|
Toribio Altzaga. Bostu Urtean
II
Lehengoak eta Axun
(Une onetan atzeko atera iritsiko dira, eta Axun atean agertzen da. Hogeita hamar bat urteko emakumea, ederra eta apaina. Lukax Axunekin aurkitzean lotsatuta bezala gelditzen da, gauza zuzenik ezin asmatu duela)
AXUN (1) Ba al goaz?
LUKAX Bai, jauna... bai, bai, andrea.
PANTXO Esateko guziak esan ditugu. Amerikan garen lau edo bost urteetan, gure ondasunen begirapena bere gain uzten dut.
LUKAX (Pantxori) Bai, andrea... bai, bai, jauna.
AXUN Ederki. Zu, beti lanean, xintxo-xintxo.
LUKAX Xintxo... xintxo-edo...
AXUN Bai, bai...
LUKAX Behintzat, zera... badaki, zera... saiatu behintzat.
PANTXO Inoren kalte gabe ahal guzian irabazia etxeratu.
LUKAX Inoren kalte gabe, bai jauna; hori bai. Besteri gaitz apur bat egin baino, zibotik gabe gelditu nahiago nuke. Besteren malkoekin xukatutako irabaziak gorputz guzia hozkituko lidake.
AXUN Zure bihotz ona horretan azaltzen duzu.
LUKAX Bai, andrea.
PANTXO Esan bezala, agiriak zerorrekin dituzu, eta orain arte bezala, aurrera jarraitu.
LUKAX Bai, jauna; hemen ditut... (Eskua barrengo sakelara eramaten du eta paperak lurrera erortzen zaizkio). A! Asketsi!...(Paperak jasotzen ditu).
AXUN Ez da ezer (Eskua luzatuaz). Agur, bada, Lukax.
LUKAX (Papera Axuni luzatuaz). Bai, han... a!... (Papera eskuz aldatu eta Pantxori luzatzen dio. Gero kontuan erortzen da, papera sakelan sartu eta eskua lehenbizi Axuni eta gero Pantxori ematen die). Agur. Ondo ibili.
PANTXO Ikusi arte.
AXUN Ondo bizi. (Lukax, bidean estropezu eginaz atzetik joaten da).
(1) Ezkerretik eskuinera: Lukax, Axun, Pantxo.
|