 |
|
 |
 |
Aurreko ezkaratza bera. Iruditegian ez dago iñor. Atzeko atea itxia. Illunabarra da. Leyotik argi izpi bat sartzen da. Geroago ta illunago.
Lenengo Irudia I
Apaiz Jauna ta On Bernardo
(Ezkuta-zapia igo ondoren Apaiz jauna ta On Bernardo eskuitik sartzen dira).
Apaiz j..- ¿Beraz, zure iritzia da...?
On Bernardo.- Ramuntxo’ri bere bereala deitu bear zaiola, bere amaren azken asnasa jaso nai badu. Sendakintzak aldi onetan, apaizari bere txanda utzi besterik ezin egin lezake.
Apaiz j..- Onezkero pelota sayoa amaituko zuten, eta Ramuntxo’k bereala emen izan bear du... ¿Ta zuk ez al dezu ikusten itxaropen izpirik?
On Bernardo.- Egin liteken guzia alperrikako dala, txinixtu zenidake. Atzo esan nizunaz gogoratu zaite: gaitz onetan aldaketarik txikiena agertzen bada, alditxarra nai ta naiezkoa izango degu. Zorigaitzez asmatu egin det.
Ramuntxo zetorrela jakin zuen une beretik, gajo au bere onetatik atera zan, eta geroago ta bizituago, geroago ta sutsuago egon da.
Apaiz j..- Eta gauza arrigarria. Ez da oraindik bi ordu, obetoago zegola berak esaten zidala.
On Bernardo.- Gaitz abetan susper-aldi oyek askotan izan oi dira, bañan geyenetan txarrera jotzen dute. Susper-aldi aben ondoren, apal-aldia, erori-aldia etortzen da, ta bereala eriotza.
Biotza nekatua dauka, giza eroria, batere ez digu laguntzen... ta, ala, mirari batek bakarrik... eta ori ez da neri dagokidana, zuri izatekotan...
(Ixil aldia) Orra bada, beste gaxoai agertu bat egitera nijoakiote, ta gero biurtuko naiz.
(Biak geldi geldirik atzeko ate aldera joaten dira. An gelditu, ta beste ixil aldia).
Gero arte.
Apaiz j..- Zuaz ondo.
(On Bernardo atzetik dijoa. Apaiz jauna aurreratzen da).
¡Jaungoiko altsua! ¡Jaungoiko ona! Emakume gajo orri noiz deitzen diozu zure aldamenera. ¡Eta, i, Ramuntxo, atsekabea, etorrera ederra egin dek errira!
(Eskuiko atetik juaten da. Or uste izan bear da Pantxika’ren gela. Geldi aldi labur bat).
Bigarren Irudia II
Ramuntxo, Arroxko, Florentino, Itxua ta Lasarte bi anayak
(Atarian Ramuntxo’ren aldeko gorak entzuten dira. Ojuak gero ta alderago. Ondoren Ramuntxo ta lagunak atzeko atetik sartzen dira. Ramuntxo, Arroxko, ta Lasarte bi anayak pelotari jazkian. Pelotarako txextuak berekin dakarzkite).
Itxua (Lenengo sarturik).- ¡Aurrera mutil! ¡Ori dek jokatzea, ori!
Arroxko.- ¡Mutillak, ayek sakiak!
Florentino.- ¡Eta ayek errestuak!
Arroxko.- Ez dik uts bat egin.
Lasarte.- Politak giotzikan orri irabazteko.
Ramuntxo.- Ori ez; ni joan nitzanetik asko aurreratu dezute bi anayak.
Lasarte.- Utsa.
Itxua (Ramuntxo’ri).- Aizak, i; ire baimenarekin argia pixtutzera niak, emen ez dek ezer ageri ta.
(Armario gañean dagon argiontzia pixtutzen du).
Arroxko.- ¡A zer poza artuko duen ire amak! Esan bear diok, zer ongi-etorria egin ditekan erritarrak.
Florentino.- Eta zenbat txalo entzun ditukan.
Itxua.- Ama oyeratua izango dek. Bart ire etorri bearrakin ez omen zikan begirik itxi ta.
Ramuntxo.- Orain ere, nere zalantzan egongo dek.
Arroxko.- Zer egin dekan jakin naiko dik.
Florentino.- Eta irabazi duela.
Ramuntxo.- Esatera nijoakiok.
Itxua.- Ua, bai, ua.
(Ramuntxo eskuiko atera dijoa, ta alderatzekoan Pilar’en antsiak entzuten dira. Ramuntxo bat batetan gelditzen da, ta besteai begiratuaz galdetzen die):
Ramuntxo.- ¿Pilar al da negarrez dagoena?
Itxua.- Ala zirudik...
(Besteak zoritxarra ulertuaz ixilik gelditzen dira).
Ramuntxo (Ikaratuta).- ¿Nere amari?... ¡Ama! ¡Amatxo!
(Ate aldera juaten da, bañan ara irixtean Apaiz jauna agertzen zaio, ta gelditu-azitzen du).
Irugarren Irudia III
Lenguak eta Apaiz jauna
Apaiz j. (Atean agertuaz).- Ramuntxo... Nere semea...
Ramuntxo (Zorigaitza nabaituaz).- Apaiz jauna,... esan bezait... ¿Nere ama...?
Apaiz j..- Ire izena esanaz, bere ezpañak betiko itxi dizkik.
(Au entzutean, lagunak txapelak kendu, buruak makurtu, ta ixilik gelditzen dira).
Ramuntxo.- ¡Il da!
Apaiz j..- Bai, ludi onetarako il da. Baña, an, gure egipen zuzenak saritzen diran goi eder artan, betiko biziko da.
Ramuntxo (Negarrez).- ¡Ama!... ¡Amatxo nerea!...
(Itxua ta bere lagunak Ramuntxo’gana alderatzen dira).
Itxua.- Ramuntxo,...
Arroxko.- Nere anai Ramuntxo,...
Ramuntxo.- Utzi nazazute.
(Ama dagon ate aldera egiten du).
Apaiz j..- ¿Nora ua?
Ramuntxo.- Ikusi nai det.
Apaiz j..- Baña...
Ramuntxo.- Ez bedi larritu. Gizona naiz, sendo nago. Eta oraingo samintasun onek beste iñolako samintasunen antzik ez izan arren, nere buruaz nagusituko naiz. Ez dute nere karraxiak bere atseden donearen ixiltasuna eragotziko. Nere ezpañak, lenago ainbeste aldiz esnatzeko bildurraz bere bekokira irixten ziran baño xamurrago musu emango diote... Gizona naiz...
Apaiz j. (Ateko sarrera erakutsiaz).- Ua.
(Ramuntxo juaten da).
Laugarren Irudia IV
Lengoak Ramuntxo ez bestiak. Au, azkenean, berriro sartzen da
(Geldi-aldia, Apaiz jaunak otoi ixil bat egiten du. Besteak, buruak bera, oso ixilik daude).
Apaiz j..- Orra, atsekabea, poztasunetik zeñen alde dagon. Aistiyan, Ramuntxo’ren etorrerakin, etxe au zorionez bete da. Eguzkiaren errañu guzia poztutzen duen bat bezela izan da... Ta, orain,... ikusten dezute, ama gajoari bizia ekarri zion errañu berak, eriotza ekarri dio.
Itxua.- ¡Pantxika gajoa!
Florentino.- ¡Eta Ramuntxo gizarajoa!
Lasarte.- Ez dik orain, erri ontan gelditu naiko.
Itxua.- Ez noski. Laster dek Amerikan. Nola Euskalerrian ez zayon gelditzen maitasunik...
Arroxko.- Ori... ikusiko diagu.
Ramuntxo (Begiak negarretan daukazkiela irteten da. Abotsa oso illuntsua).- Arroxko: oraintxe erri onetan etzaidak ezer ere gelditzen. Aistiyan, nere ama... nere ama aulki onetan exerita, eta ni bere oñetan, gure asmuak esan ziozkat, eta barkapena agindu ziak. Nere amaren gorputz maitagarria lurrak estaltzen duen bezin laster, ire bear nak. Moja etxe bat ez da illobia, moja-jazki bat ere ez il-kutxa.
Apaiz j..- ¿Nola? ¿Ausartuko itzake...?
Ramuntxo.- ¿Aren billa juaten? Batere kezkik gabe. Nere bizia poztutzen zuen guzitik ura bakarrik gelditzen da. Ta nere begiak bereetan josten ditudanean, nik jakingo det aren gogoan bizi dan oraindik Ramuntxo’ganako oroipen eta maitasuna.
EZKUTA-ZAPIA JEXTEN DA
BIGARREN EGINTZAREN AMAIA
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |