 |
|
 |
 |
Bigarren Agerraldia
II
On Roman eta Alejandro
|
(Alejandro ezkerreko gelatik ateratzen da. Lehen bezala txiro jantzia dago)
On Roman.- A, osaba!
Alejandro.- Kaixo, Roman.
On Roman.- Baina, zer, nola ez zara janzkiaz aldatu? Berriak, gelan utzi zizkizuten.
Alejandro.- Ikusi ditut, bai. Baina, nire zarpatzar hauekin lasaiago aurkitzen naiz. Zer? Ni honela ikusteaz lotsatu egiten al zarete?
On Roman.- Gure osabaz ez gara inolako eratara lotsatzen. Egin dizugun arrera ona zuri egin dizugu, ez zure janzkerari. Beraz, apain edo zarpatzar jantzia, gure zureganako nahi ona berdina izango da.
Alejandro.- Horrela ezagutua nago, eta ezagutza horrek nire barrena poztasun alaitsuaz bete du.
On Roman.- Baina, halere; gugatik ez izan arren, kanpora ateratzeko behintzat, ez zaude egoki era horretan.
Alejandro.- Zertarako kanpora atera, etxe barru atsegin honetan zeru txiki zoragarri bat aurkitu badut.
On Roman.- Ez duzu ordea, etxetik atera gabe bizitzeko asmorik izango?
Alejandro.- Hori ez, baina ateratzeko oraindik beta dago: eta garaia danean, janzkiaz ere aldatuko naiz.
On Roman.- Nahi duzuna egin ezazu. Zu pozik ikustea besterik ez dugu nahi.
Alejandro.- Nagon baino poz gehiagorekin, ezin. Etxe honek nire gaztaroko oroipen xamurrak berritu dizkit. Zuen arteko biziera maitetsu honek aspaldian ezagutu ez nuen gozotasun eztitsuan biribilkatu nau. Etxe honetako...
On Roman.- Etxe honetako jabe uzten zaitut ba. Olan zer egin asko daukat, eta berehala joan behar dut.
Alejandro.- A, bai! Ez niregatik zure lana utzi.
On Roman.- Halabehar balitz, hori ere egingo nuke, baina.
Alejandro.- Ez; zure eginbeharrei zuzen begiratu behar diezu. Lana zer den ondo ikasia naiz. Beraz, nik, hemen, nire amets gozo hauetan jarraituko dut... eta, zu, zure olara, zure lanera.
On Roman.- Orduan gero arte, osaba.
Alejandro.- Gero arte, Roman.
(On Roman atzetik joaten da. Alejandrok aurreratu eta iruditegiko alde guzietara begiratzen du)
Barrenez berritua dago; hemengo apainketak ez dira niretzat ezagunak; baina ormak, ormak bai, lehengoak berak dira.
(Bizkar handiko besaulki batean esertzen da)
Orma zahar hauek, nire garai eztitsuenaren oroipen xamurra berritzen didate.
(Atzea erakutsiaz)
Hor, atzean, nire haurtzain Terexarekin jostaketa alaitsuetan ibiltzen nintzen. Hemen, toki honetan berean, nire lehenengo jaun hartzerakoan, etxeko guztiak, eta kanpoko adiskideak zoratu beharrik ibili ninduten. Hemen zen. Hemen bertan. Nik orain lo egiten dudan gelan, nire aita zenak nire ama maitetsu hark lo egiten zuten.
(Eskuinekoa erakutsiaz)
Hor aurreko gela horretan, izeba Kontxexi hil zen. Hainbeste maite ninduen izeba, nire kasketaldi guztiak ezin beterik ibiltzen zena; etxeko guztiekin nituen eztabaidetan beti nire alde ateratzen zen... Guztiak joan ziren! Hil ziren! Nire gurasoak, nire izeba, Terexa haurtzaina... Guztiak! Guztiak! Baina, beren oroipen eztitsua orma zahar hauek nire bihotzean berritzen dute.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |