3. 7. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Neskazar »  3. 7. Irudia

Neskazar

ZAZPIGARREN IRUDIA



Xaturdiña, P. Iñixio, Kitolix, M. Anton eta Pello



(Bat-batetan Pello atzeko atean azaltzen da.)

Pello.- Ikaragarriya gertatu da.

(Guztiyak ixiltzen dira)

Guztiyak.- E? E?

Pello.- Berdiñik ezagutu ez dan bezelakoa.

P. Iñixio.- Zer gertatu da, bada?

Pello.- Oraintxe esan didate.

M. Anton.- Zer, ordia?

Pello.- Miranda aldi orretan gertatua izan biar du.

P. Iñixio.- Miranda’n?

Pello.- Miranda aldian, bai.

M. Anton.- Tokitako berriakin ator.

Pello.- Madri’tik zetorren espresak eta emendik zijuan mixtuak alkar jo omen dute.

P. Iñixio.- Ta jenderik galdu al da?

Pello.- Erruz izan biar du.

Kitolix.- Ori txarra.

Pello.- Etxezarren orain artu dute partia.

Xatur.- (Oso ikaratua) Etxezarren?



Pello.- Bai; Tomax... nola Ameriketara juan zan, Tomax?...

Xatur.- Bai, bai; baña zer?

Pello.- Ba, Tomax Santander’tik omen zetorren...

Xatur.- Ori badakigu; baña zer? Zer?

Pello.- Gogoratuko zerate Etxezarreko Tomax...

Xatur.- Bai, bai; gogoratzen gera.

Pello.- Ba, Tomax ura, Amerikan zana, Santanderra etorriya omen zan.

Xatur.- Baña esan zazu, esan biar badezu.

Pello.- Ba, Tomax ura, e?, Tomax... illa da.

P. Iñixio.- Il?

Xatur.- (Karraxi bat egin ondoren) Ori ezin liteke!

Pello.- Bai, bai; Tomax illa da. Oraintxe artu dute partia Etxezarren.

(Xaturdiña, negarrez eta karraxi batzuek egiñaz, alki batian exertzen da.)

Xatur.- Nere Tomax! Nere Tomax! Nere xudur muturra teinkadik gabe utzi dezu.

P. Iñixio.- (Oraintxe ederra egin diagu.)

Pello.- Ikaragarriya gertatua izan biar du. Ikaragarriya! (Pello atzetik juaten da.)

Kitolix.- Aben senargaiak “rekix kantin paxe” egin du.

M. Anton.- Bai; gabe gelditu dituk.

Xatur.- Zure Xa-xak zergatik negar egiña badu.

P. Iñixio.- Eta Sagastiberrin bazkariya agindua. Zer egin biar degu orain?

Xatur.- Egun bateko poza zein laister itzaltzen dan!

P. Iñixio.- (M. Anton’engana oso biguin alderatuaz) Aizak, i, Miel Anton: ik ezagutzen nakela uste dek; baña ez nak ezagutzen.

M. Anton.- Geiegi ezagutzen atala esango nikek.

P. Iñixio.- Bai zera! Orain arteko guziya txulio bat izan dek. Bruman ari nindukan.

M. Anton.- Ez, adiskidia. Ez gaituk orren iñozuak.

Kitolix.- Mataxezko gizonik nai ez dutela badakigu.

P. Iñixio.- Jostaketa bat izan dek guziya. Ez al aiz gogoratzen, or Tolaretxipi’n sagardua izan artan ere, zer jolasak ibili genituen?

M. Anton.- Tolaretxipi’ko sagardoarekin ez gaituk gu txurikatuko.

Kitolix.- Sagarduak ez digu guri bururik galazitzen.

P. Iñixio.- Baña atzo bertan esan ez nikan nik gaur ezkondu biar zenutela?

Kitolix.- Beorrek esan zidan Xaturdiña ezkonduko zala, baña norekin ez.

P. Iñixio.- Norekin izango dek? Irekin.

Kitolix.- Besterik ez danian, e?

M. Anton.- Nai zenutena galdu danian.

P. Iñixio.- Bai, zera: Xaturdiñak berak esango dizute.

(Xaturdiña negarki altxatzen da, baña ez du ezer esaten.)

M. Anton.- Lenago’re naikua esan dik.

Kitolix.- Nik ere esan det orrekin ez naizela ezkonduko, ta nere itzian nago.

(Xaturdiña negarrez exertzen da.)

P. Iñixio.- Baña ez dezute ikusten bazkariya agindua dagola?

M. Anton.- Ez gaituk gu bazkari usaian etorri.

Kitolix.- Ez degu bazkari biarrik.

P. Iñixio.- (Aurreratuaz) Auxen da ixtilluba! Zer egin biar degu orain? Azkenian ere badakit... Xaturdiñakin neronek ezkonduko biarko det.

(M. Anton eta Kitolix alkarrekin itzegiten dute.)

M. Anton.- Abek, besterik ez dutenian zetoztik guregana.

P. Iñixio.- Sagastiberri’n bazkariya agindua dago ta nola ba?

Kitolix.- Alperrik etorriko dira. Mataxa ez dago oien ezpain lerden jarioentzat.

P. Iñixio.- Ezkonduko ote naiz, ba?... Bai: baña Iturburuko Txomin txotxolo orrek bertsuak jarriko dizkit, ordia. Ori ezin liteke, Kitolix; azkeneko aldiz esango diat: kezka guziyak bota itzik baztarrera, ta Xaturdiña’kin ezkonduko al aiz? Gizon bezela, esan zak baietz.

Kitolix.- Gizona dan gizonak, noizbait ere ezetz esan biar du, eta nik orain ezetz esango diyot.

P. Iñixio.- Baña...

Kitolix.- Ezetz!

P. Iñixio.- Nai dezuten gaixto egin zazute, ba. Ni Sagastiberri’ra niak bazkaritara.

(Oso asarre, atzetik juaten da.)

M. Anton.- Guk ere juan biar diagu, seme.

Kitolix.- Bai, guazen: au bukatu da. (Xaturdiña’ri) Or gelditzen zera... neskazar!

(M. Anton eta Kitolix atzeko atetik juaten dira.)

Xatur.- (Negar antsika) Neskazar!











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org