1.01 agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Osaba »  1.01 agerraldia

Lehenengo ekitaldia
On Romanen etxeko gela nagusia. Guztiz apaina. Atzean ate zabal handia gela aurrea ageri dela. Ezker eskuinean, ateak. Aulki-luze, besaulki eta aulkitxoak, guztiak ederrak. Mahai eta apainketak batean eta bestean.


Lehendabiziko Agerraldia

1

Kloklo, Maibe eta Felixa
(Ezkutazapia altxatzerakoan, atzeko atean norbaiti begira balego bezala Felixa azaltzen da. Hau neskamea da, eta etxe handietako neskameen erara jantzia dago. Asti labur baten ondoren Kloklo eta Maibe, zerbaitek nazkatu dituelako antza eginaz, atzeko atetik sartzen dira. Kloklo 30 bat urteko, beti ume izan nahi duen emakume horietako bat da. Maibe 20 urteko neskatxa gaztea. Biak handizki eta handizale, apain zale, apainketa ikusgarriekin jantziak, eta biak zein baino zein txoroagoak).

Felixa.- Asketsi. Ez jakinean izan da. Beste neskamea erratzarekin berehala bidaliko dut.

Kloklo.- (Sartzerakoan neskameari mukerki hitz eginaz). Neskatxa, ez diozue atariari askorik begiratzen.

Felixa.- Anderea, ataria goizean garbitu dute.

Maibe.- Eta gu etortzerako zikinkeri hori atarira urreratuko zen noski.

Maibe.- Erratzarekin, ez; zakurrarekin bidali behar duzu.

Kloklo.- Ez al duzue zakurrik etxean?

Felixa.- Etxean bat dugu, eta bi olan, fabrikan.

Maibe.- Hirurak bota itzazu bada atarira, zarpatzar hori uxatu dezaten.

Kloklo.- Zikinez jositako lirdinga jario horri izter bat jan diezaioten.

Felixa.- A! Baina... Behartsuren bat al da? Txiroen bat?

Kloklo.- Arlote zarpail, nazkagarri bat, bai.

Felixa.- Orduan, ez erratz eta ez zakur; ogi puska edo zerbait diruekin beste neskamea bidaliko dut.

(Felixatzaz iseka eginaz Kloklo eta Maibek algara nabarmenak egiten dituzte).

Kloklo.- Ja! Ja! Horrelako ergelkeriarik entzun al duzu?

Maibe.- Uztea aski ez dela gainera saria eman.

Kloklo.- Cest definitif!

Felixa.- Nagusi etxekoandreak horretan oso zorrotzak dira. Eskaleei ondo egin, eta ahal den laguntza emateko, mirabe guztiak aginduak gauzkate.

Maibe.- Cest terrible.

Kloklo.- Baina, txatxala alaena, besterik ez bada, gu bezalako handikiak datozenerako, zarpatzar horiek usatu behar direla ez al dakizu?

Felixa.- Ez genezake horrelakorik egin. Bai etxekoandreak eta bai nagusiak, eskaleei arrera ona beti baina beti egiteko agintzen digute.

Maibe.- Cest inutil.

Kloklo.- Zoaz emakumea, zoaz; eta etxekoandreari zain gaudela esaiozu.

Felixa.- Berehala esango diot.

(Felixa joaten da).

Kloklo.- Alperrik da; dirua bai, baina aberats izaten ez dakite.

Maibe.- Ni behintzat, zarpatzar horrek botatzen zuen usain nazkagarriarekin erdi zorabiatuta nago.

(Maibek esku-zorrotik usain gozodun bonbillatxoa atera, eta bere burua bustitzen du. Gero margo batzuekin aurpegia koipetu. Kloklok berdin egiten du).

Kloklo.- Izan ere, honelako etxe batean sartzeko sudur eta begiak itxiak eduki behar dira.

Maibe.- Esku artean darabilgun asmo onartsuagatik ez balitz...

Kloklo.- Eta asmo horretarako dirudun hauen behar ez bagina.

Maibe.- Dirua behar den tokian balego, izan behar ez genukeen bezala.

Kloklo.- Egia diozu. (Biak, apainketak egin ondoren esertzen dira). Baina, gaurko egunean, arlote kaskarrenak hutsetik atera, eta, aparra bezala goratzen zaizkigu buruz gain egiteraino.

Maibe.- Jainkoak dakien lan nazkagarrietan, izerdi eta koipea dariela dirua egiten dute, eta, horrenbesterekin beren buruak gurekin bat, edo gu baino ere gehiago egin nahi.

Kloklo.- Hori da nik ezin eraman dudana. Atzaparrak, oraindik ere, babaz beteak lanaren aztarrenak ezagun direla; larruan, neke astunaren gorritasunak ezin gorde; eta, halere, dirua dutela, eta dirua dutela...

Maibe.- Eta hori da ez luketena izan behar.

Kloklo.- Ez, noski. Lehen besterik zen. Sendi batzuk, gurasoetatik seme-alabetara beti aberatsak izaten ziren. Besteak, tartekoak, ondo zeudenak; hurrengoak langileak, eta azkeneko, txiroak. Baina, txiroak, beti txiro; langileak, beti langile; ondo zeudenak, beren era onean; eta gu, aberatsak, beti aberats.

Maibe.- Eta gu bakarrik aberats.

Kloklo.- Bai, ba. Gu bakarrik.

Maibe.- Horrela balitz orain ere, hobe izango litzateke.

Kloklo.- Guretzat behintzat, bai. Baina orain, atzo txiro zena, gaur, diruz puztu eta guztien gain ikusten duzu.

Maibe.- Aberatsen mailakoak ez direnei, ez liekete utzi behar dirua izaten, neurri batetik gora. Hori da eta Totok esaten duena. Horiek gainezka duten dirua, aberatsetara, gutarretara bihurtu behar lukeela.

Kloklo.- Toto gizajoa. Egun hauetan Biarritzera egin duen joan etorrian azkeneko txibotaraino galdua izan behar du. Gainezka duten hauen dirua, ondo etorriko litzaiokeela uste dut.

Maibe.- Ondo etorri, ez dakit; baina, ondo joango litzaiokeela, bai.

Kloklo.- Berriz ere, Biarritz aldera.

Maibe.- Baina, diruak, horrelakoentzat izan behar luke. Bada, Toto dirurik ez izan arren, beti jatorrizko aberatsa izango da. Haren irudi zalduna, haren janzkera egokia, haren hizkera leuna, gauza guzietarako duen xik maitagarri hura...

Kloklo.- Etxe honetako nagusiak ez duena. Kalean doanean ere, behatzak gerruntze, txalekoko sakelatan sartu, eta badirudi esaten doala: hogei mila duro, berrogei mila duro, hirurogei mila duro...

Maibe.- Beti diruaren harrokeria.

Kloklo.- Ezkontzerakoan ere ikusi zenuen zer egin zuen. Hemengo sendi handikietan den adina neskatxa lirain, apain, ikusgarri; frantses eta ingeles dakitenak, beribilak ederki ibiltzen dituztenak, tenis jokoan oso trebeak, dantza berriak inork ez bezala dakizkitenak... eta zozo hori, herri txiki batera emazte bila joan zen.

Maibe.- Ez da beraz handikietakoa?

Kloklo.- Zer nahi duzu izatea, Katalina deitzen den emakume bat.

Maibe.- Izan ere.

Kloklo.- Eta ez uste izena apainduko duenik. Beste edozeinek bere tokian izen horretatik egingo luke Ta-ta...

Maibe.- Edo Ka... (Kontuan eroriaz) Ai, ez, ez.

Kloklo.- Baina horrek, ez du horrelako kardabarik. Emakume txatxalagorik ez duzu aurkituko.

Maibe.- Nik begiz ezin ikusi dut.

Kloklo.- Nik, hitz xamur bat ezin esan diot. Ez dit barrenak laguntzen.

Maibe.- Orain ere, nik doi-doi hitz egingo diot.

Kloklo.- Behar beharrekoa bakarrik.

Maibe.- Eta barre irri gutxi.

Kloklo.- Edo batere ez.

Maibe.- Eta lehor.

Kloklo.- Hotz.

Maibe.- Izotz.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org