|
Neskazar
Lenguak eta Felipatxo. Bereala Xaturdiña
(Felipatxo atzeko atetik sartzen da.)
Felipatxo.- Emen naiz ni.
M. Karmen.- Ta... zer berri dakartzu?
Feli.- Bikariyo jaunak egin dituan algarak!
M. Karmen.- Alajaña! Ez dio guri aña buruauste eman.
Feli.- Parrez, lertzeko zoriyan, utzi det.
M. Karmen.- Guk baño parregure geiago dauka.
(Xaturdiña eskuitik sartzen da.)
Xatur.- Zer esan dizu?
Feli.- Ibañarrietako bikariyo izendatu dutena ez dala Kitolix.
Xatur.- Agiriak garbi asko esaten du, bada, dala: Jose Gurrutxaga.
Feli.- Ez du, ordia, Kitolix danik esaten.
Xatur.- Eta Kitolix ez al da Jose Gurrutxaga?
Feli.- Bai noski. Bada, ordia, Jose Gurrutxaga Kitolix ez dana.
Xatur.- Nik dakitenik ez.
Feli.- (M. Karmen’i) Nola atzo zazpietan meza eman zuen apaiz kanpotar batek?
M. Karmen.- (P. Iñixio’ri begiratu ondoren) Bai.
Feli.- Esan nioten Sorozabalen zegola, ta On Jose deitzen zala.
M. Karmen.- Bai, bai.
Feli.- Ba, On Jose ori da: On Jose Gurrutxaga.
M. Karmen.- Emakumia!
Feli.- Ta ori da Ibañarrietako bikariyo izendatua dana ta bere Bitoriko lagun bat, On Ramon Mendiburu, esana zeukan agiriya bialtzeko.
Xatur.- Eskutitzak izenpe ori bera dauka: Ramon Mendiburu.
Feli.- Bai noski.
M. Karmen.- Eta Pello txoro ori nora begira zegon paper oiek onera ekartzeko?
Xatur.- Orretxek naspilla guziyak sortu ditu.
P. Iñixio.- Esaten nizuten nik.
M. Karmen.- Pello kirten ori izan ez bazan, ez genuen igaro degun bezelako gaba igaroko.
Arrapatzen detan tokiyan arrotu biar det.
Xatur.- Ori da etxe guziya nastutu diguna. Txiki-txiki egingo nuke.
P. Iñixio.- Esaten nizuten nik...
M. Karmen.- Zer esan biar zenuen?... Zure illar aliakin bazeneukan lana naikoa.
P. Iñixio.- Bañan ez dezute ikusten, ordia, ori bikariyo egin ezkero, ni aita santu egingo nindutekela?
M. Karmen.- Gauza oiek lenago, lenago esan biar ziran.
Feli.- Emen izan dan oker au ez da asko arritzekua.
Ainbeste Gurrutxaga da!
M. Karmen.- Ta ainbeste Jose!
P. Iñixio.- Ortatik bai, ortatik. Nik agindu biar banu, Tiburtxio, Erromaldo, Ploentino ta orrelakoak jarri aziko nituke. Ez litzake orain bezelako nasketik izango.
Xatur.- Baña, nasketa izanda ere, apaiz jaun ori Kitolix’ekin nastu bazuen ere, zergatik Pello’k, Kitolix berari eraman ez zion, eta ez onera ekarri?
P. Iñixio.- Bazekiñan Pello’k zer egiten zuen. Ik ardua emango iñonan?
Xatur.- Ez niyon eman biar; baña ala eman niyon, bai.
P. Iñixio.- Bai, noski. Emen ardua: ta Kitolix’engana juan balitz, eskonfa ta ura. Txorua den Pello ori egiteko.
M. Karmen.- Bai, ta ortik etorri dira emengo katramilla guziyak.
Xatur.- Nasketa guziyak orregatitxe izan dira.
P. Iñixio.- Bai; baña azkeneko nasketak, azkeneko katramillak, oiek izango dira; ez degu geiago ixkanbillik biar; ez nago ni berriz illar aliakin burrukan asitzeko. Ta orretarako, beriala, ona bere-beriala ezkondu egin bear dezute. Beriala gero!
M. Karmen.- Ederki esana. Iritzi berekoa naiz. Ezin beti kezketan biziko gera. Ta ala, geiago itxogon gabe, datorren illian ezkondu egin biar dezute.
P. Iñixio.- Zer datorren illian? Biar bertan!
(Iru emakumeak ezin txanda arturik itzegiten dute.)
M. Karmen.- Ori ezin liteke, ordia.
Xatur.- Nola nai du, bada?
Feli.- Ezin da orren azkar.
M. Karmen.- Biyarko ezin gertu giñezke
Xatur.- Guziya egiteko ta nola bada?
Feli.- Ez dago astirik.
P. Iñixio.- Biyar, bada; biyar bertan ezkondu biar dezute.
M. Karmen.- Ezin litekela. Ez dezu ezagutzen?
Xatur.- Ezertarako betik ez dagola.
M. Karmen.- Tira, tira, nik au erabakiko det. Ezkonduko zerate datorren astian.
P. Iñixio.- Datorren astian? Ez, ez; biyar bertan.
Feli.- Biyar ezin izango da.
Xatur.- Ezer egiñik ez ta nola?
M. Karmen.- Gauza abek abotik ortzera egiten dirala uste al dezu?
Xatur.- Bikariyo jaunak ere ez du naiko.
P. Iñixio.- A! Bikariyorena zuk egingo dezu. Felipatxo, len ere izan zera ta...
Feli.- Ostera juateko gelditu naiz. Agiri ori eramango detala agindu diot.
Xatur.- Beriala ekarriko dizut. Ez det geiago nere eskuetan ikusi nai. (Xaturdiña eskuitatik juaten da.)
P. Iñixio.- Bikarioari esaiozu bigar ezkondu biar dutela.
Feli.- Zail xamarra iduritzen zait.
M. Karmen.- Gaurtik bigarrera nola, bada?
P. Iñixio.- Biyar.
Feli.- Ez dakit egin ote liteken ere.
M. Karmen.- Nola, bada? Ta, ala izanda ere, gañerakuak gañerako dirala, nola antolatu biar degu etxia? Nola bazkariya jarri?
P. Iñixio.- Orretaz etzaitez kardabatu. Sagastiberri’n bazkalduko degu.
M. Karmen.- Guzitarako badezu antolapena.
P. Iñixio.- Ikusiko dezute zer sagardotxoa. Ori bai nik gaztetan Tolaretxipin edan nuena, ori ez bezelakua zan. Bañan edan liteke, edan liteke. Badu alako sainete bat, zoragarriya.
M. Karmen.- Sainetez lenago ere ondo gaude.
P. Iñixio.- Andre Kaxilda’ri esango diogu jartzeko... legatz gixatua illarrakin. Ikusiko dezute zer mauka.
M. Karmen.- Bai; ta zu bezela gabiltzan gero illar aliakin burrukan.
P. Iñixio.- Ez; andre Kaxilda’ri esango diot aukeratzeko illar ale txotillenak, txepelenak. Bart arratsian nik nituenak oso arroxkuak ziran. Eztarri zulotik itzul egin nairik zebillen ura... beti klik eta klik. Arek xaldibitarra izan biar zuben!
M. Karmen.- Bañan bigar ezkontza izateko, ori ezin dan gauza dala, zeorrek ere ezagutu biar dezu.
P. Iñixio.- Bigar izango da, bada; bigar.
M. Karmen.- Nola nai dezu, ordia?
Feli.- Ez dakit izan ote liteken.
M. Karmen.- Nola, ba? Kitolix’ek ere ez daki orain dik ezer; eta, Jaungoikoaren izenian, nola biyarko gertu jarri?
P. Iñixio.- Kitolix’ena utzi zazute nere gain; orrekikua nik egingo det. (Alde guzietam begiratuaz) Morroia non ote da?
M. Karmen.- Beko sorora juana da.
P. Iñixio.- Zuazkio, ba, dijuala Kitolix’engana, ta arrekin egon biar detala, ta datorrela bereala. Bereala gero!
M. Karmen.- Dijuala ta datorrela, ta orrekin antolatzen dezu zuk guziya.
P. Iñixio.- Zu zuaz, bai; datorrela ura azkar, ta gañerakoa nere gain utzi.
M. Karmen.- Au, ezin litezken gauzakin baztarrak nastutzia da.
P. Iñixio.- Zuaz zu, bai...
M. Karmen.- Juango naiz, baña alperrik.
P. Iñixio.- Zuaz, beintzat.
M. Karmen.- Au gizona! (M. Karmen atzetik juaten da)
P. Iñixio.- Eta bikariyo jaunari esaiozu nik esan detala, ta ezkontza bigar bertan biar degula.
Feli.- Ez dakit egin ote liteken...
(Xaturdiña eskuitatik sartzen da, ta agiri ta eskutitza Felipatxori ematen dizkio.)
Xatur.- Torizu zoritxarreko agiria. Beñere nere begien aurrian agertu ez balitz, obe izango zan.
Feli.- Beriala eramango diot.
Xatur.- Eta beorrek ezagutuko zuen noski bigar ezkontze ori ezin liteken gauza dala. Ezer gerturik ez daukagu. Guziya egiteko dago.
P. Iñixio.- Bai, bai...
Xatur.- Elizara juango banaiz ere, soñekorik ez daukat. Ez du noski usteko, nagon bezela, sukaldeko mantalarekin ezkontzera juango naizenik?
P. Iñixio.- Ori... nai den bezela; bañan bigar izango den ezkontza.
Xatur.- Bañan, besterik ez bada’re, ezkontzera juateko soñekua nondik sortu biar det?
P. Iñixio.- Ori ire egitekoa den.
Xatur.- Soñekoa nork emango didala uste du?
P. Iñixio.- Neria nai baden, galtza berriyak, bein bakarrik ibiliyak, or zeukazkiñat.
Xatur.- Baita zera ere.
Feli.- Soñekuena besterik ez balitz, antolatu litekela uste det.
P. Iñixio.- Bai noski.
Feli.- Nik, nere ezkontzarako, soñeko ta gañerakuak eratuak daukazkit, eta biyarkua egiteko emango nizkizuke.
Xatur.- Txikiegi izango ditut, ordia.
Feli.- Ez dio ajolik. Nere amak erropa guziak kana laurdeneko alortzakin egin azi dizkit; eta, ala nai izan ezkero, gaur arratsaldean bertan luzatu genitzazke.
P. Iñixio.- Ori nolanai’re antolatuko dezute. Orain egin biar dana bikariokikua da. Zuaz, Felipatxo, ta esaiozu bigar bertan biar degula ezkontza.
Feli.- Nik ori esango diyot, baña ez dakit...
P. Iñixio.- Bai, bai: esaiozu, Nai ta nai ez, bigar bertan biar degula. Nik esan detela.
Feli.- Banua, ba. Gero arte. (Felipatxo atzeko atetik juaten da.)
P. Iñixio.- Zuaz, bai. (Xaturdiña’ri) Eta i, gerora begira egon gabe, egin biar dana egiten asi adi.
Xatur.- Gaurtik bigarrera ez dakit zer egin nezaken ere. (Xaturdiña eskuitatik juaten da.)
P. Iñixio.- Gerorako ez utzi, beintzat.
(M. Karmen atzeko atian azaltzen da.)
M. Karmen.- Emen dator Kitolix.
P. Iñixio.- Orrekikoa nik egingo det; eta, azkeneko ordura itxagon gabe, lanak aurreratzen juan.
M. Karmen.- Azkeneko ordua ta aurrenekoa urrian izango ditugula iduritzen zait.
P. Iñixio.- Ta, geldirik bagaude, urreago.
M. Karmen.- Nondik asi ere ez dakit. (Eskuiko atetik juaten da.)
P. Iñixio.- Asieratik.
|