 |
|
 |
 |
Bigarren Agerraldia
II
Kloklo, Maibe eta Katalina.
Azkenean Felixa eta On Roman azaltzen dira.
|
(Une honetan Katalina atzeko atean azaltzen da. On Romanen emaztea da; 28 urtekoa, apainki jantzia, baina nabarmenkeri gabe. Buruan ez dakar txapelik).
Katalina.- Asketsi. Luzaroan itxoin al didazue?
(Kloklo eta Maibe, biak batean altxa, Katalinarengana joan, musuka jan beharrean eraso, eta hizketan txanda ezin harturik hasten dira).
Kloklo.- Hemen dugu gure etxekoandre laztana!
Maibe.- Etxe honetako emazte zoragarria!
Kloklo.- Beti bezala, apain!
Maibe.- Beti bezala, lirain!
Kloklo.- Behin ere baino ederrago!
Maibe.- Behin ere baino gozatsuago!
Katalina.- Horrenbesteraino, ez. Zuek bezalako apainketa ikusgarriak taxutzen ez dakidala, ezagutzen dut.
Kloklo.- Ez dezazuela horrelakorik esan.
Maibe.- Apainketan inor ez bezalakoa zara.
Kloklo.- Zuk duzun soineko "Crêpe Georget" zoragarria da.
Maibe.- Eta, bestea, "Crêpe Marroquin" hura, amets bat.
Kloklo.- Baita ere "Vin de Bordeaux"...
Maibe.- Eta "Chartreuse"...
Katalina.- Burua galduko dut, horrelako... limurkeriekin.
Kloklo.- Zure buru maitagarria ez da horren erraz galtzekoa.
Maibe.- Guztiak, zurekin, txoraturik daude.
Kloklo.- Lehengoan esaten zidan Zarzaparrillako markesak..
Maibe.- Eta atzo, Karabañako kondesak esan zidan...
Katalina.- Lotsatu behar nauzue... Tira, tira, eser zaitezte. Eser gaitezen.
Kloklo.- Nahi duzun bezala.
( Hirurak esertzen dira)
Katalina.- Orain, zer dakarzuen, esango didazue.
Maibe.- Zure behar gara.
Kloklo.- Zu bezalako emakume atsegin baten behar izatea, ez da harritzeko gauza.
Katalina.- Jakin dezagun bada, zertarako behar nauzuen.
(Kloklo eta Maibek hasteko, elkarri keinu egiten diote).
Maibe.- Kloklok esango du.
Katalina.- Tira, bada.
Kloklo.- Ez dakit jakingo duzun, baina, Krix-krdxen...
Maibe.- Krix-krax.
Katalina.- Krix-krax?
Kloklo.- Bai, ikaragarrizko zorigaitza izan da.
Maibe.- Tragique!
Kloklo.- Itsasadar bat izan dute. Urak bazter guztiak hondatu ditu. Hilak, milaka dira. Elbarrituak, ezin esan ahala. Eta, osasunaz ondo gelditu direnak, jateko ere ez dutela, oso kupigarri aurkitzen dira. Hango gosea ezagutu ez den bezalakoa omen da.
Maibe.- Gauza horiek entzunda, niri barrenak jira egiten dit.
Katalina.- Tamalgarria da, bai. Nik ez nekien ezer ere. Eta, non esan duzue gertatu dela hori?
Kloklo.- Krix-kraxen.
Maibe.- Krix-kraxen.
Katalina.- Krix-krax. Horra... ez dut behin ere izen hori entzun.
Maibe.- Guk ere ez orain arte.
Katalina.- Eta Krix-krax hori, zer da? Herridiren bat?
Kloklo.- Uhartea izan behar du. Isla.
Katalina.- Eta non dago? Urrutiko zerbait izango da?
Kloklo.- Oso urrutikoa izan behar du. Baina, egin ditugun ahalegin guztiekin, ez dugu bere aztarrenik aurkitu.
Maibe.- Ludi idaztian, mapan ez dagoela, Totok esan digu.
Katalina.- Izen horretako ezer izango ote da gero...
Maibe.- Izango ez da bada?
Kloklo.- Azkeneko "Le boudoir des elegantes", Parisko aldizkingi ikusgarriak, guztia garbi azaltzen zuen.
Maibe.- "Leffrayante catastrophe du Pacifique".
Kloklo.- Eta zekarkien gainera, egin diren jai, jostaketa, dantza, bazkari...
Katalina.- Baina, zer... halako heriotza eta goseak dituztela, jostaketa eta dantzarako gogoa daukate uharte hartan?
Maibe.- Uharte hartan ez.
Kloklo.- Jai horiek, handikiak biltzen diren herrietan egin dira.
Maibe.- Nizan, Kanesen, Dobilen...
Kloklo.- Eta hemengo handikiak ere, gaixo haien alde zerbait egin nahi dugu.
Maibe.- Eta, horretarako, zure laguntza behar genuke.
Katalina.- Nik... bai... horrelako gaitz handiak izanez gero, nahiz urrutietan izan laguntzera behartuak gaudela deritzot...
Maibe.- Guk esan duguna.
Kloklo.- Hori bera esan dugu guk.
Katalina.- Baina, gainerakoan... Egia da, gure Jesus ona, gurutzean, besoak zabaldurik, bere beso maitetsuetan herridi denak, gizaldi guztiak laztan beroan hartzen zituela hil zela; eta guk ere guztientzat gure diru-laguntza zabaldu behar dugula... Baina... zer nahi duzue... ni beti urrutikoaz baino hurbilagoaz gehiago kupitzen naiz, kanpoko baino bertako txiroak gehiago limurtzen naute, gure artean ditugun behartsuak bihotz barrenagoan sartzen zaizkit.
Maibe.- Ai ez! Txiroak urruti, urruti.
Kloklo.- Zenbat eta urrutiago, hobe.
Maibe.- Aldean, beren usain nardagarriarekin nazkatzen dute.
Kloklo.- Arestian, hemengo ateetan ere...
Maibe.- Ai! burua galduko nuela uste nuen.
Katalina.- Txiroen bat izan al da?
Kloklo.- Zarpatzar zikinez jositako bat.
Maibe.- Affreux!
Katalina.- (Altxatzera eginaz). Zerbait eman ote diote?
Kloklo.- Ez dago toki txarrean.
Maibe.- Zure neskameak ondo ikasiak dauzkazu.
Katalina.- Agintzen diet behintzat. Ateetara datozen behartsuaz oso kupitzen naiz.
Maibe.- Gu urrutikoaz bezala.
Kloklo.- A! Gu, beti. Joan den urtean ere, egin genuen beste jai bat...
Maibe.- A! bai. Txinarako.
Kloklo.- Txitxikango hanka-motzen alde.
Maibe.- Hura jai diztikorra!
Kloklo.- Berdinik gabekoa.
Maibe.- Delicieux!
Kloklo.- Gaueko hamarretan hasi zen.
Maibe.- Eta eguna argituta amaitu.
Kloklo.- Ni goizeko lau eta erdietan etxeratu nintzen.
Maibe.- Horren berandu? edo horren goiz?
Kloklo.- Baina, hango edertasuna!
Maibe.- Hango apainketak! Hango argiak
Kloklo.- Hango janzkerak! .
Maibe.- Hango eranskerak, zion Totok
Kloklo.- Totoren esaerak, dira horiek. Baina, jaia antzekorik ere ikusi ez den bezalakoa izan zen.
Maibe.- Merveileux! Fantastique!
Kloklo.- Hango jaki eta edari gozoak, hango jostaketa alaitsuak, hango dantza zoragarriak... Hori bai, garesti atera zitzaigun; eta hala, dirua ondotxo bildu arren, Txitxikanera bidaltzeko ez zitzaigun gelditu... hogeita bost pezeta besterik.
Katalina.- Horren gutxi?
Kloklo.- Eta hortik, bidaltzea zela eta zerbait kendu ziguten.
Maibe.- Totok zioen, Txitxikanera, txakur handiren bat iritsiko zela.
Katalina.- Ez da asko.
Kloklo.- Baina, nolanahi dela ere, diru hori hartzerakoan, nahiz gutxi izan, hainbeste handiki gau guztian horretarako bilduak egon zirela jakiteak, asko poztu behar zituen.
Katalina.- Horri bai ez diotela antzik ematen. Nire herrian nengoela, Aita Santuaren aginduz misioren alde eliza-jai ospetsu bat egin zen. Ez dizuet esango dirutzak bildu zirenik, baina ahal zuenak gogoz eta laztanki ekarri zuela, bai. Ondoren, elizan bildu ginen, eta misiotarren alde gure otoitz bigunenak Jainkoaren oinetara igo genituen. Hala beraz, bildu zen diruaz gainera, gure otoitzak ere lagungarri izango zituzten. Baina, zuek jan eta edan zenutenarekin, zuek dantzatu zinatenarekin, zer aurreratuko zuten Txitxikango hanka motzak?
Kloklo.- Ez uste... guk ere, eliza jaiak taxutu izan ditugu.
Maibe.- A! Binagretako bizkondesaren neskari lehenbiziko letagina atera zitzaionean egin zena, ikusgarria izan zen.
Kloklo.- Elizak, baratze loretsu bat zirudien.
Maibe.- Orduan bezalako aberastasun eta edertasunik eliza hartan ikusi ez zela, guztiak zioten.
Kloklo.- Baina, elizetan ezin da nahi bezalako jai apain eta ikusgarririk taxutu.
Maibe.- Apaizak ez dakite.
Kloklo.- Oso atzera daude.
Katalina.- Ez dezazuela horrelakorik esan.
Maibe.- Ez dute handikientzat, behar den begirapenik.
Kloklo.- Antzokietan bezala, elizetan ere, handikientzat gelatxoak, palkoak, jarri behar lituzkete; baina, bai zara...
Katalina.- Hori, ez. Eliza, jaun handiaren etxea da, eta Jaun handiak eta bere Doneak, bere Santuak bakarrik dute han jartokia; eta ezin inola ere bizilagunik hartu lezakete: Gainera, elizak, ez ditu goratzen handizki eta aberastasunak bihotzaren garbitasun eta donetasunak baizik. Eta horrela gerta liteke, ateetan dagon itsu eskalea, handiki aberats ospetsuena baino gehiago izatea Jaunaren aurrean, jaunaren etxean.
Kloklo.- Bai; eta, gero, guztiak baltsan jartzen gaituzte, eta hortik dator inola ere ezin egona jendearen nabarmenkeriekin.
Maibe.- Eta batzuk botatzen duten usain zikinarekin kordea galdu behar da.
Kloklo.- Gogoratzen naiz behin elizan nengoela, zalaparta bizian emakume lasai horietako batzuk inguratu ninduten, batek jo, eta besteak bultza arrastaka eraman behar nindutela; eta alde batera bihurtzen banintzen..., a! bakailao gisatuaren usain nardagarriak zorabiatzen ninduen. Bestera, bihurtuta... ai! piper minaren hats ezin eramana. Atzeratzen hasi, eta, han berriz... potajea mondongo eta guzti. Esan nuen, gosaria, bazkaria eta afaria bertan ditugu.
Maibe.- Niri berriz, bixika zirudien atso lodi bat, izerdia eta koipea zeriola gainera etorri zitzaidan, eta tipula usain bat botatzen zuen... Ai, hura postrea!
Katalina.- Zuen esaerak gehiegizketak direla badakit; baina, hala izanda ere, ezin eraman direla deritzozuen neke horiek ez dira gaizki etorriko gure hobenen barkapenerako.
Maibe.- (Kloklori belarrira). Magazin dantiquités.
Kloklo.- Baina, eliza-gai hauek utz ditzagun, eta goazen gurera.
Maibe.- Krix-krax gaira.
Kloklo.- Esandako jai hori eratzeko, emakume handikietan berezienekin bazkintza bat, komisio bat jarri nahi da...
Maibe.- Eta, horretarako, guztiak lehenbizi begiz jo dutena zu izan zara.
Katalina.- Ai, ni ez!
Kloklo.- Zarzaparrillako markesak..,
Maibe.- Eta Karabañako kondesak...
Kloklo.- Guztiak, guztiak, zu lehenengo aukeratzeko hitz batean daude.
Maibe.- Eta hori esatera etorri gara.
Katalina.- Ni, ez. Batetik, gauetan ateratzen ere ez naiz. Nire haur gaixoak ez ditut bakarrik utzi nahi izaten...
Maibe.- Zenbat dituzu?
Katalina.- Bi: neska-mutilak.
Kloklo.- Zoragarriak!
Maibe.- Ezagutzen dituzu beraz?
Kloklo.- Ez da ezagutu beharrik zoragarriak direla jakiteko. Honelako ama batengandik ez liteke besterik sortu.
Katalina.- Osasuntsuak dira behintzat, eta nik nahi dudana hori da. Gero, onak eta Jaungoikoaren beldurrekoak izan daitezela.
Kloklo.- Izenak ere, jakina, oso moñoñoak jarriko zenizkien...
Katalina.- Mutilari, Inaxio deitzen diogu.
Kloklo.- Ai!
Maibe.- Ai!
Katalina.- Eta neskari. Karmentxo.
Kloklo.- Inaxio...
Katalina.- Ez dakit izen polita edo itsusia den. Dakidana da, emakume euskaldunengandik jaio den gizon handienaren, done goituenaren izen kutuna dela; eta horrek pozten nau.
Kloklo.- Karmen... bai; deitu zeniezaioke, Me-me...
Maibe.- , Edo Ka... (Kontuan eroriaz). Ai, ez, ez.
Katalina.- Bada, gauetan, nire neska-mutilak amaren musuarekin begiak ixtea nahi izaten dut; eta ondoren, senar-emazteak, beren lo gozoaren zaintzaile gelditzen gara. Ama batean ez da harritzekoa eta, nire haurrekin txoratua bizi naiz.
Kloklo.- Ni nire Flirtekin bezala.
Katalina.- Ilobatxoren bat?
Maibe.- Txakur bat.
Katalina.- A!
Kloklo.- Baina nolakoa bera. Hizketan ez daki; baina gainerakoan ez da umerik haren zentzua duenik.
Maibe.- Besterik ez bezalakoa da.
Kloklo.- Gauetan utzi behar izaten dut; baina goizetan, esnatu orduko, zoratzen etortzen zait, eta musuka jan behar nauela ibiltzen da.
Katalina.- Musuka! Hori nazka!
Maibe.- Nola... ezerk nazkatzen ez zaitu eta...?
Katalina.- Txiroak ez naute nazkatzen, egia; baina txakurrak, bai.
(Kloklo altxatzen da. Ondoren Maibe eta Katalina)
Kloklo.- Amaitu dezagun bada. Txiroentzako duzun lehia bizi horrekin ezin ukatuko zara, gure jaia eratu behar duen bazkintzarako zure izena ematen.
Katalina.- Horretarako zuen lagunetan ni baino egokiagoak badituzue.
(Katalinak atzean ateko txintxarria jotzen du).
Maibe.- Inor ez da zu bezain egokirik.
Kloklo.- Guztiak horretan daude; eta, zuk izan beharko duzu.
Katalina.- Ni, ez; ez naiz gauetan ateratzen... ez naiz jai horien zalea...
Kloklo.- Hala ere. Guztien gogokoa zu zara.
(Felixa atzeko atean azaltzen da).
Katalina.- Ez zait iruditzen ba; ez, ez. Senarrari esango diot baina...
Maibe.- Senarrak ez du zer ikusirik.
Kloklo.- Senarrak, zuk nahi duzuna nahiko du.
Katalina.- Horrengatik, berari esan gabe, ez dut ezer egin nahi izaten.
( Hirurak atzeko ate aldera)
Kloklo.- Zaude bada zure senarrarekin, eta zer esaten dizun jakitera etorriko gara.
Maibe.- Baiezkoa izan dadila.
Katalina.- Ikusiko dugu.
(Atzera iristen dira, eta Kloklok eta Maibek Katalina musukatzen dute).
Kloklo.- Zure edertasuna, gure artean maiz ikusteko zoria izan dezagula.
Maibe.- Haizea bezain beharra zaitugu.
Katalina.- Eskerrik asko.
Kloklo.- (Joanez) Eta ez ahaztu gure mandatuaz.
Maibe.- Gogoan eduki...
Maibe.- Krix-krax.
Kloklo.- Krix-krax.
Katalina.- Bai, bai.
(Agur egin ondoren eta Felixa aurretik dutela Kloklo eta Maibe joaten dira. Katalina, haiei begira, atzean gelditzen da. Une honetan On Roman, joan direnei agur eginda bezala, atzean azaltzen da. Senar-emazteak elkarri begiratzen diote, gero joan direnei begira egoten dira, hurrena azken agurra egiten diete, eta orduan biak aurreratzen dira. On Roman 40 urte dun gizaseme oso egokia da).
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |