|
Toribio Altzaga. Bostu Urtean
VII
Lehengoak eta Pantxo
(Pantxo eskuinetik sartzen da) .
PANTXO Hemen zarete, beraz?
DAMASA Nagusia... (Damasa eta Patrixio altxatzen dira).
PANTXO Nola zarete?
DAMASA Zer esango dugu?...
PANTXO Eta, zure senarra?... Itxoin; bere izenaz gogoratzen naizela uste dut... Maurixio.
DAMASA Mau?... Ez, jauna; pa...
PANTXO Pa...?
AXUN Pa...
PANTXO (Musuka hasi behar ote dute).
AXUN Patrixio...
PANTXO A, bai! Patrixio! (1). (Patrixiori esku emanaz) Zer diozu?
PATRIXIO Ondo; eta berori?
PANTXO Ondo.
PATRIXIO Eta... (Axuni begiratu bat egin ondoren). Etxeko guztiak ondo, beraz?
PANTXO Oso ederki. Eser zaitez.
PATRIXIO Eskerrik asko. (Patrixio esertzen da).
DAMASA Eta, nagusia: itsasoak harrokeriarik agertu al die?
PANTXO A, bai! Haserre ikaragarria egun batzuetan agertu zigun. Zutaz asko oroitu nintzen.
DAMASA Horra, beraz...
PANTXO Zerean zen: Brasilgo itsasertzean. Santa Katalina deitzen dioten itsas kolkoan. Ordu arte itsasoa, zelai zabal patxadako bat zirudiela, oso bare geneukan. Baina, batetan, harrotzen hasi zen, eta baga ikaragarriak, mendi muino kolokak ziruditela, gure buru gainean, zeruetaraino igotzen ziren, beren erraietan klaskatu behar bagintuzte bezala. Nire bizian ez diot ikusi itsasoari halako harrokeriarik.
DAMASA Nagusia: itsasoa ezkondua da.
PANTXO E?
DAMASA Ez da ezkongaia, berorrek zioen bezala.
PANTXO Zergatik, ordea?
DAMASA Ezkongaien harrokeriak motelagoak dira. Ezkonduek dituzte horrelako harrokeria ikaragarriak.
PANTXO Nondik atera duzu iritzi berri hori?
DAMASA A! Ni ere iritsi naiz Santa Katalinako... horretara; eta, nire senarrak erakutsi dit ezkonduen harrokeriak nolakoak diren.
PATRIXIO Honen esaerak...
DAMASA Bai, nagusia, bai. Ni ere izan naiz... Santa Katalinako..., zer esan du?
PANTXO Santa Katalinako itsas kolkoa.
DAMASA A! Bai, jauna.
PANTXO Gaztelarrek golfo deitzen diotena.
DAMASA Hori. Hori. Esan didatenez, nire senarra horixe omen da: gaztelarrek golfo deitzen dutena.
PATRIXIO (Oso haserre altxatuaz). Nork esan du hori?
DAMASA Bosgarren bizitzako zapatagile begi bakarrak.
PATRIXIO Beste begia hustuko diot nik petral lotsagabe horri.
AXUN Tira, tira; ez horrela haserretu.
PANTXO (Patrixiori). Eser zaitez. (Patrixio esertzen da).
DAMASA A! (Damasak antsi egitean Patrixiok belaun bat bestearen gainean jartzen du).
PANTXO Zure esaerek oso harriturik utzi naute.
AXUN Ez da gutxiagorako.
DAMASA Guzia baleki...
PANTXO Orain bost urte, toki honetan bertan, zorionez beterik ikusi zintuztedan.
DAMASA A! (Damasak antsi egitean Patrixiok belaunez aldatzen du).
AXUN Halaxe da. Orduan esan zigun nola hiru neskatxa elkarrekin ibiltzen ziren...
PATRIXIO Bai, andrea: Ruperta, Norberta, Damasa.
AXUN Damasarekin gelditu zela, eta ez zitzaiola ezkondua damutu, eta ezta damutuko ere.
PATRIXIO Bai, baina hori zela bost urte badira, eta ludiak, bost urtean, zilipurdi handiak egin ditu.
PANTXO Zuk ere bai?
PATRIXIO Nik ere zerbait, bai.
DAMASA Honek, zilipurdi ikaragarriak, nagusia.
PANTXO Ez nuen hori esan nahi. «Zuk ere bai?» esan dizut, lehen ere esan didatelako bost urtean ludia goikoaz behera bihurtu dela. Eta nik ikusten dudana da lehen bezala, lurra behean dagoela, zerua goian, gizon zintzoek burua gora darabiltela, eta, lehen bezalaxe, badirela orain ere zoritxarreko batzuk, hankaz gora ibili nahi dutenak.
DAMASA Nire senarra, bat.
PANTXO Zure senarra, eta zure senarra ez direnak ere bai. Ludiak aldaketa handia egin du, esaten da; eta ez da egia: gizonak, gizon batzuk dira aldatu direnak.
DAMASA Halaxe da, nagusia. Egia esaten du. Eta aldaketarik handiena egin dutenetako bat, nire gizon xaxpiki hau izango da.
PATRIXIO (Oso haserre altxatuaz). Xaxpikia! Zazpi mila demoniok...
DAMASA A! (Damasak antsi egitean, Patrixio, zutik dagoela gogoratu gabe, belaun bat bestearen gainean jartzen hasten da, eta lurrera eroriko ez bada, Pantxok heltzen dio).
PANTXO Tira, tira: eser zaitez. (Damasari). Zu ere, eser zaitez.
DAMASA Ai, ez, nagusia. Eskerrik asko. Joan egin behar dugu.
PANTXO Gero ere joango zarete.
AXUN Norako duzue horrelako larria?
DAMASA Beroiek zeregin asko izango dute eta...
AXUN Ez, emakumea.
DAMASA Bai, etxekoandrea, bai. Gu, ongietorri bat egitera bakarrik etorri gara, eta ez diegu alferrikako lanik eman nahi.
AXUN (Altxatuaz). Nahi ez baduzue, bada, ezin gogorrean geldiaraziko zaituztegu. (Lauek atzeko ate aldera egiten dute).
DAMASA Ongi etorri, bada, etxekoandrea; ongi etorri, nagusia.
PATRIXIO Ongi etorri.
PANTXO Eskerrik asko.
AXUN Ongi aurkituak zuek ere, eta zure senarrak, tanbolin horietara joateko grinak lehenbailehen utz ditzala.
PATRIXIO Baina...
AXUN Hortik ez duzu gauza onik aterako.
PATRIXIO Etxe-zuloan sartuta, nire emaztearen antsiak entzuten ezin egongo naiz, bada. Gero ere, ni, bildots baino, lehenago izango naiz zezen.
DAMASA Entzun al du, etxekoandrea?
AXUN Lasturkoa izan.
PATRIXIO Agur, bada, jaun-andreak. (Patrixiok atzeko atetik alde egiten du. Besteak atzean gelditzen dira Damasa joan arte).
PANTXO Zoaz ondo.
DAMASA Agur, etxekoandrea. Agur, nagusia.
AXUN Ondo-ondo izan.
DAMASA A! (Antsi bat egin ondoren, Damasa, atzeko atetik joaten da).
AXUN eta
PANTXO Agur.
(1) Ezkerretik eskuinera: Pantxo, Patrixio, Damasa, Axun.
|