2.3. Agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Bost urtean »  2.3. Agerraldia

Toribio Altzaga. Bostu Urtean

HIRUGARREN AGERRALDIA

III

Pantxo eta Axun. Azkenean Terexa

(Pantxo eta Axun une batean Lukaxi begira egongo dira. Gero, aurreratu, eta Axun esertzen da).



AXUN Ez dirudi horrek lehengoa.

PANTXO Lau koarto egin dituelako, horra gizona puztu.

AXUN Sitsa baino harroago dago.

PANTXO Halako gizaseme atsegina zena, horra diruak oso lardaskatu. Horrelako aldaketa egin litekeenik ere...

AXUN Ez zuen askorik egingo beste alproja hark.

PANTXO Txilborra gizajoa!

AXUN Hura lehengoan egongo da.

PANTXO Zer egon behar du! Hura honezkero goseak eta zikinak jango zuten. Hark zeraman bizierarekin nola nahi duzu bost urte irautea?

AXUN Ez dakit hark iraun duen edo ez; baina bere usain zikin nardagarria guk ezin eraman genuela, bai.

PANTXO Ez duzu, bada, orain eramaten lanik izango.

AXUN Etxeko usain-on guziak ez ziren aski.

PANTXO Zer nahi duzu? halakoxea zen-eta...

AXUN Etxe honetan sartzen, ez dakit nola uzten zenion.

PANTXO Badakizu zergatik zen.

AXUN Haren zikin eta zabarkeriak...

PANTXO Horrexek azkena behar baino lehen ekarriko zion.

AXUN Ezin esan.

PANTXO Bere ordez, Juxto gizajoa, bai, han egongo da orain ere, Puerto Rico-n, dirua galanki irabazten.

AXUN Ez du izango hemengo anaiaren antz handirik.

PANTXO Bere berririk ez izateak oso harriturik nauka. Lehenbiziko bi urteetan idazten zidan; baina azkeneko hiru hauetan ez dut bere zantzurik.

AXUN Toki batean egon gara, bada, azkeneko egun hauek arte.

PANTXO Zer izan litekeen ezin asmatu dut.

AXUN Dena dela, ni pozten nauena da nire begien aurrean ez dela gehiago jarriko Txilborra... (Terexa atzeko atean bat batean azaltzen da).

TEREXA Txilborra etorri da.

AXUN (Altxa eta atzeko ate aldera joanaz). E! Ez dut ikusi nahi!

PANTXO Baina, emakumea, lehenbiziko aldiz bada ere...

AXUN Ez, ez. (Atzeko atetik joaten da).

PANTXO Nire emaztea ere gehiegizkoa da... Besterik ez bada, lehenbiziko aldia delako ez zuen alde egin behar... Baina, nork buruan sartu... (Terexari). Datorrela (Terexa atzeko atetik joaten da). Oker nengoen. Ikusten denez, arlote hori bizi da oraindik. Katuek baino bizi gehiago izaten dituzte zarpatzar horiek. Eta, ohitu bezala, nire sakelaren usainean etorriko da. Ez daukat, bada, nik gogo handirik «bost pextakoak» ematen hasteko, kirten horrek bere betiko alferkeria, nagitasun eta lasaikerian jarrai dezan. Nor izan balitz, ez zuen horrela ikusi behar bere burua atsekabe horrek.













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org