA). Donostian ez da ezaguna bilakabide hau baina badira adi bideak Igeldon: oloko.
4.2.4. Konplexua da izenordain hanpatuen errealitatea Donostian eta inguruetan aztertzea; egungo datuez gain iraganekoak aintzat hartzea ezinbestekoa da ordea, eta idazleren batek emandako berriak ongi etorriak dira: “nor: neu, neu, kost’aldian esaten duten bezela” pasartea ageri da M. Soroaren 1886ko lan batean: berak geonec edo zeroni zerabiltzan, eta baita lehen pertsona singularreko nerau aldaera ere (“Baratzan”, Euskal-Erria 15. 1886: 191), egungo hizkeran Donostian inondik inora ageri ez dena. Pluralean geroni dakar J. V. Etxagaraik. Aldaera hauek bildu ditugu guk Donostiako egungo mintzoan: neoni (Kaia); beorri ‘berori’ eta geronek (Añorga); geonen (Igeldo). Ikusten denez datibo izatetik absolutibo izatera iragan diren aldaerak ditugu. Orion gauzak aski antzera dabiltzala dirudi: neoni, erorri, geoni, zeorri... ageri dira, baina Lasarten dator desberdintasuna, pluraleko lehen pertsonan hain zuzen: neoni, eoirri, geok. Pasaian Donostiaren tankera sumatzen da: geonek, baina Oiartzunen geok dago zeorrek ‘zeuk’ eta zeonek ‘zeuk’ aldaerekin batera (Fraile & Fraile 1996: 92). Aranon ere geok dakar EAEL-k (159) eta gérak nahiz gérok dira Goizuetan erabiltzen direnak (Zubiri & Perurena 1998: 57).
4.2.5. Pluraleko datiboaren aldetik ere badirudi egoera nahasixea dela; konplexua bai bederen: Euskal Herriko erdialdeko hizkera bati dagokion bezala -ai da atzizkia, nahiz -ei-ren bat ere ageri den: -airi eta -aidi pleonasmoak ere baditugu Donostian, inguruko herrietan bezala. Ezaguna denez. Gaintxurizketa bitartean ez da -aki era ageri: gizonaki, lagunaki.
4.2.6. Destinatiboko atzizkiari dagokionez, Donostian oro har -tzako atzizkia nagusi dela nabarmen utzi beharra dago: -tzat aldaera guztiz bazterrekoa da, ia ez da inoiz entzuten. Bada bestalde, aipatu beharreko laburdura bat: beharbada neretzako / neretzat > neetzako / neetzat > netzako / netzat soilketan oinarriturik zutzako / zutzat erako aldaerak sortu dira. Uste dugunez hau Donostiako bilakabidea da: guk Antiguan entzuna dugu eta F. Imazek ere gutzat dakar (Zabala 1963: 26); aldameneko herrietako lanabesetan, Hernanin soziatiboko gukin ‘gurekin’ ageri da ordea; zernahi ere den, inguruko herrietan aztarrika aritzea komeni da baieztapen ziurragoak egin ahal izateko.
Esan dezagun, bestalde, administrazioz Errenteria den Argorri auzora orduko -tako atzizkia ageri zaigula, Nafarroako eta Lapurdiko antzera: béandakó (EAEL, 130). Oiartzunen, oraino, -tzat eta -tzako ditugu (Fraile & Fraile 1996: 77).
4.2.7. Ablatiboko -ti atzizki zaharra itxuraz lexikalizaturik ageri den aldaerak suma daitezke Donostia inguruko herri batzuetan; guk Donostian ez dugu -tik & -tikan baizik entzun: Goizuetan -ti atzizkia: emendi adizlagunean ageri da (EHHA) eta baita Errenterian ere: goróti, eméndi (EAEL, 130).
Bada, bestalde, desberdintasun bat gehiago kasu marka honen aldetik Donostiatik eskuin; dagoeneko Larramendik Hondarribirako dakar ezaugarri hau bere Corografia-n (1969: 301). Pasaia Donibanen -tikanen & -dikanen aldaera ageri da ablatiboan; are kausatiboraino iritsirik: zeatikanen. Errenterian ere ezaguna da: -tik & -tikan & -tikanen atzizkiak ditugu (Mitxelena 1950: 91).
4.2.8. Ezaguna da Euskal Herriko ekialdeko eremuetan -ko atzizkiak xedezko perpausetan edo “-lako” erako kausazkoetan kontsonante txistukari bat bereganaturik eranskina har dezakeela. Donostiatik eskuin ere ageri da eraugarri hau, eta agerpenaren maiztasuna haziz doa Oiartzun, Errenteria eta Lezotik ekialdera Hondarribian barrena goazen ber; Goizuetan eta Bortzirietan, esaterako. ohikoa da -koz & -(e)lakoz (Zuazo 1997: 401 eta 421). Oiartzunen -koz dugu: artzen asi nintzanekoz, nik i(g)arri niyon (Fraile & Fraile 1996: 138). Zenbait hiztunek kausazko -(e)lakoz erabiltzen dute Errenterian, nahiz -(e)lako erabiliagoa den; Lezon ere bi atzizkiak entzun daitezke. Hondarribian ere, Txomin Sagarzazuren adibideek erakusten dutenez, -kotz eta -kos arruntak dira: gérokotz, órdukos, nerétzakos, órtakotz...
4.2.9. Nafarroa Garaian ohi denez eta Donostian ez bezala Oiartzunen eta Lezon -keta(r)i atzizkia ageri zaigu garraioaren adierarekin: esneketaya, egurketaya, bazkaiketaya, zezenketaya (Elortegi et alii 1997: 70).
4.3. Aditz nagusiaren morfologia
4.3.1. Kontsonante sudurkarian bukatzen diren partizipioei ahostundu gabeko -ta atzizkia erants dakieke Donostiatik eskuin dauden herrietan: Pasaia Donibanen intako ‘egindako’ edo esantakua adibideak ditugu (EHHA) eta Lezon, berriz, inta. Hondarribian ere honelakoak entzuten dira egun. Egungo mintzoan Donostian entzuten ez diren arren, garai bateko idazleen artean ezagunak dira honelako aldaerak: M. Soroak emanta, izanta eta esantako adibideak dakartza 1886ko Baratzan lanean; Bilintxek eginta darabil.
4.3.2. Ipar-mendebaldetik Urolan barrena Zarautzeraino iristen dira -iu eta -au aldaerak partizipioko atzizkian: aukerau, barkau, eskau, gerau sorau (Zuazo 1998: 207).
4.3.3. Ez da ezezaguna -ki aditz atzizkia Donostian -A. Anabitartek badarabil- baina agerpena “izan” aditzari mugaturik dagoela sumatzen dugu guk eta Pello Zubiriak dioskunez antzera gertatzen da mendebaldetik Aginagan ere: izaki adibideaz gain guretzat ez da guztiz garbi dagoen gauza zenbateraino erabiltzen den beste aditzetan. Lezon arruntagoa da egitura: eta ayek tokan tokan aiki; ayen atta an izaki sagardoteiyan (Salaberria & Pontesta 1991: 34-5); Oiartzunen ere bada: Errenterian pleonasmoak eta guzti ageri zaigu bilakabidea: eokiki, juakiki, izakiki.
4.3.4. Etorkizuneko atzizkia Gipuzkoako ohiko -ko / -go da beti Donostian; eguzki aldera abiaturik -en ez dugu Goizuetaraino aurkitzen baina Larrarnendik Corografía-n dakarrenez (1969: 301 ) Oiartzunen esain, emain nahiz esanen eta emanen erako aldaerak erabiltzen ziren.
4.3.5. Aditz izenak inesiboko atzizkia hartzean–sitzen & -zitzen entzuten da–sten -zten eren ordain ‘txistukaria + -i’ bukaera duten bi silabako aditzetan; Bortzirietan ezaguna da hau asitzen ‘hasten’ edo utzitzen ‘uzten’ bezalako adibideetan; Lezoraino bederen iristen da bilakabidea: utzitzen (Salaberria & Pontesta 1991: 33); Pasaia Donibanen ere bada bilakabidea: asitzen, itxitzen (EHHA). Donostian uzten, asten, azten ‘hazten’ erakoak dira erabiltzen direnak, baina utzitzen ageri zaigu behin M. Soroaren Baratzan lanean.
4.4. Aditz laguntzailearen morfologia
4.4.1. Nafarroa Garaiko ezaugarritzat hartu ohi da bigarren pertsona singularreko adizkietan y- morfema agertzea; Oiartzungo hurranen adi bideak lekuko dira: (y)a(i)z ‘haiz’, yai ‘hadi’, yo ‘hago’, yua ‘hoa’. Errenteriara orduko bada ezaugarri hau eta baita Goizuetan ere, baina ez da hortik ezker hedatzen eta guztiz ezezaguna da Donostiako mintzoan.
4.4.2. Bizkaiko, Nafarroa Garaiko eta Lapurdiko -hondarreko honetan zare & gare aldaerekin batera- ezaugarri dira ga(r)a & za(r)a adizkiak. Gipuzkoan ge(r)a & ze(r)a dira arruntenak. Halaz ere, Donostiatik ekialdera, ga(ra) / ge(r)a eta za(ra) / ze(r)a adizkien arteko lehia dago Errenterian, Oiartzunen, Hondarribian eta Irunen.
4.3.3. Ezaguna da naz ‘naiz’ aldaera Donostiatik ekialdera dauden herrietan; naiz aldaerarekiko lehian baldin bada ere, P. Donibanen, Lezon. Errenterian eta Oiartzunen naz & nas ageri zaigu. Adizki hau Nafarroako Arano eta Arantzara hedatzen da, baina ez da Goizuetan ageri (Zubiri & Perurena 1998: 128), ezta Irunen eta Hondarribian ere.
4.4.4. “Izan” aditzeko iraganeko adizkietan zen / zan edo ni(n)tzen / ni(n)tzan ereduak bereizten dituen isoglosaren egitura konplexua da: Donostian -an da eredua egungo “izan” aditzean: nitzan, ziñan, zan; Bonaparteren garaian ere zan bildu zen, baina “edun” aditzeko aldaeretan -en da Bonaparteren garaiko morfema iraganean: nuen, zenduen, zuen eta genduen; egun behintzat, gendun soildua entzuten da Donostian. Pasaia San Pedron eta Donibanen bietarik ageri dira gaurko egunean. Oiartzunen zen dago nagusi, baina gero nintzan, giñan aldaerak ageri dira lehen pertsonan. Lezon, Pasaian gertatzen denaren antzera, zen, nintzen eta (t)zien ‘ziren’ aidaerez landa bada -an ereduko zian ‘ziren‘ ere. Errenteriakoak dira txandaketaren berri argi erakusten duten adibideok: zen / zan, nintzen /nintzanian, giñen / giñan.
Euskal Herria erdiz erdi ebakitzen du -ala & -an / -ela & -en atzizkien isoglosak: zalantzarik gabe Donostia mendebaldeko sailean gelditzen da -ala eta -an aldaerak lekuko. Hiritik ekialdera egoera ez da guztiz garbia (cf. Mitxelena 1950: 94)(18). baina oro har, eta -an & -ala lehian duen arren. -en & -ela dagoela esan daiteke. Usurbilkoak dira eztetala eta nintzala (EAEL); hurrengo adibideak Donostia aldean ohikoa den hiatus soilketaren emaitza dira: emateula Hernanikoa (EAEL, 125) eta zittula Errenteriakoa (EAEL. 130)(19). Lezokoak dira hurrengo adibideak: dien ‘diren’ (EAEL); nittuen ‘zeharg’, nitzala (Salaberria & Pontesta 1991); hona Aranokoak: al dena & nola dan (EAEL, 159); Goizuetakoa da zer dan (EAEL).
4.4.5.- Lasarte-Usurbil alderditik ezker eta Hernani aldean bederen nori saileko morfema plurala den -z- txistukari bizkarkaria bustitzen da: dixka & dizka ‘dizkio’ zaizka & zaixka ‘zaizkio’, dixkiu ‘dizkigu’ (Lasarte); dixkizut (Usurbil): dixka ‘dizkio’ (Aginaga); zaixkit (Orio). Hernanin sartze xaixka ‘sartzen zaizkio’ eta kentze xixkatela ‘kentzen zizkiotela’ bildu ditu Izaskun Etxebestek (EHHA). Ekialdera bustidurarik gabeko zizkan dugu Donostian eta siskan bildu da P. Donibanen (EHHA). Hikako adizkietan ere gertatzen da aipatu bilakabidea: zaxkiak (Usurbil); zaixkiak (Orio) / zaizki(d)ak (Zubieta, Lasarte, Igeldo); (d)ixkiyau ‘dizkiagu’ (Hernani, EHHA). Bustidura ezaugarri hau Donostian gertatzen ez dela esan dugu baina salbuespenak daude, auzoetan: Igeldon, esaterako, dizkizut erabiltzen da, eta Usurbilen, berriz, dixkizut halaz ere, zizkien aldaeraz gain zixkien ‘zizkioten’ ere txandaketan ageri zaigu Igeldo auzoan.
4.4.6. “Edun” aditzaren adizkietan det eta dut aldaeren arteko lehia dago Donostiatik ekialdera berehala: Pasaia San Pedron dezu ageri da eta Donibanen dek eta deu, esate batera: Lezon, ordea, duzu dago eta Errenterian ere duzu baina -e- dunekin lehian.
4.4.7. Hedadura handia duenez garrantzizko ezaugarria da hirugarren pertsona pluraleko ergatiboko eta datiboko aldaeran dagoen -te / -e bereizketa. Gipuzkoako eremu handi batean -Deba ibarrean, Urolaldean, Goierrin, Tolosaldean- -e atzizkia dago, Nafarroako mugaraino: Hernanin, esaterako, -e dago -te- rekin batean, Aranon bezala (Zubiri & Perurena 1998: 84), baina Goizuetara orduko -te daukagu. Lasarte, Usurbil eta Orio ere -e erabiltzen den herriak dira; Orion zaharrek badarabilte dute aldaera ere. Bestaldera Donostia, Pasaia San Pedro, Donibane, Lezo, Errenteria, Oiartzun eta Goizueta gelditzen dira: hauetan -te da atzizkia. Baina Donostia ez da eremu homogeneoa: Antiguaraino -te dagoen arren, mendebaldera -e morfema agertzen hasten zaigu. Ibaetan eta Igeldon bildu ditugun adizkiak lekuko. Añorgan esaterako, (d)ue ‘dute’, zuen ‘zuten’ eta (d)izue ‘dizute’ bildu ditugu, baina baita ziyoten ‘zioten’ eta zezkatek ‘zeuzkatek’ ere; ezagun duenez, adizki batzuetan -e morfema ageri da Añorgan eta beste batzuetan -te.
4.4.8. Nor Nork sailean irla nabarmen bat iduri du dagoela “edun” aditzaren iraganeko aldaeretan lehen pertsonako Nor morfeman: niñ- legoke alderdi batetik (Donostia. Hernani, Igeldo, Zubieta, Lasarte, Usurbil, Errenteria, Lezo, Oiartzun) eta nind- beste batetik (Pasaia): niñuken, niñunan, niñun, niñuzuten ditugu Donostian: Pasaian, berriz: ninduken, nindunen, ninduen, ninduzuten. Pasaiako datuok ez dakigu zehazki nongoak diren; G. Bähr hizkuntzalari legazpiarrak bildu zituen Azkueren Erizkizundi-rako XX. mendeko bigarren hamarkadan.
4.4.9. Donostiatik ekialdera datiboko bigarren pertsonaraino iristen dira Nor Nork-eko aldaerak, beste hizkeretan ohiz Nor Nori Nork direnak: honela. kantatuko zattut edo axe(r)iyak iesi ingo zattu bezalakoak entzun daitezke Oiartzunen, Bortzirietan-eta arruntak direnak; lehen pertsona pluralekoetara ere iristen bide dira: cf. Zuazo (1997: 413) eta Fraile & Fraile (1996: 116). Donostiako ohiko esan nau ‘esan dit’, eman naskitzu giltzak ‘eman iezazkidazu giltzak’ bezalakoak aspalditik daude salaturik, baina ez dago hirian esan zaitut erakoen arrastorik, singularreko lehen pertsonako datibora mugatzen da bilakabidea.
4.4.10. Nor Nori Nork saileko gertakari analogiko arras hedatua da dizkio > ditio aldaketa pluraleko adizkietan, gero tio & ttio erako aldaerak eman dituena: Nafarroa Garaiko erdialdean ezaguna da eta Itzarbeibarko Garesko hizkeraraino iritsi zen. Eskuztatu ditugun lanak lekuko ez dirudi Gipuzkoako ipar-ekialde guztira hedatu denik: ez bederen Lezo- Errenteria-Oiartzun aldera ezta Nafarroa Garaiko mugako Aranora ere. Goizuetan, ordea, badira honelako aldaerak: ttit ‘dizkit’, ttio ‘dizkio’, ttiu ‘dizkigu’ (Zubiri & Perurena 1998: 137). eta baita Irunen eta Hondarribian ere. Espero zitekeenez, berri kuntza honek ez du Donostia barrenean harrapatu.
4.4.11. Donostiako testu zaharretan bezala, diozka ‘dizkiot’ eta niozkan ‘nizkion’ aldaerak bildu zituen Pasaian G. Bähr hizkuntzalariak Nor Nori Nork sailean XX. mendearen hasieran. Donostian ere bada -ka morfema datiboa hirugarren pertsonarako eta bertako zerrendetan dizkat eta nizkan ageri dira (Irizar 1991) eta dizkiyot eta dizkat edo nizkiyon eta nizkan dira hirian guk beti entzun ditugunak. Berebat, Pasaia Donibanen zayoskak & zaioskan aldaerak ageri dira Nor Nori aditz saileko pluralean, baina Donostian zaizkiyo edo zaizka erakoak dira guk beti entzun ditugunak.
4.4.12. Adizki laguntzaileetako de- eta di- atala ez da sekula galtzen Donostiako hizkeran. Nafarroako Bortzirietan eta Goizuetan ezaguna da bilakabide hau: emain zut ‘emanen dizut’ (Goizueta); Errenteriako Zamalbiden ere ageri zaigu: esantzu ‘esan duzu’, ikusi altzu ‘ikusi al duzu’; Lezokoa da ezut ‘ez dizut’ (EAEL); herri honetakoa berekoa da “eduki” aditzaren aldaera trinko hau: goguan kat ‘gogoan daukat’. Metatatesi bidezko aldaerak ditugu di- aldatu duten hurrengoak Errenteriako Zamalbiden eta Lezon: emaintzut ‘eman dizut’, esaintzut ‘esan dizut’ (Irizar 1992: 521).
4.4.13. Nor Nori Nork aditz sailean geni- > gini- & giñi- gibelerateko asimilazioaren isoglosa Donostiaraino bereraino iristen da. Hiritik ezkerrera hedatzen dira giñ- & gin- erako adizkiak: ginizun, giñikan (Añorga); giñizun (Usurbil, Igeldo, Orio); giñizun, ginizun, giniyon (Hernani). Ez dira aldaera bakarrak; esate batera, geñizun ere bada Usurbilen. Donostian eta handik eskuin gen- dago: geniyon eta genizun bildu dira Pasaian eta Donostian; guk Nor Nork sailean giñitun ‘genituen’ bildu dugu Antiguan, baina lekukoaren arbaso igeldoar- usurbildarretan egon daiteke argia. Lapurdiko itsasaldean berriz ageri dira ekialdera ziñion, giñion, ziñioten erako adizkiak (Irizar 1997: 251).
4.4.14. Donostian ez da ezezaguna “egon” aditzaren aldaera trinkoetan pluraleko -z- morfema agertzea: txiki- txikitatik doste eta seosten adizkiak entzun ditugu guk Antiguan daude eta zeuden & zauden aldaerekin batean, baina beti ere -z- “egon” aditzera eta pluraleko hirugarren pertsonaren testuingurura mugaturik; inoiz “izan” aditzeko bigarren pertsonako seaste ‘zarete’ bezalako zerbait entzutean, berehala pentsatu ohi du donostiarrak hizketalaguna errenteriar bat edo izan daitekeela. Honako adibideek ez dute zalantzarako aukerarik uzten: seaste & siñasten (Pasaia Donibane); zeazte & zerazte (Errenteria); zazte & ziñazten (Lezo); zazte & zeazte (Oiartzun); zaazte (Irun). Hondarribian ere saste entzuten da arrantzaleen auzoan. Badira halaz ere zeate & zerate sailekoak Errenterian eta Irunen ere. M. Soroa donostiarraren Anton Caicu antzerki lanean egungo belarriari bitxi gertatzen zaizkion zeazte eta <ciñasten> aldaerak ageri dira <ciñaten>-ekin batera. Ekialdera, ezaguna denez, iraganeko aldaeretan ziñeten erakoak (Hendaia, Donibane- Lohizune) erabiltzen dira Lapurdin eta Nafarroa Beherean.
“Egon” aditzaren aldaeretara itzulirik, eman ditzagun Donostia inguruko adibide batzuk: zaudezen, gaude & gaudez, zaude & zaudez, daude & daudez ageri dira Orion. Pasaian, berriz, hurrengoak ditugu: dozte, zaozte, zeozten. Bigarren pertsonan zaudez ageri da Donibanen, Orion bezala. Donostian daude & doste erabiltzen dira, bai, baina ez inondik inora daudez edo zaudez tankerako deus; halaz guztiz ere, 1886ko Anton Caicu lanean daudez eta zaudezte aldaerak dakartza M. Soroak eta baita zaudezen ‘zeuden’ ere: Abelino Barriolaren antzerki lanetan ere bada: proatu ia onak daudezen (1987 (1912): 118): Pepe Artolaren lanean ere gaudez: ageri da (1962: 78). Benetan Donostian erabiltzen ziren, ala antzerkiak edota topikoak beharturik idazleak horrela kutsu zenbait emateko egin ote zuen? Egungo donostiarrarendako aldaera harrigarriak diruditen arren, ezin saihestu daiteke adizki hauek Donostia ezker-eskuin guztiz inguraturik dutelako errealitatea; ondikotz, euskararen inguruko soziolinguistika historikoko lanak ez ditugu nahi bezainbat aitzinatuak honelako korapiloak behar den bezala askatzeko.
4.4.15. “Etorri” aditzaren adizki trinkoak ordezkatu dituen Euskal Herriko ekialdeko eldu da ‘dator’ aldaera ageri zaigu Donostiatik eskuin, esate baterako Lezon. Ondoko Errenterian ere datorren & eldu den ageri dira Erizkizundi-ko XX. mende hasierako emaitzetan.
4.4.16. Pluraleko adizkietan -ti morfema ageri da “Etorri” eta “Joan” aditzen aldaera trinkoetan Donostiatik mendebaldera; Andoainen baatozti bildu da (EAEL); Orion dijuazti & zijuaztilla (Iturain & Loidi 1996) eta zetoztilla (EAEL, 111): iduri luke Lasarten txandaketa dagoela: gatozti dago. eta datozti, baina baita datoz soila ere. Añorgan dijuaztela bildu dugu guk. Donostian -te da morfema: datoz & datozte edo dijuaz & dijuazte erabiltzen dira, ez dago -ti-ren arrastorik.
4.4.17. Hiketako aldaera alokutiboetan behin Añorgatik ezker afrikatu sabaiaurrekoaren agerpena dugu, donostiar kaletarraren belarrirako arrunt nabarmen gertatzen dena: zioken (Donostia, Altza. Pasaia San Pedro) / zitxiokan (Añorga): konpromisozko jokabidea dago Lasarten: zitxiun / zi(g)uken. Hurrengo hauek guztiak ere Lasartekoak dira: nitxoan ‘nioan’. gatxaudek, natxatorrek. Zubietan ere antzera: sitxaiñ ‘zitzaian’; baita Usurbilen ere: zitxaiñ; baina zitzaiken bildu da Lasarten. Igeldoko zitzaken gogora dakarkiguna. Orion ere sabaiaurrekoa ageri da: zitxian ‘zidaan’, genitxixkiyon ‘genizkioan’, nitxeon ‘nengoan’. Dirudienez, eta Anizeto Zugasti altzatar zenaren arabera (Irizar 1991: 70). Donostian -tx- soilik ‘niauk’ eta ‘niaun’ adizkietan dago: natxiok & natxion; hauekin batera niak & niok eta nian & nion ere erabiltzen dira Donostian (ibid.). Morfema sabaiaurreko afrikatuaren zantzu zenbait bada Donostian Igeldo auzoan: nitxien ‘noan’; halaz ere hobeki aztertu beharreko gaia da.
4.4.18. Lehia dago Donostialdean naiz-en maskulinoko alokutiboko nauk eta nak aldaeren artean: nauk dago Orion, Igeldon eta Añorgan, baina Hernanin, Usurbilen, Zubietan, Lasarten, Donostian, Pasaian, Lezon eta Errenterian nak; Oiartzunen nak & nauk daude. Donostian nauk ere badago eta Anizeto Zugasti zenaren arabera nak aldaerak baino erabilera zabalagoa du; M. Soroaren Gabon antzerki lanean badira nak-en adibideak: jungo nac.
4.4.19. Datiboa bigarren pertsonako singularra denean oro har aldaera murritzagoak erabiltzen dira Donostia inguruan mendebaldera nahiz ekialdera: nin ‘nian’ (Añorga); dizkit & dizkitt ‘dizkiat’, dit & diat ‘diat’ (Hernani); nin & nixkin (Usurbil). Orion badirudi berriz ere aldaera osoagoak, ageri direla: diyat; antzera esan daiteke Igeldo auzoaz ere: niyan & nizkiyan; Donostian nian bildu da eta zekiat dakar V. Iraolak (1894: 15). Pasaian -a- ez den beste morfema bat ageri zaigu: niken. Oiartzunen nin laburtua ageri da.
4.5. Lexikoa
4.5.1. Donostiako lexikoaren apartekotasunik ezaren berri izan daiteke Euskalerriko Arlas Etnolinguistiko-a (1984 eta 1990) dagokigun eremuan amiñi bat aztertuz gero. Muga lexikoak inon biltzen ote diren jakin nahian halako ibilbide bat egin dugu Asteasutik Errenteriaraino Hernanin eta Donostian barrena. Ez da anitz aurkitu duguna, baina dagoen jauzi apurra, aitzineko ataletan gertatu den bezala, Donostiatik ekialdera sumatzen da. Hurrengo datuak Asteasu / Hernani / Donostia / Errenteria hurrenkerari dagozkio eta aldaketa Donostiatik eskuin dagoela ageri dute; zenbakiak Atlas-ekoak berak dira:
zutik / zutik / zutik / zutiñik (24)
txerriya / txerriya / zerria / txerria & urdea (oh.:20) (85)
usua / uxua & antxeta / usua & itxas-txori / uxua & kayua (oh.:21)(93)
atxurra / atxurra / atxurra / altxurra & atxurra (138)
soñekua / alkandora / soñekua & alkandora / soñekua & alkandora & atorra (144)
motxa / motxa / motza / motz & labur & eskas (211)
lañua lañua (oh.:22) / lañuba (oh.:23)/ odeya (oh.:24)(228)
lota jute a ?? & lotan sartua?? / oyeatzea ijua & oyeatu in da / etzaten da & etzan egin da & oyeatzen da & oyeatuta dago & oyeatutzen da / etzin egiten da & etzin da (309)
tximuba / tximuba / tximua / tximiyua (oh.:20)(437)
4.5.2. Gerraren aitzineko Azkueren Erizkizundi-a ez da lanabesik egokiena azterketa lexikoak behar den bezala egiteko, baina dagoen apurrak Donostiatik Errenteriara aldea badela ohartzeko aukera ematen digu. Hurranen adibideetan aise da ohartzea ezkerreko aldaera, Donostiakoa, Gipuzkoako mintzo orokorrarekin batera doala eta Errenteriakoa ekialdeko mintzoetara saihesten dela: ezer- / deus (26), gora / goitti (27) txistu / ixtu, txonkatilla / txurmioa, zein / nor. (28)
4.5.3. Bestalde, orain artean lanabesetan ageri diren desberdintasun batzuk dakartzagu; ezagun duenez, frankotan ez dira denak Iexikoari bete-betean dagozkion adibideak, fonologiaren inguruko hitz baten aldaera lexikalizatu ez sistematikoak baizik. baina honelako mikrodialektologiako lan batean ezin saihestuzkoak direla uste dugunez hona ekarri ditugu:
alde (Donostia) / ayeka & alde (P. Donibane, Lezo. Hernani, Goizueta)
arrautz ‘arraultzea’ (Donostia, Hernani, P. Donibane) (29) / arraultz (Aiete) (30)& arroltz (Aginaga)
asnasa (Donostia, Hernani) & asnasia (P. Donibane) / arnasa (Aginaga)
atea & etera (Donostia)(31) erten tzian ‘irten ziren’ (Zarautz)
atzalde (Donostia) / artzalde (P. Donibane)
bakoitz (Donostia) / bakotx (P.Donibane)
baño(n) (32) & maño ‘baina’ (Donostia) / miño (Donibane, Lezo) & biño (Errenteria. Lezo)(33)
batzoi (Donostia) / baatxui (Hernani)
bezala (Donostia, P. Donibane, Lezo) / bejela (Aiete, Kaia)(34)
biar ‘behar’ (Donostia, Asteasu. Errenteria, Lezo)(35) / ber (Beizama, Aia, Zarautz, Orio, Errenteria) (36)
e(d)o (Donostia) / e(r)o (Getaria) & ero (Usurbil)
emen ‘hemen’ (Orio, Donostia) / amen (Getaria)
errex (Donostia) / aixa (Usurbil, Añorga)(37)
eskubi (Donostia) / eskoi (Lezo, Oiartzun)
etxe (Donostia, Usurbil, Igeldo, Hernani) / itxe (Getaria, Zarautz, Orio, Igeldo, Pasaia, Lezo, Errenteria, Hernani, Arano, Goizueta)
euskeaz & erderaz (Donostia) / euskaraz & erdaraz (Lezo)
far ‘irria, barrea’ (Donostia, Lezo) / par (Aginaga)
gabe (Donostia) (38) / betanik ‘gabetanik’ (Igeldo) (39)
galdetu (Donostia) / galdatu (Lezo)
goatu (Donostia, P. San Pedro) / akordatu (Andoain, Hernani)
igande (Donostia) jai (Andoain. Aginaga)(40)
illunabar (Donostia)(41) / iñular (Zarautz, Aginaga, Ibaeta)
jela ‘izotza’ (Donostia) / orma & ,jela (P. Donibane)
jetxi (Asteasu, Donostia) /, jatxi (Orio, P. San Pedro. P. Donibane, Lezo)
junio (Donostiaya)(42) / ga(r)agarril (Hernani)
kamiyo (Donostia, Lezo) / kamiño (P. San Pedro, P. Donibane)
kendu (Donostia) / ekendu (P. Donibane)(43)
kirten (Donostia) & kerten (Hernani) / kiar ‘giderra’ (P. Donibane)
lanbata (Donostia, Andoain) / laumatian (San Pedro)
lenbizikua (Donostia) / linbizikua (Lezo)(44)
nastutu ‘nahasi’ (Donostia) / nastu (Aginaga (45), Hernani, P. Donibane)
oañ (Donostia, P. San Pedro) (46) / min (Pasaia)
omoste (Donostiako Antigua)(47) / unbest´urtian (P. San Pedro) & umeste (Hernani)
ordoi (Donostia, Getaria, Orio, Pasaia, Oiartzun -Lasarten ordai- ) / erdoi (Asteasu, Hernani, Lasarte, Ibaeta)
osto (Donostia) / ostro (Zarautz)
señare ‘senidea’ (Añorga. Errando, Altza)(48) / siñere (Errenteria)
udaberri (Donostia) / primadera & primabera (Errenteria)
udara ‘uda’ (Donostia) / uda (Zarautz)
udazken (Donostia, Andoain, P. Donibane) / udatzen (Zarautz, P. Donibane)
uju (Donostia, Aginaga) / iju (Hernaniko hegoaldea, P. Donibane)
ura ‘edateko ura’ (Donostia) / uda (Azpeitia, Tolosa)
utzi (Donostia) / laga (Getaria, Zarautz, Orio)(49)
Oharrak:
13.- Ez zuen ospe txarrik bertako hizkerak: Loyartek dioenez “es allí donde el vascuence no se pule. Entre los hombres de mar y las mujeres de tierra y sin Academia ni reglas, hablan el más dulce vascuence que en paraje alguno de Guipúzcoa se ha podido hablar”; cf. K. Izagirre (1998: 43).
l4.- Dakartzagun aferesi adibideok bokal ondokoak dira eta ez, beraz, egokienak. Orio: torri & etorri (EHHA); Zarautz: zate zan ‘izaten zen’ zate xian, torri zian (EAEL); Getaria: nóla saten da?, sango ‘izango’; Tolosa: suba mateko (EHHA).
l5.- Litekeena da iyo ez izatea igo-ren bustiduratik sortua, igo > io > iyo bezalako zerbait baizik. Donostiako antzerki lanetan nahiz 1761eko gutun batean <bigar>- hiperzuzenketa aurkitzea honekin loturik egon daiteke; ez da ahantzi behar sabaikari epentetikoaren erabilera zaharra dela -J. V. Etxagaralk biyurtzen darabil (1964: 74)- eta ezartze eremua ere zabala dela. V. Iraolak Zurriyola idazten du: Bigar Zurriyolan bilatuko naute itua (1894: 24). Aitor dezagun, halaz ere, V. Iraolaren obran lan batzuk zinez urruntzen direla Donostiako hizkeratik: aldea dago IOnenzaro gaba! (1894) antzerki lanetik Gabontan izenekora (1898). Iraolaren lanean Donostiatik ekialdera entzun daitezkeen hizkuntza-aldaerak sumatzen dira; cf. K. Izagirre (1998), non Pasaiako eren agerpena aipatzen den: diozkatan (1898: 30), okabilla ‘ukabila’ (1898: 32) edo ichitzen (1894: 18) bezalako adibideetan nabarmena da.
l6.- Ez dakigu zenbaterainoko agerpena duten inddar bezalako aldaera bustiek Aian, ez dakigu dakargun adibideak zenbateraino ordezkatzen duen Aiako jardun egunerokoa.
17. Baratzan lanean (1886) elkar hizketa batzuk gertatzen dira jaun hiritarraren eta baserritarraren artean eta karakterizazio zerbait sumatzen da hizkeran: hiritarrak kafia darabil baina baserritarraren ahoan kapia eta kapeteia ‘kafeteria’ ezartzen ditu Soroak, eta baita enaiz: ‘ez naiz’ aldaera ere (Euskal-Erria 15, 1886: 417). Hernanin hurrengoak bildu ditu oraintsu Izaskun Etxebestek: perin ‘ferian’, pijo ‘fijo, paltak ‘faltak’, apai ‘afari’ eta kapesnia ‘kafetesnea’.
18.- Siempre había pensado -y me cuesta dejar de creerlo- que la mezcla de alto- navarro y guipuzcoano que se observa en el habla de R(entería) se explicaba por una penetración continua de formas guipuzcoanas en el primitivo fondo navarro. Esto es cierto, sin duda en nuestros días: den y zen, p. ej., tienden a ser sustituídos por dan y zan. Pero en frases hechas encuentro, como únicas formas, ai dainian ‘al parecer’ y zana ‘el difunto’ (yo solo muy tarde he llegado a darme cuenta de que zana es zena) que hablan muy poco en favor de mis presupuestos teóricos.
19.- Otaegik Bonaparteri diotsonagatik, soilketa hori XIX. mendean hedatu zen; cf. F. Altuna (1995: 233- 4).
20.- Pasaia Donibanen ere urde bildu du Izaskun Etxebestek.
21.- Mendebaldetik kayo dago Zarautzen ere.
22.- Goizuetan “euri lañoak” nahiz “odeiak” erabiltzen dira.
23.- Beste lekuko baten arabera lañua ‘niebla’ da eta lanbrua ‘niebla de mar’.
24.- Oiartzunen ere oreya erabiltzen dute eta Hondarribian oria.
25.- Irunen tximiñu bildu da.
26.- Lezon ere deus erabiltzen da.
27.- Lezon ere erabiltzen da goitti.
28.- Pasaian eta Errenterian ere ageri da nor; bide berean norbea Donostiako Altzan, Pasaian eta Hernanin dugu; guk Antiguan bakoitza entzun dugu.
29.- Lasarten arrutz bildu da.
30.- Etxagaraik arraultza zerabilen
31.- Andoainen eta Lezon ere atea dugu, baina Asteasun ata.
32.- Zarautz, Asteasu, Andoain eta Usurbilen baño. Pasaia San Pedron, Donibanen eta Errenterian ere bada baño(n). Hernanin, esaterako, baño hala ‘baina’ nola ‘baino’ da; bestalde, Hernanin baiño ere bada ‘baino’ eta P. San Pedron ere baño ere bada ‘baino’.
33.- Bada Lezon beño ere.
34.- Augustin Anabitarte idazle donostiarrak ere erabili zuen inoiz eta Azkueren hiztegiak Beterrin erabiltzen dela dakar.
35.- Tolosan eta Hernanin bear dago eta Aginagan bier; Aranon biettut bildu da.
36 Lezon benun ‘behar nuen’ ageri da.
37.- J. V. Etxagaraik ere badarabil aisa.
38.- Erabiltzen da Donostiako Antiguan -pe laburtua partitiboaren ondoren ahoskabeturik diruipe ‘dirurik gabe’ bezalako adibideetan. Igeldon, berriz, ibili be ‘ibili gabe’ bildu dugu; Hemanin aletu be bildu da (EHHA).
39.- Bilintxek gabetanik & bagetanik zerabiltzan; M. Soroak, F. Imazek -gabetandik-ekin batera-, A. Barríolak, P. Artolak eta A. Anabitartek ere gabetanik dakarte.
40.- Donostian bi auzotan bederen ageri da jai, Añorgan eta Ulian; Etxagaraik ere bazerabilen.
41.- Hernanin illunar bildu da.
42.- Donostian ezagutzen dute adinekoek garagarrilla baina erabili , juniyua erabiltzen da; Erizkizundi-ak garagarril dakar Donostian.
43.- J. V. Etxagarai donostiarrak bizia ekendu dakar 1838ko bertso batean (1964: 162). P. Donibanen kia ‘kea’ erabiltzen da, ez eke hitza (EHHA).
44.- Erabiltzen da Lezon leenbizi ere.
45.- Bada nastutu ageri den testuinguru zenbait Aginagan ere.
46.- Baita oan ere, Lezon bezala.
47.- Hernanin onbeste.
48.- Hemanin señide bildu da eta señire dakar P. Artolak. F. Imazek senire dakar.
49.- Mende honen hasierako bertsoetan edo iragan mende bukaerako olerkietan –Etxagarai, Bilintx, F. Imaz, P. Artola- eta antzerkian maiz ageri da laja Donostian; kaldereroetako kantu batean ere ageri da: ...ez gera ,joango oyek lajata geyago Donostiyatik... Juan Antonio Letamendiak Iaja-ren makina bat adibide bildu du Hondarribian. Laja-z gain bada larga Etxagarairen olerkietan. Bestalde, laga ere ageri da Donostian: 1761eko gutunetan, F. Imazen bertsoetan -metri causa bada ere- eta A. Barriola eta A. Anabitarteren lanean.
|
|
| |
 |
 |
|