1.1. Agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Bost urtean »  1.1. Agerraldia

Toribio Altzaga. Bostu Urtean

LEHENENGO EKITALDIA

Etxe aberats bateko gela nagusi apaina. Atzean sarrerako ate zabala, eta ezker-eskuinetan ate bana. Aulki luze eta esertokiak, mahai eta apainketak, polit eta ikusgarriak batean eta bestean.



LEHENENGO AGERRALDIA

I

Pantxo eta Lukax

(Pantxo, gizaseme aberats, berrogei bat urtekoa, eta amerikano itxura pitin bat duena da. Lukax, erdaraz «corredor» deitzen diren horietako bat da. Bizi eta azkarra, lasterka hitz egiten du, baina oso apal eta begiramen handiarekin. Gehiago atsegindu beharrarekin «bai jauna, bai», beti ezpainetatik zintzilik daukala dirudi. Ezkuta-zapia igotzean, ezkerreko atetik irteten dira biak, egonaldia amaitu balute bezala).



PANTXO Ostegunean joateko asmoa dugu.

LUKAX Jakina da; osaba hilez gero lehenbailehen joan nahiko dute.

PANTXO Ez; osaba hil zela bi urte badira; eta gauzak hemendik antolatzeko asmoa genuen. Nire emazteari itsasoa igarotze horrek halako beldurra ematen dio.

LUKAX Ez da gutxiagotarako. Santa Klarara joatea ez baita Amerikara joatea.

PANTXO Hala ere, nahi eta nahi ez joan beharrean aurkitzen gara; bada hemendik gauza zuzenik ezin egin dugu.

LUKAX Ez, noski; norbera aurrean ez dagoela...

PANTXO Eta, behin haraino joanez gero, gauzak ondo erabaki eta antolatu gabe ez nuke etorri nahi. Horrengatik, lehen esan dizudan bezala, lau edo bost urte egon beharko dugula uste dut.

LUKAX Beharko ere badute.

PANTXO Bitartean zuk begiratuko diezu gure etxeei eta hemen uzten ditugun ondasunei. Horretarako behar diren agiriak utzi dizkizut; eta orain arte bezala zuzen ibiliko zarela uste osoa daukat.

LUKAX Bai, jauna, bai. Bihoa bat ere kezkarik gabe.

PANTXO Gero ere elkarren berri izango dugu.

LUKAX Bai, jauna. Nik idatziko diot gertatzen den guzia.

PANTXO Azkarra eta langilea izan zara....

LUKAX Langilea... Biziko bada, beharko, jauna. Hemen ez dago Amerikako konturik...

PANTXO A! Amerikan ere, hemen bezala, neke eta izerdiarekin dirua egiten da.

LUKAX Baina, dirua egiten da behintzat. Hemen, berriz, inurria bezala goizetik gauera ari arren, doi-doian bizitzeko lain eginez gero, pozik. (Atzeko ate aldera eginaz).

PANTXO Zuk bezala, lan egiten denean, lehentxeago edo geroxeago agertzen da.

LUKAX Ez beza uste. Hara: egun guzian, eguna argitzen duenetik, gelditu gabe ibili, eskailerak gora, eskailerak behera; hemengo aurpegi txarra, hango esaera motza ikusi eta entzunaz; txolarte txiki bateko atsedenik ez dudala, ezertarako betarik gabe... lehengoan Asteasun iloba bat hil zitzaidan, eta haraino joateko astirik ez nuen izan... hemendik Asteasura hutsa... bada, hala ere xuhur-xuhur bizi besterik ezin.

PANTXO Ez duzu horrengatik larritu behar. Oraingo nekeek ekarriko dute geroko ongi izatea.

LUKAX Hobe litzateke, bada...











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org