3.04 agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Osaba »  3.04 agerraldia

Laugarren Agerraldia

IV

Alejandro, Kloklo, Maibe eta Felixa.
Alejandro.- (Aurreratuaz). Etxe honetarako garaiz etorri naizela uste dut. Ni hemen izan ez banintz, ez dakit nola gauzak zuzendu behar zituzten. Nolanahi ere istilu gorrian aurkitu beharrak ziren.

Kloklo.- (Barrenean). Sartu-atera bat besterik ez dugu egin behar.

Maibe.- Bi hitz esan bakar-bakarrik.

(Felixa aurretik dela Kloklo eta Maibe atzean azaltzen dira. Felixa joaten da. Kloklo eta Maibe aurreratzen dira eta Alejandro hain apain ikustean harriturik gelditzen dira. Alejandrok (betakarra) begi bateko betaurrekoa jarririk oso leunki agurtzen ditu)

Kloklo.- Oi! Inauteriak al ditugu?

Alejandro.- Ez; inauteriak lehen izan dira. Orain nire janzkera jatorrean nago.

Maibe.- Vuala!

Alejandro.- Urte guztian inauteri duzuen horiek, ez duzue harritu behar, nik egun batzuetan inauteri egiteaz.

Kloklo.- Oso xik zaude.

Alejandro.- Ez; hori ez. Ez nazazuela xik esan. Dei nazazue arlote, zarpatzar, nazkagarri, nahi duzuena; ez dit axolarik. Baina, xik, ez; hitz horrek erretzen nau.

Maibe.- Zergatik, ordea?

Alejandro.- Gizon emakumeak, orain arte xik direla ezagutu ditudan guztiak, buru arin eta ezertarako ezak izan direlako.

Maibe.- Orduan, kursi, deituko dizugu.

Alejandro.- Nahi duzuena. Baina, eser zaitezte.

Kloklo.- Ez dugu esertzeko betarik. Jakin ditugu etxe honetan dituzten estropezuak, eta...

Alejandro.- Zuek ere bai?

Maibe.- Jende hauek horrela lur jotzea tamalgarria da.

Kloklo.- Errukigarri.

Alejandro.- (Barre irriz) Izugarri.

Kloklo.- Eta ez dugu gehiago esan nahi.

Alejandro.- Ez; nahikoa esan duzue.

Kloklo.- Krix-kraxen alde eratu behar dugun jaia, Katalinarik gabe egingo dugula esatera etorri gara.

Maibe.- Gajoak, horrelako nahigabearekin, ez du jai horretarako gogorik izango.

Alejandro.- Krix-kraxen alde esan al duzue?

Kloklo.- Krix-krax, bai.

Maibe.- Krix-krax, bai.

Alejandro.- Baina, Krix-krax zer den ba al dakizue?

Kloklo.- Ez dugu bada jakingo. Pazifikoko uharte bat da. Orain gutxi, zoritxar ikaragarriak izan dira.

Maibe.- "Leffrayante catastrophe du Pacifique".

Alejandro.- Pazifikoan ez da izen horretako uharterik.

Maibe.- Le boudoir des elegantes" aldizkingiak, garbi asko zion bada.

Alejandro.- Ez ba, ez; nik esango dizuet zer den. Ez da Krix-krax, Krix-graitz baizik.

Kloklo.- Aldizkingiak Krix-krax jartzen zuen.

Alejandro.- Ez. Pazifikoan ez baina, bai Pennsylvanian izen horretako ero-etxe hots handiko bat da. Beaz, Krix-graitz ez da uhartea, eroetxea baizik.

Kloklo.- Ez dakit nola izan litekeen.

Alejandro.- Herri haietako buru arinak zuek bezalako jai txoroak eratzen dituztenean, Krix-graitzen aldeko jaia deitzen diote. Honekin adieraztera ematen dute ero-etxerako bidea dela.

Maibe.- Hori, ezin liteke.

Alejandro.- Hori, horrela da. Orain, Amerikako ohitura eta era traketsenak, hemen bon-bon dabiltza, eta Krix-graitz hori ere ekarri dute nonbait.

Kloklo.- Ekarri, ez.

Alejandro.- Baina, ez du goratu Amerika, ez jazzband zalapartariak, ez charleston lizunak; lanak Amerika goratu du; eta hango lanerako grina eta trebetasuna ekarri behar lirateke, eta ez hango erokeriak.

Kloklo.- Bai; lana, lana.

Alejandro.- Ez; dantza, dantza.

Maibe.- Bon! Katalinari esaiozu, Krix-krax jaierako ez dugula behar.

(Kloklo eta Maibe atze aldera hasten dira)

Alejandro.- Ez, horretarako, nire iloba zintzoegia da.

Kloklo.- Garbi esan dezagun, gure mailakoa ez dela.

Alejandro.- Askoz goragokoa da.

Maibe.- Eta horrenbesterekin bagoaz.

(Kloklo eta Maibe atzetik joaten dira)

Alejandro.- Zoazte, bai. Bide horretatik Krix-graitzera iritsiko zaretela, uste dut.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org